INFO

Zispa Txispa gailendu da Taldekako Xilabako Aldudeko saioan

Zispa Txispa eta Ez dok 5 taldeak lehiatu dira asteburuan Alduden, Taldekako Xilaba txapelketako saioan. Lehena gailendu da saioan eta finalerdietarako txartela lortu du: Hazparke-ren aurka lehiatuko da urriaren 28an.

Alfaroko ostatuan jokatu zen Aldudeko saioa. (BERTSULARIEN LAGUNAK)

Taldekako Xilabak Aldudera egin du bisita asteburu honetan. Alfaro ostatuan jokatu zen saioa iragan den ostiralean eta, Bertsularien Lagunak elkartetik jakinarazi dutenez, ostatua bete jende bildu zen ligaxkako azken saioa jarraitzeko. Izan ere, Aldudekoaren ostean zehaztuta geratu da zein izango diren finalerdietara pasako diren lau taldeak.

Aldudeko saioan, Zispa Txispa eta Ez dok 5 taldeek hartu zuten parte. Lehena Maddalen Arzallus, Aitor Servier, Oihan Perez eta Aiantze Lannes-ek osatzen dute eta bigarren taldea, aldiz, Maddi Sarasua, Battitt Crouspeyre, Oier Urreizti, Xermin Camblong eta Joana Itzaina bertsolariek. Eurekin batera, Joanes Etxebarria aritu zen gai jartzaile lanean. Epaimahaiak hala ebatzita, Zispa Txispa izan zen saioan gailendu eta, beraz, finalerdietarako txartela lortu duen azken taldea.

Hortaz, lau talde izango dira finalerdietako saioak jokatuko dituztenak: Hazparke, Muttikoak, Lizaieta eta azken txartela lortu duen Zispa Txispa.

Finalerdietako lehen saioa larunbat honetan, urriak 28, jokatuko da Muskildin eta Hazparke eta Zispa Txispa izango dire bertan lehiatuko diren taldeak. Saioa 19.30ean abiatuko da, Posonpesenean. Asteburu bat beranduago jokatuko da azken finalerdietako saioa, azaroaren 4ean, Azkaingo Kiroletan, 19.00ean, eta bertan norgehiagokan arituko diren taldeak Muttikoak eta Lizaieta izango dira. Bi saioetan Azkaingo Ikastolak prestatutako taloak dastatzeko aukera izango dela jakinarazi dute Bertsularien Lagunak elkarteak.