INFO

Miraririk ezean, Natxo Lezkanoren Andorrak emango dio «azken igurtzia» Joan Peñarroyari

Nikos Rogkavopoulos eta Dani Diez ez dira jokatzeko moduan izango, zalantzak daude Khalifa Diop zein Chima Monekerekin eta Mannion eta Sedekerskisek ere kolpatuta amaitu zuten Euroligako partida. Bilbao Basketek aspaldiko unerik eskasenean dabilen Vidorretaren Lenovo Tenerife jasoko du Miribillan.

Joan Peñarroya, hutsarte batean azalpenak ematen jokalariei. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Gizapedia» webgunearen arabera ,«azken igurtzia» honakoa da: «Vatikanoko II. Kontzilioaren aurretik, eta Gaixoen Oliadura, gaur egun, hilzorian daudenentzako sakramentua da Eliza Katolikoan eta  beste kristau eliza batzuetan... Hilurran dagoen aixoari Jainkoaren grazia eta bedeinkapena eskaintzen dizkona, gaixoaren kopetan eta eskuetan olioz gurutzearen seinalea eginez, otoitz batekin batera».

«Klubak ez dit ezertxo ere esan. Hedabideetako zarataz jabetzen naiz, baita nire jokalariak ere, baina lasai nago. Etorri behar dena etorriko da, baina gauza bakar bat eskatuko nuke: entrenatzailearen figurarekiko errepetu apur bat gehiago, besterik gabe», adierazi zuen Joan Peñarroyak ostegunean Atenaserantzat abiatu aurretik. Aurreko astean Munitxeko Bayern, Zalgiris eta Unicajaren aurkako porrotek ia hondoa jota laga zuten Joan Peñarroya, eta Dusko Ivanovic gaur zortzi Belgradoko Izar Gorritik bota zutela jakinda, Saski Baskoniaren konfirmazioa baino ez litzateke faltako, astean zehar publiko egin diren kontuak aintzat hartuta, Joan Peñarroya kaleratu eta bere ordez Dusko Ivanovicek bere laugarren aroa hasi dezan Gasteizen.

Baina oraindik Peñarroyak Saski Baskonia zuzentzen jarraitzen du eta handia litzateke igande arratsaldeko 17.00ak jo aurretik klubak Terrasako entrenatzailea botatzea erabakiko balu. Bada, ostiralean entrenatzaile katalanak Atenasen akaso Euroligako bere azkenengo partida zuzendu baldin bazuen Saski Baskoniarekin, oso litekeena da igandean Andorran jokatu behar duen dema izatea arabarrekin ACB Ligan zuzenduko duen azkena.

«Atenasen taldeak egin duen lanaz oso harro nago. Egia da jendea falta zaigulako, azken minutuetara indarrik gabe iritsi garela, baina nolanahi, astean zehar izan den zarata horren guztiaren gainetik, taldeak bat eginda lanean ekin dio, eta hargatik harro nago. Baina ez jokalariekin bakarrik: talde teknikoaz harro nago, laguntzaieetaz, fisioterapeuten lanaz eta baita gure prentsa arduradunaren lanaz ere. Nire aldetik, lana daukadan bitartean lanean segiko dut», laburbildu zuen entrenatzaile katalanak Atenasko partida amaitu berritan.

Oraindik Saski Baskoniako entrenatzailea nozitzen ari den egoera estuaz gain, talde gasteiztarrak badauka nahikoa komeria igandeko partidari ekiteko. Giharretako arazoek jota, Nikos Rogkavopoulos eta Dani Diez ez dira jokatzeko prest egongo eta hargatik, ez ziren Atenasen izan eta ez dira Andorrara joango ere. Rogkavopoulosen kasuan, Greziako zenbait iturrik diotenez, pare bat hilabeterako izan dezake. Khalifa Diop ere Gasteizen geratu zen, bizkarreko minak jota. Aukeraren bat ba omen dago Senegalgo pibotak Andorran minuturik izan dezan, baina ez da erraza izango. Aldiz, Chima Monekek taldekideekin batera OAKA pabiloian izan zen, baina ez zuen ezta beroketa saiorik ere egin, mokorreko minak jota, joan zen asteko hiru neurketetan hartu zituen kolpeen ondorioz. Ikusi egin behar Nigeriako hegal-pibota jokatzeko moduan den ala ez.

Hori guztia gutxi ez eta, Panathinaikosen aurkako demak ere laga zuen bere orbana: Nico Mannion eta Tadas Sedekerskisek kolpatuta amaitu zuten eta nahitaez jokatu behar izanda ere –Dani Diez gabe, «formazio kupoak» Sedekerskis, Raieste eta Khalifa Diop dira, eta 11 jokalariz osaturiko deialdi baten gutxienez halako hiru jokalari behar dira–.

