INFO

Joan Peñarroya Baskoniako entrenatzaileak «errespetu pixka bat gehiago» eskatu du

Gasteizko kluba Dusko Ivanovicekin hitz egiten ari da Peñarroya ordezkatzeko, eta horren harira «errespetua» eskatu du kataluniarrak ostegun honetan emandako prentsaurrekoan. Esan du ez duela inorekin hitz egin eta «lasai» dagoela nabarmendu du Panathinaikosen aurkako partidaren atarian.

Joan Peñarroya joan den astean Zalgiris Kaunas taldearen aurkako Euroligako partidan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Badirudi berandu baino lehen Joan Peñarroya Saski Baskoniako entrenatzailea kargutik botako dutela; hasiera bateko zurrumurruak baieztatu baitira. Gasteizko kluba Dusko Ivanovic Montenegroko prestatzailearekin hitz egiten ari da Baskonian bere laugarren aroari ekiteko.

Bitartean Peñarroyak jarraitzen du aulkian, eta ostegun honetan emandako prentsaurrekoan «errespetu pixka bat gehiago» eskatu du, galdetu diotenean prestatzaile berriaren fitxaketaren inguruan.

«Badakit zarata handitzen joan dela, baina nik ez dut inorekin hitz egin, ez dut ezeren berririk», nabarmendu du Baskoniako prestatzaileak, eta aitortu du informazio horietatik «aparte» ez dagoela, baina «lasai» dagoela eta Unicajaren aurkako partidaren ondoren zuen «aldarte berarekin».

«Kontrolatu ezin ditugun gauzak hor daude, eta, beraz, ez da ezer aldatu entrenatzaileari, nire talde teknikoari edo nire jokalariei dagokienez. Baina egia da hainbeste zaratak apur bat arreta galtzea eragin dezakeela», argudiatu du Peñarroyak. Horrez gain, azpimarratu du iritsi zen lehen egunean bezala lanean ari dela.

Bulegoetako kontuak alde batera utzita, Baskoniak Panathinaikosen aurka jokatuko du ostiral honetan (20.15ean). Euroligako bosgarren jardunaldiaren atarian, Kataluniako prestatzaileak nabarmendu du Atenasekoa taldea «sekulako» multzoa dela, eta Euroligako edota Liga Endesako gainerako talde askoren antzera, «osatzeko bidean» dagoen multzoa dela, entrenatzaile berri batekin.

«Oraintxe hasi gara Euroligan lehiatzen eta talde bakoitza bere lekua bilatzen ari da», adierazi du Peñarroyak. Bi taldeek hiruna puntu bildu dituzte jokatu dituzten lau partidetan. Taularen beheko aldean daude; Atenaseko taldea hamabosgarren eta Gasteizekoa hamaseigarren.

Diez eta Rogkavopoulou gabe; Moneke eta Diop zalantzan

Peñarroyak aitortu du azken partidetako sentsazioak «hobeagoak» izan zitezkeela, eta uste du taldea ez dela «gaizki» jokatzen ari. Hala ere, Kataluniako entrenatzaileak adierazi du «hobetu» egin behar duten sentipenak dituztela, eta agindu zuen taldeak «hobetu» egingo duela.

Peñarroyak ez du «estutasunik» sentitzen egoera horren aurrean. Sentitzen du, ordea, partidaren atarian zenbait jokalarik ezingo dutela jokatu. Min hartuta dauden Dani Diez eta Nikos Rogkavopoulo jokalariez gain –lehenak eskuin hankeko soleoan du lesioa eta bigarrenak eskuin hankeko bikian–, ez dago oraindik argi Chima Moneke eta Khalifa Diop jokalariak jokatzeko moduan egongo ote diren.

Moneke ez da entrenatu aste osoan aldakan jaso zuen kolpe baten ondorioz, eta Diopek bizkarreko arazoekin jarraitzen du. Matt Costello eta Tadas Sedekerskis bezalako jokalariek zazpi ahalak egin beharko dituzte, falta diren jokalarien hutsuneak betetzeko.

Kataluniako prestatzaileak nabarmendu du partidetan dituzten momentu txarretan arreta jartzen ari direla, hain gogor ez zigortzeko: «Unicajaren aurkako partidan gaizki hasi ginen, eta markagailuan 0-18 aurrea hartu ziguten. Hor egon zen lehiaren gakoa. Une horiek identifikatu behar ditugu, eta sendoagoak izan».

Ostiral honetako partidaren ondoren, igandean etxetik kanpo jokatuko dute Andorraren aurka 17.00etan.