«Beckham» fenomenoa eta kirol-dokumentalak
Kirol-dokumentalena AEBetako zinemagileek sarritan jorratu duten generoa izan da; nekatzeraino ikusi ditugu hotsandiko gainditze-istorioak. Azken asteotan guztion ahotan dabilena Ingalaterratik datorren telesail-dokumental bat da: «Beckham». Hona hemen kirol-dokumental nabarmen batzuen errepasoa.
Beckham
NETFLIX
Aitortuko dizuet zerbait arina, ikuserraza eta tontoa ikusteko gogoz sakatu niola urrutikoaren play botoiari. Auzo-lotsa pasatzeko prest ikusten nuen neure burua -”Georgina” erako zerbait espero nuen-, baina zoritxarrez ez da horrela izan. Ez ikaratu, kasu honetan “zoritxarrez” hitza argumentu positibo gisa baliatuko dut, David Beckham futbolari ezagunaren bizitzan oinarritzen den lan hau oso interesgarria eta txukuna iruditu zaidalako; ez da espero nuena, onerako harritu nau.
Manchester United taldean futbolean jokatzen hasi zenetik gaur egun arte zehaztasunez azaltzen du guztia, baina ez da soilik kirolean zentratzen: haurtzaroa, bizitza pertsonala, ospearen argi-ilunak, eskandalu mediatikoak eta, jakina, Victoria emaztearekin duen erlazioa ere azpimarratzen dira -ziur zuk ere ikusi duzula hain birala egin den Rolls-Royce-aren bideo hori-.
Narrazioa, nagusiki, artxibo irudi eta elkarrizketekin egituratu dute -zentzu horretan atalak apur bat luzeak iruditu zaizkit-. Narratzaile horietako bat Beckham bera zela ikusi nuenean, bere burua zuritzeko helburuz egindako ikus-entzunezkoa espero nuen, baina ez zait hala iruditu, ez baitu inongo unetan saihesten bizitzan izan dituen pasarte korapilatsuenak; hala nola izan zuen depresioa eta Victoriarekin izandako harremana astindu zuten salaketa eskandalagarriak.
Oro har proposamen nahiko zuria den arren, ospearen eta aberastasunaren alderdi gordinean ere sakontzen du, baita, azaletik bada ere, garun osasunaren gaian ere. Portzierto, bitxikeria modura, lanaren zuzendaria eta dokumentalean zehar elkarrizketak egiten ikusten dugun pertsona Fisher Stevens aktore ezaguna da, “Succession” telesaileko Hugo Baker.
Free Solo
DISNEY+
Alex Honnold-en balentria azaltzen duen dokumentala, Yosemiteko Parke Nazionalean dagoen "El Capitan" harrizko egitura bertikala inolako laguntza osagarririk gabe igo zuen eskalatzailea. Lan honen alderdirik onena da ez dela soilik eskalatzeko une hori erakustera mugatzen; zuzendariak muturreko egoerekiko obsesio hori ulertzen saiatzen baitira.
"El Capitan" tontorra igotzeko une hori filmatzea, zinemagile gisa, erronka handiko unea iruditzen zait. Izan ere, kamera bat une oro grabatzen aritzeak Alex Honnold-engan eragin zezakeen presioa azpimarratzen baitu filmak. Gainera, zinemagilea, erabat beldurgarria den egoera baten aurrean kokatzen du: pertsona baten heriotza posiblea grabatzen ari dela jakitea.
Eskalatzailearen biografia gisa ere baliagarria iruditu zait oso, haren haurtzaroa eta nerabezaroa ezagutzera iristen baikara, eta, hala, Honnold-en izaeraren zirrikituak hobeto ezagutzen ditugu.
Jai Alai Blues
PRIMERAN
«‘Pitbull’ abeslaria, World Jai Alai League Miamiko zesta-puntako ligako akziodun berria». Azken egunotako albiste horrek Gorka Bilbao bizkaitarraren “Jai Alai Blues” dokumentala berrikustera bultzatu nau. Zesta-puntaren historiaren inguruko lana den arren, gai hori azaltzen dituen beste hainbat istorioren abiapuntua besterik ez da. Mende hasieratik, enpresaburuek jokoaren eta apustuaren arrakastaz nola baliatu diren ere azaltzen du, eta kirola, nazioartean, ospetsu izatera nola iritsi den.
