INFO

ETAren Ogro Operazioa eta ‘Txikia’ren biografia berreskuratu ditu Iñaki Egañak liburu banatan

Carrero Blancorekin amaitu zuen Ogro Operazioa eta Eustakio Mendizabal ‘Txikia’ historia aski ezagunak datu eta izen berriekin jantzita berreskuratu ditu Iñaki Egañak liburu banatan, diktaduraren presidentearen nahiz ETAko militantearen heriotzek mende erdia bete dutenean.

Iñaki Egaña idazlea, formatu txikian eman dituen bi liburuekin; «Ogro Operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza» eta «Txikia. Ur handiak ereiten». (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Ogro Operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza’ eta ‘Txikia. Ur handiak ereiten’ saiakerak eman ditu argitara Iñaki Egañak (Donostia, 1958), lan biak gaztelerazko eta euskarazko edizioetan, euskarara Markel Lizasoainek itzulita. Euskal gatazkaren begirada zehatz hauekin abiatu du Txalaparta argitaletxeak memoria historiko hurbilari eskainiko dion bilduma berria.

Gai ezagunak ikuspegi berriarekin jantzita dakarzki oraingoan idazle donostiarrak, efemeride konpartitu baten kariaz gaur egunera ekarrita: abenduan 50 urte beteko dira Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernu frankistako presidentea hil zenetik, ETAren Txikia komandoak haren autoa 35 metro aireratu zuenean. Mende erdia bete da, halaber, Poliziak Eustakio Mendizabal ‘Txikia’ tiroz akabatu zuenetik. 1973 ilun eta biziaz ari gara.

«Garai bateko isla dira biak; egun, paradigmak. Eta, denborarekin, paradigmak mito bihurtu ditugu», adierazi du Egañak astearte goiz honetan Donostian eskaini duen prentsaurrekoan.

Paradigma izan zen ETAren ‘Ogro Operazioa’, Carrero Blancorekin amaitu zuen tiranizidioak «irauli» egin zuelako garai hartako gizartea eta «oposizioan zeuden taldeen indarra berritu» zuelako, zehaztu du idazleak.

‘Txikia’ komandoaren ‘Ogro Operazioak’, berez, aurretik ere bazuen liburua, Eva Forestek zuzendutako talde batek egina. Hortik abiatu da Egaña, ez historia berridazteko, agertu duenez, baizik kokatzeko. Izan ere, Foresten liburua Blancoren kontrako atentatua egin eta hilabete gutxira idatzi zen, Donibane Lohizunen, komandoko hiru kideak ezkutuan zebiltzan eta, «normala denez», esan du egileak, ‘Operación Ogro. Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco’ kontakizunak «despistatzeko» zenbait detaile jasotzen ditu, gezurrak edo egia ez zirenak behintzat, «nahita» Egañaren ustez, atentatuaren arduradunak babesteko.

Orain, 50 urteren ostean, «‘Operación Ogro’ liburuan azaltzen ez diren pasarte batzuk kontatzeko garaia da», esan du egileak. Hala, idazle donostiarraren liburuak egitateak berreraikiko ditu, tiranizidioaren mitoa sakon aztertu, eta «izen berriak» argitara ekarri. «Bada izen bat, orduan garrantzia handia zuena eta gaur arte inon azaldu ez zena», aurreratu du.

«Txikia» inguratzen zuen «magma»

‘Txikia. Ur handiak ereiten’ saiakeran Eustakio Mendizabal itsasondoarraren bizitza errepasatuko du Euskal Memoria fundazioko presidenteak. Eta, ezinbestean, erreparatuko dio garai hartan Euskal Herrian zegoen «magmari», giroari. Egañaren esanetan, 1960ko hamarkadan «bigarren udaberria» piztu zen gurean –Bigarren Errepublika espainiarraren garaian izan zen lehenengoa, zehaztu duenez–: sortu zen ETA erakundea, zabaldu ziren ikastolak, biderkatu ziren euskal musikariak, idazleak... «eztanda izugarria izan zen», aipatu du Egañak.

Hala, ‘Txikia’-ren biografiaren aitzakian, «ereite garaia» bizi zuen belaunaldi baten erradiografia egiten du Iñaki Egañak saiakeran. Mendizabalek, gaineratu duenez, bazuen obsesio bat: teoria praxira eramatea. Eta horrek sartu zuen ETAn militatzera. Horrek eramango zuen Carrero Blancoren kontra egiteko plan bat pentsatzera, lehenengo presidentea bahitzeko, gero akabatzeko.

Plan hori prestatzeko bildu zen zenbait kiderekin, haien artean Jose Manuel Pagoaga ‘Peixoto’-rekin. Poliziek Algortan antzeman zituzten, eta ‘Peixoto’-k ihes egitea lortu zuen, ‘Txikia’-k ez. Tiroz hil zuten 1973ko apirilaren 19an.

Horrek bihurtu zuen mito; «mitoa etxean eta mitoa kanpoan», idazleak agertu moduan.

Iñaki Egaña, saiakeren egilea, eta Ane Eslava, Txalapartako editorea. (Gorka RUBIO/FOKU)
Iñaki Egaña, saiakeren egilea, eta Ane Eslava, Txalapartako editorea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Transmisioa arintzeko

Iñaki Egaña idazleak eta GARA eta NAIZeko kolaboratzaileak aurretik emanak ditu berrogeitik gora liburu, baina badute nobedadetik Txalapartarekin argitaratu dituen azken biak. Atentzioa ematen du formatuak: liburuxka txikiak dira tamainaz, arinak eta dibulgatiboak, irakurtzeko errazak; historiaz diharduten idatzien mardultasunerako ohituraren ihesle.

«Momentu honetan, gizarteak hartu duen abiadurarekin, irakurtzea lehen baino zailagoa egiten da, eta horregatik diseinu berri hau», esplikatu du saiakeren egileak. ‘Txikia’-k nola, Egañak eta Txalapartak ere obsesio partikularra baitaukate, «memoria gaur egunera ekartzea».

Obsesio berdinari segika, Tafallako argitaletxeak bilduma berri bati ekin dio Iñaki Egañak ondutako bi lanekin. Iragan hurbileko gertakari eta pertsonaia ezagunekin, liburu labur eta dinamikoak jaso asmo ditu bilduma honek, «gure herriaren historiako mugarri garrantzitsuak irakurle berriei nahiz eta ezagutzak eguneratu nahi dituztenei gerturatzea helburu», Ane Eslava Txalapartako editoreak azaldu duenez.