INFO

Turistifikazioaren aurkako mobilizazioarekin bat egin dute Donostiako eragile desberdinek

Bizilagunekin plataformak antolatutako ‘Turistifikazioaren aurkako urria’-ren baitan, manifestazioa egingo dute igandean, hilak 22. Alderdi Ederretik aterako da, eguerdiko 12.00etan.

Donostiaren turistifikazioaren aurkako protesta bat, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako elkarte, eragile sozial eta sindikal desberdinek atxikimendua adierazi diote Bizilagunekin plataformak igande honetarako deitu duen turistifikazioaren aurkako manifestazioari. Protesta eguerdiko 12.00etan abiatuko da Alderdi Ederretik.

‘Turistifikazioaren aurkako urria’ ekimenaren baitan antolatutako mobilizazioaren helburua da, prentsa ohar batean azaldu dutenez, «Donostiaren turistifikazioari stop esan eta desazkunde turistikoaren beharra aldarrikatzea».

Zentzu horretan, hiriko ia 30 elkarte eta eragilek babesa adierazi diote manifestazioari eta bertan parte hartzeko deia egin dute. Bizilagunekin plataformak babesa agertu duten talde horien artean dagoen «aniztasuna» nabarmendu du: auzo elkarteak, gazte taldeak, feministak, sindikatuak, ekologistak, elkartasunekoak, ondare arkitektonikoaren babesekoak...

Plataformaren esanetan, hiritarren «bizi baldintzak kaltetzen ditu epe motzeko ikuspegian eta negozio pribatuen logikan sustatzen ari diren Donostiaren turistifikazioak». Hori dela eta, aldarrikatu dute «desazkunde turistikoaren norabidea» hartzeko garaia dela: «Donostiarrak erdigunean jartzeko hiri-eredua aldatzeko beharra larria da. Bizilagunekin batera gaia lantzeko, eztabaidatzeko, gure bizitzak eta gure hiria gure eskuetan hartzeko unea da».

Hauexek dira, zehazki, mobilizazioari babesa adierazi dioten eragileak: Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA), Ancora San Sebastián, CCOO sindikatua, Donostiako Bilgune Feminista, Donostiako Herritarren Harrera Sarea, Egia Bizirik auzo elkartea, Egian Bizi, Eguzki talde ekologista, Ehun mugimendua, ELA sindikatua, Ernai gazte antolakundea, ESK sindikatua, Gaur Geroa Duintasuna Pentsionistak, Haritzalde naturzaleen elkartea, Heriz plataforma, Intziri neska* gazte taldea, Kaleko Afari Solidarioak, Kaleratzeak Stop Donostialdea, LAB sindikatua, Mugarik gabe, Ondare SS, Parkea Bizirik, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Piztu Donostia, Satorralaia metroaren aurkako mugimendua, SOS Manteo, Steilas sindikatua, Uliako Auzo Elkartea