Egipto, Txina, Filipinak, Kuba, Mexiko eta Estatu Batuak dira Jai Alairen historiako agertokietako batzuk. Leku horietan guztietan, pilotariak benetako artistatzat hartu ziren, eta komunikabideek luze eta zabal jorratzen zuten pilotalekuen jarduera.
Baina urrezko urteen distirak ez zuen betiko iraun eta lan honek ere hori erakusten du. Goi mailako negozio bihurtzearekin batera, jokalari eta enpresarien arteko iskanbilak sortu ziren. Horiek izan ziren, hain zuzen ere, kirol honen beherakadaren abiapuntua. Zesta-puntaren hastapenak, urrezko garaia eta gainbeheraren arrazoiak sakonki aztertzen dira. Aparta.
The Last Dance
NETFLIX
90eko hamarkadako bigarren zatiko Chicago Bulls historiako kirol talderik onenetakoa izan zela diote askok, eta noski Michael Jordan historiako jokalaririk onena. Hamar ataletan zatikaturiko telesail dokumental honetan, talde horren erregealdiaren gaineko erradiografia txundigarria ikusteko aukera izango duzu. Baita, garai hartako testuingurua heldulekutzat hartuz, aldagela barruan izan ziren tira-birak, apurka-apurka loratzen joan ziren liskarrak eta, jakina, botere-borrokak ere.
Erabat txundituta amaitu dut maisulana iruditu zaidan lan hau ikusten. Ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria eta 90eko hamarkadako NBA ligako jarraitzaile ginenontzat opari nostalgiko eta zirraragarria!
Emakumeak plazan
ARGIA.EUS
Lotsagarria da eta salagarria iruditzen zait, oro har, kirol dokumentalgintzan emakume kirolariei eskaintzen zaien protagonismo eza, horregatik proposamen hau gehitzea interesgarria iruditu zait. Emakumeek Euskal Herriko kirol jarduera ezberdinetan duten presentzia erakusten baitu dokumental honek.
Betidanik, herri-kiroletan, beste kirol guztietan bezala, gizonek osatu dute gehiengoa. Hala ere, aurreko garaietan ere izan ziren horretan aurreneko pausoak ematera ausartu ziren emakumeak, eta gaur egun ere baditugu, taldean edo bakarka, ingudean, txingetan, aizkoran, sokatiran, harriak jasotzen, arraunean edo pilotan aritzen diren emakumeak.
Dena dela, edozein kirol dela ere, partaideak emakumeak direnean, ez du jasotzen berdintasuna sustatzen duen edozein legek exijitu beharko lukeen parekotasunik. Ez erakundeen laguntzen bidetik ezta komunikabideen laguntza eta zabalkuntzarenetik ere. Egiten ari direna eta hain gutxi ezagutzen den hori ezagutarazi nahi izan dute.
Pura vida. The Ridge
GUIDEDOC.TV
Orain dela 12 urte inguru ikusi nuen lehen aldiz dokumental hau eta oraindik ez dut lortu burutik kentzea. Migueltxo Molina eta Pablo Iraburu zinemagileek zuzendua, Iñaki Otxoa de Olzaren erreskate operazioaren nondik norakoak azaltzen dituen lan ikaragarria da.
Annapurnan, Himalaiako mendirik zailenean, Iñaki Ochoa de Olza larri, hiltzeko zorian zegoela, munduaren beste aldean martxan jarri zuten Himalaian inoiz egin den erreskaterik handiena. Lau egun luzetan euren laguna salbatzen saiatu ziren hamar herrialdetatik joandako mendizale handien testigantza biltzen duen lana da. Ezinbestekoa.
Senna
NETFLIX & HBO MAX
Ez zait automobilismoa batere gustatzen, are gehiago, gorroto dut oro har autoen mundua. Hori azalduta, Ayrton Senna 1 Formulako gidari brasildarraren inguruko dokumental hau zoragarria iruditzen zait, pentsa, beraz, zeinen ona den.
