INFO

Erosoa behar zuen finalerdietarako txartela erabat mikaztu zaio Jokin Altunari (22-11)

Partida amaieran ezker sorbaldan hartutako kolpe batek areagotu egin dizkio lehendik ere minduta zuen zonaldeko ondoezak eta ziurrenik ez du hurrengo asteko partida jokatuko. Jokaldi horretan aldageletara baimena jaso gabe sartzeagatik tanto bat kendu diote epaileek.

Jokin Altuna nagusi izan da kantxan eta merezita irabazi dio Peñari. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Erosoa behar lukeen partida erabat mikaztu zaio Jokin Altunari Eibarko Astelenan, finalerdietarako txartela oso bideratua zuela ezker paretaren kontra hartutako kolpeak areagotu egin dizkiolako lehendik ere minduta zuen zonaldeko arazoak. Partida amaieran pilotariak ez du bere kezka ezkutatu eta Gasteizko ferian min hartu zuenetik minez aritu dela onartzeaz gain, hurrengo asteko partida jokatuko ez duela iradoki du. Gaurko partida hasieran ere, Peñak lautik atzera jotzera ezkerrez jotzera behartu duenean nabaritu zaio beso hori ez dela bere onenetan, baina taktikoki beti bezain zorrotz, pilota lurrera jaitsi eta Peñari aireko jokoa erabat deskonektatuz, ez du arazorik izan garaipena eskuratzeko, nahiz eta horretarako 23 tanto egin behar izan dituen.

Partidak hasiera ikaragarri azkar eta eroa izan du eta nahasmendu horretan erosoago aritu da Jon Ander Peña, hein handi batean kosta egin zaiolako Jokin Altunari lehian sartzea. Egin eta desegin, amezketarra izan da ia dena egin duena eta saldoa positiboan jarri duen arte kosta egin zaio partidaren kontrola eskuratzea. Ideiak argi zituela zirudien eta ez zion tolosarrari airez sartzeko aukerarik eman nahi, baina beregan ohikoak ez diren akatsak batu ditu, sake falta batekin, sake-erremate errazak kanpora botaz edota airez sartzeko zalantzak erakutsiz.

Ideiak argi

Baina unerik zailenean sekulako errekurtsoak ere erakutsi ditu, errestoz egindako bi tanto tanto latzak lekuko eta sakeei airez egindako beste pare bat erantzunekin partida seina berdintzea lortu du lehen aldiz, gorputzera itsatsita eta eroritako pilota bat maisuki zabaleratuz. Eta tanto horretatik aurrera partida erabat aldatu da, Aspeko aurrelaria  asko lasaitu eta zuzen aritu baita bere lanean. Peñari ez dio airez jokatzeko eta hortaz, erasora pasatzeko, inolako aukerarik eman eta tolosarrak bereziki behar su erasoan aritu frontoian eroso sentitzeko.

Markagailuan erosoa behar zuen partida amaiera, ordea, erabat mikaztu zaio amezketarrari, 21-10eko tantoan paretaren kontra lehendik ere minduta zuen sorbaldan kolpe bat hartuta. Protokoloa zehatz bete gabe, medikuak epaileari aldageletara joateko baimenik eskatu gabe, babestu da amezketarra Astelenako barrunbeetan eta epaileek tanto bat ere kendu diote Aspeko izarrari, baina partida horren erabakita izanda, arazorik gabe osatu ditu irabazteko behar izan dituen 23 tantoak. Sorbaldak askoz gehiago kezkatzen du amezketarra.

FITXA TEKNIKOA

Altuna III.a: 22

Peña II.a: 11

Pilotakadak: 177. Iraupena: 46,44 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 4-6, 16-6, 16-9, 21-9, 21-10, 20-10*, 20-11, 22-11. Sakeak: 5 (falta 1)  Altuna III.ak eta 1 Peña II.ak. Egindakoak: 14 Altuna III.ak eta 5 Peña II.ak. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak eta 4 Peña II.ak. Gorabeherak: Sarrera erdia baino gehiago Eibarko Astelenan. Gorka Altuna aritu da Jokin lehengusuarekin botilero lanetan eta Eneko Labaka Jon Ander Peñarekin.