Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohia hil da lan istripuan, deskarga elektriko bat jasota
Langile bat hil da astelehen goiz honetan Abadiñoko Traña-Matiena auzoan dagoen Rheinmetall Automotive enpresan, deskarga elektriko bat jaso ondoren. Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohi aski ezaguna da.
Langile bat hil da astelehen goiz honetan Abadiñoko Traña-Matiena auzoan dagoen enpresa batean, deskarga elektriko bat jasota. Urtzi Abanzabalegi eibartarra da, oso ezaguna, batez ere errugbiaren munduan, talde askotan jokalari izan baita.
Gaur goizean Urtzi Abanzabalegi ordiziako jokalari ohiak utzi gaitu.
— AMPO ORDIZIA (@ORDIZIARUGBY) October 23, 2023
Urte askotan eta klubaren garaipen handienetan gure aurrelarien buru izan zinen.
Zauden lekuan zaudela, besarkada bat lagun.
♾️1️⃣ pic.twitter.com/RGIvm8HdM1
Lan istripua goizeko 9.50ean jazo da Rheinmetall Automotive enpresan –Pierburg SA zena–, baina behargina Electricidad Anbotoko enpresakoa zen, ELAk eta LABek azaldu dutenez.
Abanzabalegik deskarga elektriko bat jaso du eta, suhiltzaileak eta Osakidetzaren helikoptero bat bertaratu diren arren, ezin izan dute ezer egin eta behargina hil egin da, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez.
Honekin, dagoeneko 46 dira aurten Euskal Herrian lan ezbeharrean hil diren langileak, LABek emandako datuen arabera. Sindikatuak elkartasuna eta samina adierazi die Abanzabalegiren senide, lagun eta lankideei.
Horrekin batera, enpresetan «orokorrean» neurri prebentiboak ez direla betetzen salatu eta Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu die «behingoz patronalari araudia betearazi» diezaiola.
Errugbi jokalari ohia hainbat taldetan
Urtzi Abanzabalegi eibartarra zen, 46 urte zituen eta oso ezaguna zen errugbiaren munduan. Hainbat euskal taldetan jokatu zuen, hala nola Eibar –zuzendaritzako kide ere izan zen–, Ordizia, Getxo eta Hendaian.
Eibar Rugby taldeak «besarkada indartsu eta maiteena» bidali die Abanzabalegiren senitartekoei, hurbilekoei eta lagunei, eta klubaren jarduera guztiak bertan behera utzi ditu. «Egun tristea da gure klubarentzat, zein Euskal Herri osoko errugbi familia osoarentzat», nabarmendu du Facebooken argitaratutako adierazpenean.