INFO

Errukirik gabe: astoak eta Gazako beste «animaliak»

Asto bat, Gazako hondamendiaren erdian. (Mahmud Hams | AFP)

Gazan giza jendea bizi da. Pellokeria dirudi, baina ez da. Hainbat tokitan, gazatarrak pertsonak direla esatea zaila da. Israelgo Defentsa ministroak Gazako setio orokorra agindu zuen: «ez argindarrik, ez janik, ez urik, ez erregairik; animalien kontra borrokatzen gara eta horren arabera jokatuko dugu». Presidenteak apustua bikoiztu eta Gazan errugaberik ez dagoela esan du. Knesset parlamentuan, «48ko Nakba eklipsatuko duen Nakba berria» hitzeman dute. Infernua omen da «animalion» patua. Hittlerrek juduak ganadua zirela zioen, ganadua garraiatzeko bagoietan sartzen zituen esterminio eta kontzentrazio-esparruetarako bidean. Baina ganaduari, sikiera, jana eta edana baimentzen zaio!

Horrore honen guztiaren erdian, ezin dut burutik kendu Hamaseko erasoak baino egun bat lehenago "The New York Times" egunkarian irakurri nuena. «Israelgo blokeoak astoak ezinbesteko bihurtu ditu Gazan. Orain, debekatu egin nahi ditu». Burugogor eta ergel ospea duten animaliok ez dira batere tontoak, zirku gutxitan ikusten dira astoak! Gazan, 15 urteko blokeoaren ondoren, zaborra, obren eta bonben hondakinak, nekazaritza-produktuak eta abarrak gurdiz garraiatzen dituzte, bi dolar gasolina litroko luxua den munduko gune pobreenetarikoan bedeinkapen bat dira. Bada, animalien eskubideen aldeko elkarte baten helegitea medio, pisu gehiegi eramaten zutelakoan, Gazarako astoen esportazioari debekua ezarri zion Israelek.

Mezua argia da: giza jendearenak astoen eskubideak baino gutxiago axola zaizkie. «Animalien» kontra borrokatzen direla diote, baina astoekin samurragoak dira, bihozberagoak. Gazaren kontrako gerra totala agintzean, noren kontrako gerraz ari dira?

Gazan ez dago hegazkin-baserik ez tanke batailoirik, ez aire defentsarako sistemarik, ez itsas porturik, ez petrolio-findegirik, ez trenbiderik, ez sateliterik, ez erasorako helikopterorik, ez urpeko ontzirik ezta arma nuklearrik ere... Astoak eta jendea daude bakarrik, gehienak emakumeak eta umeak. Horregatik, populazio oso bat deshumanizatu behar da, beren bizitzak axola ez duten «animali» bihurtu. Johannes Steizinger idazleak dio arrazaren teoriko naziek judu, eslaviar, ijitoen... inguruan erabilitako kategoria zela «giza-animalia», soilik jende talde batzuk betetzen zituztelako gizaki izatearen irizpide metafisikoak, besteak ikuspuntu naturalistatik ziren bakarrik; alegia, azpi-gizakiak ziren, ez gizaki-gizakiak.

Atzo iluntzetik gaur iluntzeraino da Shabbat; bere lasaitasunera bakearen aingeruei ongi etorria emateko juduek "Shalom Aleichem" kantatzen duten bitartean, bonbek Gazako auzune osoak ezabatu eta familia osoak akabatuko dituzte. Judu asko ari da sufritzen palestinarren sufrimenduarekin, Israelen egoera eta bilakaerarekin. Egungo Israel ez delako euskal kooperatibismoa inspiratu zuen kibbutz aurrerakoien ametsa, ia-ia aramera edo sumerrera bezala «lingua mortem» bat izateko zorian izan zen hebreera biziberritu eta gure gau eskolak inspiratu zituen hauspoarena, hainbeste gauza eder erakutsi zuen herrialdea. Apartheid estatu egiaztagarria da. Agian, astoa pertsona baino babestuago dagoen Gazako normaltasunezko mendeak baino, hobe da matxinada egun bat. •