INFO

Sustraietara bueltatu, nekazaritzaren garrantzia berreskuratzeko

Olatxuko Laboreak Haizea Bengoetxea nekazariaren egitasmoa da. Arrietan abiatu zuen, aiton-amonen baserrian, eta duela lau urte Fikara egin zuen jauzi. Hango lursailean hazitako fruta eta barazkiekin egiten ditu marmelada eta kontserbak. Gaur, Gernikako azokan salgai jarriko ditu.

Haizea Bengoetxeak irrifar batez hartuko ditu bere postura hurbiltzen direnak. Irudian, pasa den barikuan Mungiako azokan. ( Aritz LOIOLA | FOKU)

Baserria bere bidea zela eta lurra landu nahi zuela argi zuen Haizea Bengoetxeak (Algorta, 1987) Nekazaritza Ingeniaritza ikastea erabaki zuenean. Gradu amaierako proiektuan ikusi zuen bestelako eredu txikiago batzuk ere bazirela, bizimodua aurrera ateratzeko bide izan zitezkeenak. Hala, jauzia egitea erabaki zuen 2011n. «Uste dut nekazaritza badela beharrezko pilare bat eta hortik bizi nahi nuen», aitortu du algortarrak.

Arrietan baserritik bizi ziren aitite eta amama erreferente zituen eta gurasoen kontrako norabidea eginda, sustraietara bueltatu, eta lekukoa hartu zien. Baserriaren izena hartuta, Olatxuko Laboreak izena eman zion bere proiektuari. Bakarrik hasi zen, «familiaren eta bikotearen babes guztiarekin», baina ama izan zenetik, biren artean aurrera daramate lana.

Nahia gauzatzeko zein zen bere eredua argi zuen Bengoetxeak: agroekologikoa, artisaua, bertako produktuekin eta ekoizpen zikloa osatuz etxean; fruta eta barazkiak hazi eta egindako produktuak dendetan saltzeraino. Produktuak mimoz prestatzen dituen moduan, gutxika joan zen zereginak kateatzen. Soroan negutegi txikiak ipini zituen eta etxearen parte batean obradorea jarri zuten. «Ekoizten dugun guztia transformatu egiten dugu, urtean zehar elikagaiak edukitzeko beste era batean».

Elikagai bakarra, hainbat aukera
Marmeladak eta kontserba begetalak elaboratzen dituzte eta horietarako lehengai gehienak beraienak edo ingurukoak dira, eta asmoa etorkizunean denak eurek haztea da. Laranja kalabazarekin, sagarra kanelarekin, udarea erromeroarekin...

Marmeladei dagokienez, 12-14 zapore ezberdin dituzte, urtean zehar aldatzen doazenak, eta barazki pateak ere ekoizten dituzte, zazpi-zortzi mota, baina saioi bakoitzean bost izaten dituzte.
Horrez gain, «apur bat dibertsifikazioari begira» saltsa gazi-gozo batzuk ere egiten dituzte. »Saiatzen gara gauza berriak elaboratzen. Saltseatzen duzunean, batzuetan, ateratzen dira gauza politak, beti ez, baina...».

Gernika-Lumoko azokan egongo bada ere, Mungia da bere ohiko plaza; barikuro han izaten da, baina Gernika-Lumoko azokan egongo da gaur. Hemen profil nahiko bestelakoak ikusten ditu Bengoetxeak. «Egia da jendeak jai hartzen duela egun honetan eta nahiz eta normalean azoketara ez joan, honetara badatoz». Gazte jende gehiago izaten dela nabarmendu du.

Gaurkoa «salmenta puntu fuerte bat» dela aitortu arren, Bengoetxeak garrantzia eman dio nekazaritza ereduak hartzen duen presentziari. «Denak gara ekoizle txikiak, lurrari lotutakoak… eta plaza horretan ikusten da gero eta gehixeago garela, hor gaudela eta gurekin elika daitezkeela». Izan ere, elikagaiei dagokienean kontzientzia handiagoa badagoela uste badu ere, aldi berean, merkatua gero eta urrutiago ikusten du lurretik.

Hori horrela, zuzeneko salmenta gakoa da produktuen atzean dagoen lana eta kalitatea balioan jartzeko, baina algortarraren esanetan, oinarrizkoa da ekoizleak egotea horren atzean. «Produktua ezagutzeaz aparte gu ezagutzen gaituzte, proiektua ezagutzen dute eta hori oso garrantzitsua da. Zuzeneko hartu-eman horretan asko transmititzen da».

Azokez gain, saltoki txikietan ere eskura daitezke Olatxuko Laboreak, bere filosofiarekin bat datozenak: eskualdeko produktuekin lan egiten dutenak, ekologikoekin, eta ulertzen dituztenak beraien lan erritmoak eta batzuetan produktu batzuk ez dituztela. Kontzientzia hori duten saltzaileekin lan egitea erraza dela dio, halakoak topatzea, ordea, ez horrenbeste.