Peio Etxeberria eta Peña, euren sabai pertsonalarekin jotzeko beldurrik gabe
Ultzamarrak hirugarren finalerdia du jarraian kaiolan eta tolosarrak Binakako final bat jokatua du, baina Ogetan nagusitzen denak bere Lau eta Erdiko lehen finala jokatuko du.
Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketak finalista berri bat izango du, larunbatean Gasteizko Ogetan jokatuko den Peña II.a / Peio Etxeberriaren garailearentzat, kaiolako lehen finala izango baita azaroaren 19koa. Ultzamarrak hirugarren finalerdia du jarraian, baina aurreko bietan bertan geratu zen. Tolosarrak jokatua du Binakako final bat –Jon Ander Albisurekin batera 2021ean txapeldun irten ziren Elezkano eta Zabaletaren aurka–, baina lehendabizikoa luke buruz buru. Biak daude, hortaz, euren sabai pertsonala apurtzeko atarian, ilusioz, baina horretan gehiegi pentsatu nahi gabe.
«Hirugarren finalerdia da, bitan kanpoan geratu naiz eta, nahi izan gabe ere, bueltak ematen dizkiozu. Noski nahiko nukeela final hori jokatu, baina uste dut hobeto joan zaizkidala gauzak burua hurrengo partidatik harago izan ez dudanean», azaldu du Zenotzekoak gaurko material aukeraketan.
Aspekoak ez zuen txapelketako partidarik jokatu, Salaberriak, eskuko minez, uko egin ziolako euren arteko lehiari, baina aurreko astean era berezi batean lortua zuen finalerdietarako txartela, orain arte sekula gainditu ez zuen Joseba Ezkurdia lagun minari irabazita. «Niretzat zerbait oso polita izan zen, seigarren aldia zen bere aurka buruz buru, beti kostatu izan zait 22ra heltzea bere aurka nahiz eta gertu ibili, eta oraingoan lortu nuen».
Oso antzera mintzatu da, oraindik ere igandeko partida gogorraren arrastoak –batez ere tentsioagatik– dituen Jon Ander Peñak. «Hasi nintzenetik, Danelen aurka jokatu nuenetik, tentsio puntu bera nabari dut gorputzean, saiatzen gara hori kudeatzen, horretan entrenatzen dugu, eta ez diot finalaren aukerari buelta askorik ematen».
Tolosarraren kasuan, lehen aldiz gainditu du final laurdenetako ligaxka eta pozik da orain arte lortutakoarekin. «Nik uste meritu handiko ligaxka egin dudala, aurkari izugarriak nituen eta, bi partida irabazita, oso konforme egindako lanarekin, baina ez naiz konformatzen, azkenean finalerdi batean nago, aurkari oso-oso gogorra daukat aurrean, baina irabaziz gero, saria handia da», azaldu du.
Erasoan aritzea hobe
Lehia irekia espero dute biek, gogorra, Gasteizko Ogeta bezalako pilotaleku exijente batean. «Aurrena, Peio kantxaren erditik kendu beharko dut, bera erdian dagoenean bi aldeetara ikaragarri ondo mugitzen du pilota, abiadura handiarekin, erritmo handia jartzen du eta alde batetik bestera ibilita oso zaila da partida irabaztea bere aurka. Erdigune hori irabazten eta bera mugitzen saiatuko gara», azaldu du Baikokoak.
Defentsan aritzeko pilotaleku zaila da gasteiztarra, bertan erasoan aritzea bereziki garrantzitsua da, baina biek gustukoa omen dute. Altuna oso estu hartzen ari zela min hartuta, bertan amaitu zen Peñaren ibilbidea iazko final laurdenetako ligaxkako lehen partidan, baina ez omen du inolako oroitzapen txarrik. Are gehiago, aurten Gasteizko feria irabazteko aukera izan du Jon Ander Albisurekin batera.