INFO

Iñaki Artolak erlatibismoaren teoria besarkatzen jarraitzen du

Alegiarrak berotan baino ondorio hobeak atera ditu Tafallako partidaren inguruan telebistaz ikusita, uste du irakurketak ezin duela tanto baten gora-beheran egon –Agirreren aurka tanto bakarraz irabazi zuen– eta partida guztiei garrantzia eman nahi die, «ez egutegian gorriz markatutakoei bakarrik».

Peñak eta Artolak asko izango dute jokoan igandean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Berak lehen egunetik lasai hartzearen aldeko hautua egin bazuen ere, Lau eta Erdiko gorabeheratsua izaten ari da honakoa Iñaki Artolarentzat. Tanto bakarraren aldearekin, ikaragarri sufrituta pasa zuen helburutzat zuen lehen galbahea Asier Agirreren aurka, ligaxkako lehen partidan oso ondo bideratua zuen partidak ihes egin zion Jokin Altunaren aurka eta jokatutako azkenekoan, bera izan zen egoera makurrari buelta eman eta, Aitor Elordiri irabazita, igandean finalerdietarako txartela lortzeko moduan egotea lortu zuena. Hala ere, filosofia ikasketak dituen pilotaria izanda, alegiarrak erlatibismoaren teoria besarkatzen jarraitzen du Peñaren aurka jokatu beharreko partidaren atarian.

Garaipenarekin pozik, baina jokoarekin «autokritika baten beharrarekin» amaitu zuen Iñaki Artolak Tafallan, baina, denborarekin, bestelako irakurketa bat gailendu zaio. «Normalean elkarrizketak partida bukatu berritan egiten ditugu eta beti pentsatzen dut zeinen desberdinak izango liratekeen esandakoak hurrengo egunean egingo bagenitu. Lehengo larunbatean nire sentsazioa izan zen ez nintzela gustura geratu egindako jokoarekin, baina gero partida telebistan ikusteko aukera izan dut eta ez da hori geratu zaidan sentsazioa. Uste dut partida txukun xamarra jokatu genuela, gauza batzuk gaizki bai, noski, baina beste batzuk ere ondo egin nituela eta ez nago hain deskonforme egindako partidarekin», azaldu du gaurko material aukeraketan.

Kaiolako finalerdietatik pausu bakarrera egotea ez da berria alegiarrarentzat, baina igandean 22ra heltzea lortuko balu, bere sabaia joko luke modalitate honetan. «Suposatuko luke poz galanta, eta sari bat, errekonozimendu bat egiten ari garen lanarena, baina oraintxe buruan partida guztietara topera irteten saiatzen ari naiz, jokoan zer dagoen gehiegi pentsatu gabe. Udan zehar ere hori izan da eraman dudan dinamika, partida guztiei garrantzia ematea eta ez egutegian gorriz markatutako horiei bakarrik. Gainera, errealista izan beharra dago, begira gauzak nola diren eta hemen tanto bakarrarengatik nagoela esan daiteke, Agirre egon zitekeen nire egoeran oraintxe eta irakurketak ezin izango zuen negatiboa izan eta joko faltagatik zela pentsatzea. Hemen entrenamendu eta partida bakoitzean saiatu behar dugu maila ematen eta gero gauzak ondo irteten zaizkizu, edo ez. Ea honetan ematen diren eta bestela, ba hurrengo astean berriz nire maila ematera», gaineratu du.

Peñaren aurkako partidara etorrita, Jokin Altunak erakutsi zuen igandean, tolosarrari aireko jokoa kenduta, bidearen zati handi bat eginda dagoela, baina «Jokinek askori irabazteko bidea erakusten digu baina gero berak egiten duena egitea oso zaila da. Egia da Jon Ander oso pilotari oldarkorra dela, tantoa amaitzen abilidadea duela eta hori saihestu beharko dut, baina hori da lau eta erdikoak orokorrean eskatzen duena, normalean jokoaren ekimena daramanak, arriskatu eta tantoak amaitzen baditu partidak irabazten ditu, bai Peñaren aurka eta bai beste denen aurka».

Peñak hazten jarraitu nahi du

Artola bezala, Jon Ander Peña ere txapelketa honetako bere emaitzarik onena lortzetik pausu bakarrera dago eta horrek «ilusio handia» egiten dio, baina «inoiz ez gara daukagunarekin konformatzen eta ea finalerdietara iristerik dugun».

Iaz lesionatu aurretik Jokin Altuna oso estu hartu zuen Gasteizen, baina aurten amezketarrak erraz antzean irabazi zion igandean Astelenan. «Lehen bi partidak onak izan ziren baina Eibarren, nik uste, taktikoki bera dezente gehiago izan zela, askoz hobeto irakurri zuela partida eta une erabakigarrietan askoz gehiago asmatu zuela. Esango nuke errestoan ez nintzela ondo ibili, ez nuen behar beste behartu. Berak bere lana oso ondo egin zuela esango nuke, hasieran kenduta, eta bere meritua izan zela gehiago nire demeritua baino».

Tolosan jokatzeak ez dio presio berezirik sartzen, are gehiago, oso gustura dago Beotibarren jokatzearekin, «jokatzeko oso pilotaleku ona delako».

Gaur aurkitu duten pilota sortarekin biak geratu dira oso konforme, apenas omen da alderik batak eta besteak aukeratutakoen artean, eta txapelketan pilota biziegiekin ari direnik ere ez du uste Jon Ander Peñak. «Biziekin ohituta gaude, ez zait iruditu biziegiak izan direnik. Agian bai aurrekoan Eibarren sentsazio hori eman zezakeen, baina oso frontoi bizia delako. Nik uste, udan kexatu ginen bezala, Lau eta Erdikoan nik uste pilota onekin ari garela. Txarra denean esaten dugun bezala, ona denean ere esan behar dela uste dut».