INFO
Entrevue
Begoña Berroeta
ZainBIZI elkartea

«Bizi banaiz pentsatuz pasadizoan nagoela hemen, heriotza pauso bat da»

Heriotzak sortzen dituen galderak erantzuten saiatzen da Begoña Berroeta (Goizueta, 1944) ZainBIZI elkartearen bitartez. Galdera horiek askotan erantzunik gabe geratzen diren arren, argi dauka bizi garen moduan hilko garela, hau da, gure bizimoduaren araberakoa izango dela azken faserako prestaketa.

Begoña Berroeta. (NAIZ)

ZainBIZI elkartea Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sareko kide eta Eivida eskolari lotuta dago, eta lan ildoen artean heriotza naturaltasunez bizitzea dauka. Horretarako, adibidez, “Heriotzari bizitza emanez” jaialdiaren barruan, horma bat jarri dute Orion, Oteizaren Pietatea dagoen txokoan, edonork hil aurretik zer nahi duen idatz dezan. Begoña Berroeta (Goizueta, 1944) kidea heriotzak bizitzan duen lekuaz mintzatu da GARArekin.  

ZainBIZIren sorrerako kideetako bat zara. Zein da elkartearen xedea?

Sortzailea Amaia Gozategi da eta berarekin zortzi pertsona gaude. Aspalditik lagunak gara, elkarrekin parte hartzen genuen Mandalara elkartean. ZainBizi, hitzak dioen bezala, bizitza zaintzea da. Gure bizitza zaintzen badugu, ingurukoak ere zaintzen ditugu. Norbera bere buruarekin hobe sentitzeko ekimenak –hitzaldi, topaketa, tailer…– eskaintzen dizkiogu gizarteari, osasuna orokorrean hartuta: fisikoa, mentala, emozionala, espirituala. Horretara indar handia doa. Beste zutabe garrantzitsu bat Ibizako Eivida –Escuela de intuición y vida– eskolarekin lotuta dago, energiari buruzko formakuntza da; eta beste bat “Transitando hacia el final de la vida” delakoa.

Heriotzarekiko kontzientzia soziala piztu nahi duzue. Zergatik da onuragarria?

Laguntzen digu egunetik egunera nola bizi nahi dugun erabakitzen. Batzuetan galdera izaten da: «Nola hil nahi dut?». Ez, galdera egokia «nola bizi nahi dut» da. Gure esku dago bizitza, eguneroko aukerek zertara garamatzaten pentsatu behar dugu. Bizi garen moduan hilko garela esan ohi da, hau da, nire bizimoduaren arduradun naiz eta horren araberakoa izango da azken faserako prestaketa.  

Zein zentzutan?

Bizi banaiz pentsatuz pasadizoan nagoela hemen, heriotza pauso bat da, tunel bat; baina bizitzak jarraitzen duela jakinda. Gorputz fisikoa ustelduko da, baina nire arima, ez. Eguneroko bizitza apreziatzen, estimatzen, eskertzen laguntzen dit. Edonoiz hil naitekeela jabetuta, gauzak aldatu ditut; zenbat gauza uzten nituen gerorako! Akaso «gero» hori ez da egongo.

Beste jardueren artean, kafe baten bueltan heriotzaz naturaltasunez hitz egiten duzue. Zein da death kafearen dinamika?

Norberak azaltzen du pentsatzen duena, sentitzen duena, bizi izan duena. Koordinatzen pertsona bat dago, denek parte hartzeko aukera izan dezaten eta errespetu faltarik izan ez dadin. Toki abegikorra da, hitz egitean sentitu behar dute norbait entzuten ari dela, ekarritakoa partekatu eta besteek esandakoa jasotzen dute. Gorputzetik ateratze hutsak on egiten du. Gutxitu egiten dugu eman diezaioketen drama eta jendea ireki egiten da. Beharra dute, emozio asko ateratzen dira.

Gai tabua da oraindik, baina bete egiten dira. Beharra badugu, beraz?

