INFO

Palestinar herriarekin elkartasunez, mobilizazioak egin dituzte Ikasle Abertzaleek

Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazioak antolatu ditu ostegun honetan unibertsitateetan palestinar herriarekin elkartasunez. EHU «Israelen konplize» bezala seinalatu dute.

NUPen IAk deitutako mobilizazioa, Palestinarekiko elkartasunez. (Jagoba Manterola | FOKU)

Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, mobilizazioak egin dituzte ostegun goiz honetan Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean ‘Palestinar herriarekin elkartasuna!’ Lelopean. Palestinari beren elkartasuna adierazi eta «sarraskia aurrera eramatea ahalbidetzen duten gobernu, alderdi politiko eta instituzio guztiak seinalatzea» izan dute helburu mobilizazioek.

Mobilizazioak baino lehen, pintadak zein errepide mozketak egin dituzte campusetan, ‘Israel hiltzaile, EHU konplize’ edo ‘Israel genozida’ bezalako aldarriekin.

 

Salatu dute Espainiako Gobernua ere «sarraskia aurrera eramaten ari den blokearekin lerratu» dela, NATOren politiko ekonomiko eta militarrak babestuz eta «Israeli babesa adieraziz».  EHU ere kritikatu dute amaierako irakurketan, izan ere, adierazi dutenez, hainbat dira Palestinan gertatzen ari denaren erantzukizuna duten enpresak, «Enpresa horien artean aurkitzen dira Sapa Placencia, ITP AERO nahiz CAF, eta EHUk akordioak ditu hiru enpresa hauekin. Arrazoi nahikoa EHU ere sarraskiaren konplize modura seinalatzeko» IAren iritziz.

Bestetik, «bi aldeak berdindu eta akordioen aldeko mezu ekidistanteek Israelgo erregimena zuritu eta palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzen dutela esan nahi dugu», gaineratu dute.

«Dominazioaren eta zapalkuntza guztien aurka, nazioartean sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzea ezinbestekoa da, hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak irekitzeko asmoa», esanez amaitu dute irakurketa.