INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Gazako sarraskia gelditu eta konponbidearen aldeko deiadarra, Euskal Herritik nazioartera

Mobilizazio jendetsua egin da Donostian Gazako sarraskia gelditu eta konponbidea eskatzeko. ‘Palestina aurrera’ eta ‘Hau ez da gerra bat, genozidio bat da’ oihuak nabarmendu dira mobilizazioan zehar, eta milaka eta milaka euskal herritarrek beren elkartasuna bidali dute Palestinara.


Gernikako odolustea jasan zuen herritik mezu ozena bidali da gaurkoan nazioartera: Gazako sarraskia gelditu eta Palestinako gatazkari konponbidea eman, autodeterminazio eskubidean oinarritua.

Milaka lagun bildu ditu Donostian Gernika-Palestinak egun gutxitan aurrera eramandako premiazko ekimenak. Europa osoan bi aste hauetan egindako mobilizazio handienetakoa izan da. Mobilizazioko pankarta burua amaierara, Alderdi Ederrera, iritsi denean mobilizazioko azken lerroak Perla inguruann zeuden. Hau da, Antiguako tuneletik abiatutako protesta jendetsuak Boulebarra, Askatasuna etorbidea, Zubieta kalea, eta kontxako zati handiena bete ditu, ia ibilbide osoa jendez lepo. 

Kezkaz eta amorruz ekin diote bideari milaka lagun hauek, Antiguako tuneletik abiaturik. Sindikatu nagusi guztiak erakarri ditu deialdiak (ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CGT...), bai eta alderdi ugari ere (EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu, Ezker Anitza, Contigo-Zurekin, EH Bai, Sortu eta Alternatiba). Mobilizazio hasieran egindako adierazpenetan, Agus Hernan eta Zuriñe Rodriguez deialdiko bozeramaileek adierazi dute atxikimendu eta parte hartze «anitza eta transbertsala» izan duela deialdiak, eta hori garrantzitsua dela gaineratu dute: «Euskal Herriko gehiengo soziala, sindikala eta politikoa bildu gara adostasunean, hori da gure balorea».

‘Palestina aurrera’ eta ‘Ez da gerra bat, genozidio bat da’ oihuak nabarmendu dira, baina aldarriz beteriko mobilizazioa izan da. Manifestari askok Palestinako zapia zeramaten, beste zenbaitek haurrek marrazturiko palestinar banderak, edota ikurrinekin batera aireratutakoak.

Aldarri askok eta anitzek izan dute bere tokia mobilizazioan zehar, ‘Gaza SOS’ zioen pankarta handia bota dute tunelean bertan, hasieran eta genozidioarekin bukatzeko eskatzen zuten pankartekin batera, ‘Israel boikot’ ziotenak ere bazeuden. ‘Estatu sionista, estatu terrorista’ oihuak ere sumatzen ziren ‘Israel hiltzaile, Europa laguntzaile’ garrasiekin batera.

 

Israelek eragindako sarraskia ahalik eta lasterren geldiarazteko beharraz ohartarazi du mobilizazioak, baina sakoneko arazoari heltzea ezinbestekoa dela ahaztu gabe. Eta konponbidea Palestinaren autodeterminazio eskubidea onartzetik pasatzen dela argi utziz.

Konponbide justu eta demokratikoa

Mobilizazioaren amaieran hiru eskakizun zehatz egin dituzte. Batetik, Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin berehala amaitzea, «gatazka honi konponbide justu eta demokratikoa emanez». Bigarrenik, konponbide hori Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarrituta egin behar dela azaldu dute. Eta hirugarrenik, okupazioari amaiera eman, eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzeko eskatu dute.

Adierazi dute 75 urtez luzatu dela gatazka eta bakea lortzeko «modu bakarra» Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela. «Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konponbiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da, eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira», gaineratu dute.

Aste honetan Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak eta apartaheidaren biktimak Palestinako auziaz hitz egin du, eta bere hitzak ere gogora ekarri nahi izan dituzte urteetako gatazka modu baketsuan konpontzeko «aukera asegabeen emaitza tragikoa» dela azalduz: «Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketarako baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea. Munduko liderrek bakerako deia egin behar dute eta ez mendekurako deia».

Gernikaren errautsetatik elkartasuna

Hernan eta Rodriguzek adierazi dute «hunkituta» zeudela bildutako jendetzarekin: «Euskal Herriak ulertu du azken egunetan helarazitako mezua, ulertu du eta bat egin du mobilizazio bateratu honetan, premiazko egoera batean». Eta jasotako atxikimenduak eta elkartasuna txalotu dituzte.

Euskal Herriak badakiela Gazan sufritzen ari diren mina zer den azpimarratu dute, «Gernikaren errautsetatik loratutako herria» baita beren ustez Euskal Herria. Eta ekitaldian, Maddi Ane Txoperenak eta Beñat Gaztelumendik ere egin baliatu dute keinu hori. Txoperenak kantatu du lehendabizi: «... hala izena dute /Gazaren kronika:/ Gorriek bonbardatu/ dutela Gernika». Eta Gaztelumendik erantzun: «Zapalduek elkarri nola ez lagundu/ Palestina bakarrik/ uzten duen mundu/ baten Euskal Herriak/ze etorkizun du?».

Eta amaitzeko, Eñaut Elorrieta manifestuko sinatzaile eta musikariarekin batera, ‘Gernika’ abestia kantatu dute  mobilizaziora bertaratutako milaka euskal herritarrek.