INFO

Emazte laborariak, azaroaren 10etik 12ra iraganen den aurtengo Lurrama azokaren ikur

Lurramaren behin betiko egitaraua aurkeztu dute, astearte arratsalde honetan, Biarritzeko Herriko Etxean. Emazte laborarien bizitzak eta xedeak izanen dira aurten azaroaren 10etik 12ra Irati gelan iraganen den laborantza merkatuaren erdigunean.

Lurrama azokaren aurkezpena, urriaren 24an, Biarritzeko Herriko Etxean. (Patxi BELTZAIZ)

«Emazte laborariei lekua!». Hori izanen da heldu den azaroaren 10etik 12ra iraganen den laborantza herrikoiaren Lurrama merkatuaren leloa. 

Biarritzeko Irati aretoan antolaturiko laborantza saloiak eztabaidaren erdian ezarri nahi ditu emazte laborarien bizitza eta xedeak.

Hiru egunetan azoka, hitzaldiak, eztabaidak, bazkariak, kontzertuak, produktuen dastaketak, lan jardueren erakustaldiak, proiekzioak... menua zinez aberatsa izanen da Lurrama azoka kari.

Joan zen uztailean Itsasun egin zuten aurkezpenaren gehigarriz, urriaren 24 honetan, prentsaurrekoa antolatu dute Lurramako antolatzaileek ekimenaren babesle den Biarritzeko Herriko Etxearen baitan.

Bertan aurkeztu dute 2023ko Lurrama azokaren programa osoa.

Emazte laborarien estatusa

Beste lan eremuetan bezala, aitzinamenduak ez dira errazki gertatu emazte laborarientzat. 1980. urtera arte itxaron behar izan zuten frantziar Estatu mailan lan estatus bat izateko. Urte horretan «lanetan parte hartzen duen ezkontidearen» estatusa aitortu zitzaien.

Emazte laborariek ez zuten berdintasunean oinarrituriko lan estatusa eskuratu 2010. urtera arte.

Orduan sortu zen senar-emaztek osaturiko «ustiapen amankomuneko laborantza elkartea» (GAEC). Etxaldeen dibertsifikazioaren eskutik, alde batetik, eta GAEC estatutuaren hedapenetik, bestetik, «emazteak gero eta gehiago instalatzen hasi direla azken urtetan», nabarmendu dute Lurrama azokaren antolatzaileek.

Hala, Ipar Euskal Herrian, 2010ean laborantza esplotazioen %25 baino ez bazuten emazteek kudeatzen, 2022an %38 dira.

Borroka sindikalaren ikuspegitik ere, aitzinamenduak gertatu dira.

2012an, laborantza ganberetako ordezkariak hautatzeko hauteskunde zerrendetako kideren %30 emakume izatea behartzen duen araua indarrean sartu zen.

Genero-estereotipoak ugariak dira

Confédération Paysanne sindikatuan emazteen batzordea sortu zen eskubideen berdintasuna, emazte eta gizonarentzat estatutu bakarra, emazteek laborantzan duten aitorpena eta ordezkaritza, baina baita ere diskriminazioa, eraso sexistak eta emazteen aurkako indarkeriaren gainean gogoeta bultzatzeko eta neurriak plantan emateko.

Talde horretan jasotako testigantzek erakusten dutenez, genero-estereotipoak ugariak dira laborantzaren munduan, eta, historikoki, indar fisikoan oinarritzen dira.

«Denen irudimenean, gizon laboraria traktore baten gidaria da maiz. Haatik lanak gizon eta emazteen artean banatzeko era asko daude eta etxaldeen kudeaketan emazte laborariak funtsezko zeregina dute», azaldu dute aurten emaztearen borrokak lehen lerrora ekarriko dituen Lurrama azokaren sustatzaileek.

Eskualde gonbidatua: Franche-Compte

Ohi bezala, tokiko laborantza aldarrikatzeko balio duen azokan eskualde gonbidatu bat izanen da. Aurten, Franche-Comte da Biarritzen bere laborantza jardueraren berri emanen duen eskualdea.

«Franche-Comte eskualde indartsua da, fruitu-denden sisteman aitzindaria duena eta gazna zaleentzat eremu bikaina dela», laburbildu du Elise Momas Lurramaren antolatzaileak.

Morgan Ody, Via Campesinako Europako koordinatzaile orokorra izanen da aurtengo edizioaren amabitxia. Franche-Compte eskualdean sortua Dominique Voynet, Ekologiaren ministro ohia, bestalde, Biarritzen eginen den azokan izanen da baita ere.