Dudarik gabe. Aurretik egiten genituen, baina pandemia ondoren berehala galdetzen zuten ea gehiago ez genituen egingo. Ziur nago hilabetero hitzordu bat jarriko bagenu, batzuek errepikatuko luketela. Uste dut hori aberasgarria dela, zenbat eta jende gehiago jakin honetaz, gehiago zabalduko da.

Hil aurretik nahi dutena kaleko horma batean idaztera ere animatzen duzue jendea. Zer diote?

Gauza oso bitxiak ateratzen dira, batzuk oso sakonak beste batzuk egunerokoak: Kanarietan oporrak, bakean egon, senideekin adiskidetu, gaixotasun hau gainditu... gauza bitxienak. Ez dago erantzun okerrik. Boluntarioek mezuen argazkiak egiten ditugu eta  bere balio antropologikoa aztertzen hasi ziren bi ikerlari duela hiru urte.  

«Hil aurretik zer nahi dut? Ondo bizi. Eta hori zer da? Momentu honetan tarte hau zurekin egotea, disfrutatzea kafesne goxo bat...»

Zuk zer nahi duzu?

Nire buruari egiten diodan galdera errepikakorra da, askotan erantzunik gabe geratzen naiz. Hil aurretik zer nahi dut? Ondo bizi. Eta hori zer da? Momentu honetan tarte hau zurekin egotea, disfrutatzea kafesne goxo bat… Unean unekoa bizi behar dudala kontziente izaten laguntzen dit.

Nabari al duzu heriotzarekiko jarrera aldatu dela zure haurtzarotik hona?

Asko. Txikitan, Goizuetan, norbait hiltzen zenean berehala zabaltzen zen berria eta hila bisitatzera joaten ginen. Ur bedeinkatua botatzen genion hisopoarekin. Gure aita bat errezatu, eta sukaldera pasatzen ginen gailetak jatera. Familiak bela egiten zuen eta horrek denbora ematen zien agurtzeko. Etxean hil eta handik kanposantura eramaten zituzten. Ohiturak asko aldatu dira eta deshumanizatu egin da heriotza. Tanatorioak sortu dira eta, nahiz eta oso ondo tratatu, alde humanoa kendu dio, goxotasuna galdu da. Medikuari hil dela esaten badiozu, heriotza ziurtatu eta gorpua eramango dute. Egiten ditugun ekitaldietan azaltzen dugu ez izateko inolako presarik; heriotza momentu sakratua da, bere arima hor dago.

«Ohiturak asko aldatu dira eta deshumanizatu egin da heriotza. Tanatorioak sortu dira eta, nahiz eta oso ondo tratatu, alde humanoa kendu dio, goxotasuna galdu da».

Hortik dator bizitzaren amaierara «igarotzea» hitzaren pisua?

Atzean sinesmen bat dago, ez erlijioso edo emozionala bakarrik, zientifikoa ere; badela bizitza heriotzaren ondoren. Azken arnasa ematean, arima hor dago, ez dakigu noiz uzten duen gorputza, eta hor dagoen heinean, denaz jabetzen da. Igarotzea bizimoduaren araberakoa da. Ez denentzat iguala, leku berera joateko denok ez dugu txartel bera. Denok goaz argira, baina batzuk zuzenean doaz, eta beste batzuk, pausoz pauso. Etxeko lanak eginak ditudan neurrian, errazagoa egingo zait igarotzea.

Hiltzen ari denari nola laguntzen ba al dakigu?

Laguntzea artea da. Zaila da sufrimendura hurbiltzea. Pertsonaren arabera egin behar da, presente egon, eta aukera dezala zerk egiten dion on azken une horretan, nahi ez duen ezer ez egin. Batzuetan senideen artean sortzen den egoerak zaildu egiten dio joan behar duenari. Joaten utzi behar zaio.

Ez dakigu minari tartea egiten?

Hori da. Gure joera asko hortik datoz. Erresilientzia ikastaro bat egiten ari naiz nire bihotza samurtu eta sufrimenduari beldurra galdu nahi diodalako. Aurrez aurre begiratu nahi diot minari.