INFO

EAJ salbuespenezko espetxe-legeriaren aurka agertu da, baina ez da Sareren mobilizaziora joango

EAJk espetxe-politikaren salbuespen-egoera indargabetzeko lan egiteko konpromisoa hartu eta Sarek larunbat honetan aurkeztutako ‘Giltzak’ manifestuarekin bat egin du. Hala ere, adierazi du ez dela alderdiaren ordezkaritza ofizialik izango urtarrileko manifestazioan.

EAJren ordezkaritza bat izan da Sareren ekitaldian. (EAJ)

Larunbat honetan argitaratutako ohar baten bitartez, EAJk berretsi egin du «presoen eskubideak urteetan urratu dituen eta gaur egun ere hala egiten jarraitzen duen salbuespenezko espetxe-legedia indargabetzeko» eskakizuna. Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, jarrera hori «gure herrian erabateko bizikidetza sustatzeko eta sendotzeko alderdiak duen konpromiso irmoaren» barruan kokatzen da, eta zeregin horrek oraindik «gainditu gabeko irakasgaiak eta erronkak» dituela onartu dute.

Izan ere, Olatz Peon Ormazabal legebiltzarkidea eta Jon Andoni Atutxa legebiltzarkidea Gernikan izan dira EAJren ordezkari gisa larunbat honetan, Sarek antolatutako ekitaldian. Bertan, EAJk izenpetu duen ‘Giltzak’ manifestua aurkeztu dute. Peonek eta Atutxak berretsi egin dute jeltzaleek konponbideak bilatzeko duten konpromisoa, eta azpimarratu dute «garrantzitsua dela elkarrekin lan egiten jarraitzea, egiteke dauden erronkei aurre egiteko eta eskubideak errespetatuko dituen eta bizikidetza sustatuko duen euskal gizarterantz aurrera egiteko».

EAJ-PNVk «errespetu osoa» agertu die presoen eskubideen aldeko mobilizazio guztiei. Hala ere, alderdi jeltzaleak ez du ordezkaritza ofizialik bidaliko Sarek urtarrilerako deitu duen manifestaziora, hots, gaur izan den aurkezpenean deitu denera.