INFO

25 urte eta erdiko espetxealdia gainditu ostean aske da Mikel Azurmendi beasaindarra

Mikel Azurmendi Peñagarikano beasaindarra aske gelditu da ostiral honetan, mende laurdena iraun duen espetxealdia agortuta. Andaluziako eta Valentziako kartzeletan izan dute preso denbora gehiena. Bestetik, Mikel Barrios iruindarra aske geratu da bere zigor osoa bete ostean.

Mikel Azurmendi Martutenetik atera berritan, alabarekin. (ETXERAT)

25 urtez preso izan ostean askatasuna berreskuratu du Mikel Azurmendi Peñagarikano beasaindarrak, Etxeratek jakinarazi duenez. Mende laurden honetan, besteak beste Almeriako espetxean, Granadako Alboloten eta Valentziako Picassenten izan dute kartzelaratuta, iaz azkenik Euskal Herriratua izan zen arte.

2019. urtetik zigorraren hiru laurdenak gaindituak zituen baina ez zioten kalea zapaltzen utzi. Bigarren gradua 2020ko azarora arte ez zitzaion onartu. Honekin etxera hurbiltzeko bidea hasi zen bideratzen; lehenik Picassentetik Zaragozako Zuerara, gero Zueratik Kantabriako Duesora, eta azkenik Duesotik Zaballarra lekualdatuz. Hirugarren gradua ere onartu zion Lakuako Gobernuak baina, beste kasu askotan bezala, Fiskaltzak helegitea berehalakoan aurkeztu eta progresioa ezertan utzi zuen.

1998. urtean Sevillan atxilotu zuten Mikel Azurmendi, Maite Pedrosa bikotekidea eta Txetxu Barriosekin batera. ETAko «Andaluzia komandoko» kide izateagatik zigortu zituen Auzitegi Nazionalak.

Azurmendi eta Pedrosaren alaba, oraindik adin txikikoa, «haur motxiladunetako» bat da, bi gurasoak espetxean egonda beste senide batzuen etxean hazi baita, Sarek martxoan gogoratu zuenez. Hilabete horretan biek espetxean 25 urte betetzen zituztela salatzeko zenbait ekitaldi burutu zen Beasainen.

Osasun arazoak ere pairatu ditu Azurmendik kartzelaldi luzean zehar. Pneumotoraxa diagnostikatu zioten duela hamarkada bat eta bi ebakuntza jasan behar izan zituen, 2013an eta 2015ean.

Ostiral honetan atera da Martutenetik, espetxe zigorra osorik beteta.

Mikel Barrios aske geratu da

Bestetik, Mikel Barrios iruindarra aske geratu da bere zigor osoa bete ostean. Etxeratek adierazi duenez, joan den otsailetik baldintzapeko askatasunean zegoen.

Alemanian atxilotu zuten 2017ean eta Estatu frantsesera bidali zuten, euroagindu baten bidez. 2018ko urrira arte Osnyn preso izan zuten eta gero epaiketaren zain aske utzi zuten, epaitegien kontrolpean.

Bost urteko zigorra ezarri ostean, helegitea aurkeztu arren espetxera itzuli zuten Mikel Barrios 2020. urteko ekainean, baina ez zen Mont de Marsanera bakar-bakarrik heldu: euskal gizartearen ordezkaritza zabal batek lagundu zuen, espetxeratzeak islatzen zuen blokeo egoera salatzeko asmoz. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakariak ere babesa helarazi zion mezu baten bitartez, bertaratzeko aukerarik izan ez zuen arren.

Urte horretako urrian askatu zuten berriz, helegitearen erabakiaren zain baitzegoen, baina 2021eko urtarrilean kondena berretsi zuen Apelazio Auzitegiak eta geroztik zigorra betetzen egon zen, etxean eskumuturreko elektronikoa eramanez. Joan den otsailean bete beharreko neurriak amaitutzat eman zituzten.

Dena den, apirilean epaitu zuten berriro Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzarekin akordioa lortu zuten Barrios eta Iñigo Gulinak. «Dokumentuen faltsifikazio» delitu bat eta 21 hilabeteko espetxealdia onartu zuten, baina zigorra hiru urtez etenda egongo dela jasotzen zuen akordioak.