1984an hasi zenetik hamarkada bat geroago San Marinoko Sari Nagusian hil zen arte zehaztasunez azaltzen du bere bizitza, eta horretarako, material harrigarriz eta argitaratu gabeko irudiez baliatzen dira.
Kirol-bilakaeraz gain, pilotuaren eszena argigarriak ere erakusten dira, telebistako “show”-etakoak eta elkarrizketetakoak adibidez. Hamabost mila ordu baino gehiagoko artxiboko irudien artean arakatu behar izan dute muntaia lan ikaragarria egiteko.
Behobia (Ehun urte hesiak iraultzen)
YOUTUBE
Behobia-Donostia lasterketa bat da, baina ez edozein lasterketa. 2019an 100 urte bete ziren lehen aldiz ospatu zenetik. Denbora horretan, aldaketa zein abentura mordoxka bizi izan ditu hainbat eta hainbatentzat urteko zita den honek. Behobiaren historian eta bertan modu ezberdinetan parte hartu dutenen istorioetan murgildu dira, helmugan baino balioa bidean jartzen duen kirol ekitaldi honek suposatzen duena azaldu asmoz.
Ordubete inguru irauten duen lan polit hau atal desberdinetan banatu dute Bira Produkzioak-ekoek: “Lehen pausoak”, “Zalantzak”, “Erronka”, “Bultzada berri bat”, “Txakalaldia”, “Hortzak Estuturik” eta “Helmuga”. Atal horiek, zaletua izan ala ez, korrikalaria izan ala ez, ikusle mota guztiek gozatzeko moduko erreminta oso eraginkorren bitartez batu dituzte, lasterketaren historia eta inguruan sortzen den guztia ulertzeko helburuz.
Ez nuke alor teknikoan gehiegi murgildu nahi, zeren istorioan guztia oso ongi txertatuta dago, nire ustez bete dezakeen eginkizun garrantzitsuenetarikoa burutzen du: ez dela apenas nabaritzen. Alegia, alor guztiak oso orekatuak daudela, eta ez dela inoren lana bestearen gainetik inongo momentutan jartzen.
Lasterketan parte hartu baduzu, bereziki hunkituko zaituen dokumentala da, baina hala ez bada ere ikusi, nik pertsonalki ez dut sekula parte hartu eta zirraragarria iruditu baitzait.
The Deepest Breath
NETFLIX
Egoera itogarriak pantailan ikustean oso gaizki pasatzen duen horietakoa bazara, ez ikusi dokumental hau. Kito, badaezpadako oharra emanda.
“The Deepest Breath” apneako munduko txapelduna den Alessia Zecchini-ren istorio tragikoari buruzko dokumental zirraragarria da. Apnea edo urpekaritza librean aritzen den Alessia Zecchini italiarra da dokumentaleko protagonista nagusia. Kirol honen xedea erakusteaz gain, senitarteko eta lagunen testigantzen bidez zein beste urpekari batzuek hartutako itsaspeko irudi harrigarrien bidez, Laura McGann zuzendariak Alessiaren istorioa azaltzen du dokumental zoragarri honetan.
Stephen Keenan irlandarra da narrazioaren beste protagonista nagusia, munduko segurtasun-laguntzaile urpekaririk onena. Alessia eta Stephenen bizitzak gurutzatu egingo dira, eta gertaera hori dokumental berezi honen mami nagusietako bat izango da. Kirol-epikaz eta unibertso horren dinamika bereziaz harago, adiskidetasuna, leialtasuna eta, batez ere, Alessia eta Stephenen arteko maitasuna direlako lan honen oinarri nagusia.
Itsaspeko planoak ederrak dira, edertasun horren azpian, ordea, arrisku handiko kirola ezkutatzen da. Alderdi emozionalaz gain, muntaia eta gidoia ere bereziki zaindu dira; kritikari batzuek tranpati samarra dela aipatzen duten arren, gidoiaren egitura oso zuhurra iruditu zait, oso ondo zaindu eta neurtu baitute kontatzen den guztia eta zein ordenatan azaldu. Ederra eta beldurgarria aldi berean.