INFO

Iñaki Artolak Elordiri pasa dizkio bere galtzeko beldurrak eta bizirik jarraitzen du (18-22)

Egungo Buruz Buruko txapelduna 18-13 aurreratu bada ere, partida amaitzerako orduan blokeatu da eta alegiarrak, aurrera pauso bat emanda, lehia irauli du (18-22).

Iñaki Artolak zama handia kendu du gainetik garaipenarekin. (Endika PORTILLO/FOKU)

Aldartea sasoi fisikoa baino garrantzitsuagoa izan daitekeela berretsi da gaur Tafallan eta bere galtzeko, edo irabazteko, beldurrak hobeto kudeatuta, Iñaki Artolak oso kontra zuen partida irauli eta Lau eta Erdiko txapelketan bizirik jarraitzen du, Astelenan Altunak eta Peñak egiten dutenaren zain. Ziurrenik, jokoz, Amezketan jokatutako partidak askoz gehiago aseko zuen alegiarra, baina partida polita osatuta, azken unean egin zion ihes garaipena. Gaur Tafallan, ordea, lan askoz grisagoa osatuta, azken txanpan berea zirudien garaipena ebatsi dio Aitor Elordiri.

Beste munduko ezer egin gabe, tantoak amaitzerako orduan Artolak erakutsi ez duen sen bat erakutsita, egungo buruz buruko txapeldunak partida esku-eskura zuela zirudien bigarren atsedenaldi luzera bost tantotako aldearekin joan denean. Partida traketsa jokatuta heldu dira biak une kritiko horretara, baina Eretako barrunbeetan inork gutxik espero zuten aldaketa eman da.

Metamorfosia Eretan

Alde batetik, partida galduta ikusita, Iñaki Artolak halako partidetan horrenbeste estutu duen barne korapiloa askatzeko gai izan da, aurrera pauso bat eman eta airearen bila joan da, bide batez bere barne beldur horiek aurkariaren bizkarrean paratuz. Ordura arte piloteoan nagusi izan gabe, Aitor Elordik nahikoa izan du motzeko jokoan aurkariak izan ez duen eraginkortasun bat izatea partidari eutsi eta alde polit bat pilatzeko, baina azken txanpan berari uzkurtu zaio besoa, batez ere ezkerra. Duela urtebete inguru hasitako bolada izugarri hari dena aldapa gora egiten zion beste denboraldi batek hartu dio erreleboa udaberria amaitzearekin bat eta azken txanpa horretan erabat blokeatu da.

Iñaki Artolak ere bere sakeak konfiantza askorik gabe egin baditu ere, ezkerrez ez du batere asmatu errestoan eta nahi baino aukera gehiago eskaini dizkio Baikokoari airearen bila joateko. Azkenerako bost tanto egin dizkio gipuzkoarrak eta lehen pilotakada horiek ere bi pilotarien partida narrasaren erakusle izan dira.

Esaterako, partida hasiera orekatu eta bitxian. Lehen tanto gogorra egiteko 24 pilotakada gurutzatu behar izan dituzten bitartean, hurrengo bostetan baleko hiru baina ez dituzte jo; hiru sakez egin baitituzte eta pilotari bakoitzak falta bat ere egin baitu, Elordik luzeegi eta Artolak motzegi jota.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi: 18

Artola: 22

Pilotakadak: 290. Iraupena: 57,22 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 5-2, 5-5, 6-5, 6-6, 7-6, 7-7, 8-8, 12-8, 12-10, 16-10, 16-13, 18-13, 18-22. Sakeak: 3 (2 falta) Elordik eta 5 (2 falta) Artolak. Egindakoak: 7 Elordik eta 14 Artolak.  Galdutakoak: 1 Elordik eta 6 Artolak. Gorabeherak: Sarrera polita Tafallako Ereta pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi aritu da bere iloba Elordiren botilero lanetan eta Iker Iriarte Artolarekin.