INFO

‘Piztu!’ izango da Zangozako Nafarroa Oinezen leloa Etxarri Aranazkoaren arrakastaren ostean

Joan den urriaren 8an Etxarri Aranatzen izan zen Nafarroa Oinezen arrakasta nabarmentzearekin batera, 2024koa hartuko duen Zangozako Ikastolak aukeratutako leloa, ‘Piztu!’, logoa eta erronkak aurkeztu dituzte. Hezkuntzari, auzolanari, baliabideei eta energia berriztagarriei egiten die erreferentzia.

Aurtengoaren balorazio positiboa egin eta datorren urteko Nafarroa Oinez aurkeztu dute. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Hotsein!’ lelopean Etxarri Aranatzen duela bi aste pasatxo ospatu zen Nafarroa Oinez festak izandako «harrera bikaina» azpimarratu du asteazken honetan Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Bide batez, datorren urrian Zangozan ospatuko den jaia aurkeztu dute hango ikastolako ordezkariek.

Urriaren 8an «milaka eta milaka euskaltzale» gerturatu zirela nabarmendu eta boluntarioen lana bereziki eskertu dute. Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendariak gogorarazi duenez, duela urte eta erdi hasi ziren jaia antolatzen eta ordutik 200 pertsonatik gora ibili dira urtean zehar lanean, eta 1.000 inguru egunean bertan.

«Auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela erakutsi digu. Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuagoa gara», laburbildu du Orellak.

Iñigo Orellak eta Izaskun Errazkinek, Andra Mari Ikastolako lehendakariordeak, gainera, babes osoa adierazi diete Zangoza Ikastolako kideei, «aurrean duten erronkaren aurrean».

Carlos Arcelus ikastolako lehendakariordea eta Nagore Oria ikastolako zuzendaria izan dira datorren urteko jaiaren logoa eta leloaren berri eman dutenak. Oriak azaldu duenez, azken urteetan despopulatzeak eta zahartze demografikoak kezkatzen dituzte eta, beraz, Nafarroa Oinezek eskaintzen dien erakusleihoa baliatu nahi dute joera horretan eragiteko.

Nafarroan euskararen normalizazioa lortzearen aldeko esfortzuaz gain, auzolanaren balioa erakusten jarraitu nahi diete seme-alabei eta eskualdeko, Nafarroako eta Euskal Herriko bizilagunei. «Gure hizkuntza eta kultura zaindu nahi ditugu, gure eskualdea hobetuz eta gure lurra defendatuz», aldarrikatu du Carlos Arcelus lehendakariordeak.

Finantzaketari dagokionez, beste bi helburu izango ditu Zangozako Ikastolak. Familiek 2005ean inauguratu zen Haur Hezkuntzako eraikinaren zorrari aurre egin behar diote eta, bestalde, LH eta DBHko eraikina gaur egungo behar energetikoetara moldatu nahi dute. Isolamendu eskasa duen eraikuntza da eta hezetasunak kentzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko lanak behar ditu, baita leiho berriak ere.

Argia ardatz

Ruben Pisano, ikastolako euskara irakaslea, izan da ‘Piztu!’ leloraren asmatzailea, lau helburu nagusiri erreferentzia egiteko: Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, Piztu (suspertu) auzolana, Piztu (sortu) baliabideak, ikastolak finantzazio egokia izan dezan eta ‘Piztu energia berriztagarrien etengailua! Piztu irudimena energia aurrezteko!’.

Behin leloa erabakita logoa diseinatzeari ekin zioten. Hasiera batean suaren ideiarekin lan egiten hasi ziren baina hori suntsitzailea izan daitekenez, Piztu! argiarekin erlazionatu zuten. Bide horretatik abiatuta, eguzkia eta eguzki izpien ideiekin lan egiten hasi ziren. Azkenean, eguzki-izpiei kolorea emateko eta Nafarroa Oinez 2024ren helburuekin bat egiteko, bost kolore erabili dituzte, bakoitzak helburu bat irudikatzeko. Asier Santa Cruz Zangozako Ikastolako aita da logoaren sortzailea.

45 urte, 159 ikasle, 13 herri

Zangozako Ikastola 1978ko apirilean Carmengo Komentuaren sukalde zaharrean martxan jarritako hainbat familiaren proiektua da. Gaur egun eskualdeko 13 herrira zabaldu da. Aurten 45 urte bete ditu eta 159 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osatzen dute.

Guztira, hiru Nafarroa Oinez antolatu dira Zangozan. Lehenengoa, 1987an, gaur egungo ikastolaren eraikina sortzeko izan zen, 1991n inauguratua. Ondoren, 1998an ospatu zenari esker, erreformak egin ziren eta 2005ean Haur Hezkuntzako eraikina sortu zen. Azkeneko Nafarroa Oinez 2014an antolatu zen eraikin berriaren obraren gastuei aurre egiteko, eraginkortasun energetikoan inbertitzeko eta kalitatezko hezkuntzan apustua egiten jarraitzeko.