INFO

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak greba orokor feministari babesa adierazi dio

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten hamaika eragile sindikal eta sozial «ikasturteko erronkei erantzuteko» Gasteizen bildu dira larunbat honetan eta azaroaren 30eko greba orokor feministari babesa adierazi diote.

uskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile sindikal eta sozialen ordezkariak. (@EskubideenKarta)

Ikasturteko asanblada orokorra egin dute larunbat honetan Gasteizen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek. Ohar batean nabarmendu dutenez, Greba Orokor Feminista izan dute hizpide, eta zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokari atxiki zaizkio, baita greba batzordeetan parte hartzeko konpromisoa hartu ere.

Irailaren 30ean, Karta Sozialak deituta, 40 eragiletik gora bildu ziren Ozaetan, «bizi dugun krisi ekosozialari elkarrekin aurre nola egin gogoetatzeko». Behin jardunaldiak pasata, ikasturteko asanblada orokorra egin dute, «ikasturteko mugarri nagusiak zehaztu eta plangintza adosteko».

Ildo horretan, grebara joateko deia egiteaz gain, azaroan zehar osasungintza publikoaren alde nahiz pentsioak 1080 eurotan osagarritzearen alde egingo diren ekimen herritarretan ekarpena egiteko asmoa adierazi dute ere.

Bestalde‚ ‘Su Txikien Itsasoa’ jardunaldiari segida emateko asmoz, hitzordu berri bat jartzea erabaki dute gaurko egunean, bertan parte hartu zuten eragile zein dinamikara gehitu nahi dutenei irekita.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «krisi ekosozial larria bizi dugu eta, bakoitza bere borrokan ezinbestekoa bada ere, elkarrekin eta elkarlanean eraldaketa sozialari hauspoa emateko ekimen berriak behar ditugu» . Horregatik, udaberri eta udarako mobilizazio indartsu bat prestatzeko proposamenari bide ematea erabakiz amaitu dute gaurko asanblada orokorra.