Eta kasualitatea zer den: joan zen domekan Ibon Navarro gasteiztarra izan bazen Joan Peñarroyaren borrero, igande honetan Natxo Lezkanok eman diezaioke Terrasakoari aipatu «azken igurtzia». Portugaleteko entrenatzailea 2001etik 2007ra bitartean Saski Baskoniako kide izan zen, baita aurreneko entrenatzaile ere, Velimir Perasovic kargutik kendu –ondoeza jasan zuen Kopatik at geratu eta gutxira– eta Bozidar Maljkovic iritsi bitartean. Beraz, Joan Peñarroya zer-nolako trantzea bizitzen ari den inork ongi baldin badaki, hori Natxo Lezkano da.

«Oso latza da bera bizitzen ari den hau guztia. Profesionalki estimu handia diot eta pairatzen ari den zarata hau guztia kontrolatzea oso zaila da. Errespetu apur bat eskatuko nuke berarentzat», adierazi du entrenatzaile bizkaitarrak neurketa bezperan.

Morabanc Andorra, gainera, Urrezko LEB Ligatik igo berria izanda, ACB Ligara ohitzen ari da. Aurreneko lau jardunaldietatik hiru galdu bazituen, azken bi neurketak aurrera atera ditu eta jokalari multzoa osatzen ari da mailari eusteko helburu horrekin. Egia da Rafa Luz antolatzaile brasildarra –Baskonian eta Bilbao Basketen jokatzea zen den badakien jokalaria– min hartuta dagoela eta kontratua amaitu berritan, Andrew Goudelock ere ez dela partidan izango, baina Jean Montero antolatzaile dominikarra eta Jerrick Harding, antolatzailea hau ere, jokatzeko moduan izango ditu Portugaleteko entrenatzaileak.

Zernahi gertatzen dela ere, badirudi hauxe izango dela Joan Peñarroyaren azken neurketa Baskoniarekin, baina azken igurtzia jasotzeaz gain, emaitza bolada txarra amaituta agur esango balio, hobe.

Vidorreta eta bere lagunak, ezinean

Surne Bilbao Basketek eta Lenovo Tenerifek ere 17.00an jokatuko dute, Miribillan. Kanarietako taldea nahiko petrala izan ohi da bizkaitarrentzat; izan ere, 20 aldiz jokatu dute elkarren aurka ACB Ligan eta sei bider bakarrik irabazi du Bilbao Basketek. Are gehiago, 2022ko apiriletik ezin irabazita dabiltza dabiltza beltzezko gizonak Txus Vidorretaren taldearen aurka.

Baina Lenovo Teneriferen aurtengo ajeak ohikoak baino nabarmenago ari dira bistan geratzen. Jokalarien adinagatik ote? Huertasek 40 urte bete ditu eta Shermadini, Doornakamp, Fitipaldo, Jaime Fernandez eta enparauek 30 urte edo gehiago dituzte denek. Egia da 30 urtetik gorako jokalarien kirol bizitza azken urte hauetan asko luzatu dela, errekuperazio eta atsedenari entrenamenduari adina garrantzia ematen zaiolako, baina bizitzaren legeak aurrera darrai nolanahi, eta badirudi Lenovo Tenerifek aldean daraman ezin hori baliatu dezakeela Bilbao Basketek domekan.

«Erritmoa» izango omen da neurketa honetako gakoa Jaume Ponsarnauren iritziz. «Korrika egiteko borondatea dugu eta horri eutsi nahi diogu. Erritmoa gure esku jartzen badugu, izan dadila erritmo hori handitzeko», azaldu du asteroko prentsaurrekoan Tarregako entrenatzaileak.

«Baina horrek ez du presaka aritzerik esan nahi. Beraiek ondoen egiten dakitela aurkarien akatsak zigortzea da. Erritmoa handituz gero baloi gehiago galtzea posible eta agian zilegi ere bada, baina gure esku dago orain arte eman duguna baino maila altuagoa ematea. Tenerifek horixe esijituko ditu irabazi nahi badugu», gehitu du.

Izan ere, Bilbao Basket ACB Ligan 4-2 balantzearekin dabilen artean eta FIBA Eurocupean jokaturiko bi partidak irabazita gainera, Txus Vidorretarenak 2-4 balantzearekin daude uneotan ACB Ligan eta FIBAren Txapeldunen Liga oker hasi dute gainera, Turkian partida galduta. Bada, Bilbao Basketek aspaldiko aukerarik garbiena duela esan liteke eskuarki estu hartzen duen aurkari bati irabazteko.