INFO

Eraso matxista baten kontrako mobilizazioa ostiral honetan Galdakaon

Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak, Bilbon eginiko mobilizazio batean. (Aritz Loiola | Foku)

Galdakaon izandako eraso matxista bat gaitzetsi du bertako Udaletxeak, eta bat egin du talde feministek ostiral honetan deitutako mobilizazioarekin. Santi Brouard plazan izango da, 19.30etan, eta deitzaileak honako hauek dira: Momoak talde feminista, Erabide emakume elkartea, Basandere emakume elkartea, Erlantza emakume elkartea, Ninaiz emakume elkartea eta Mairi emakume feminista batza.

«Galdakaoko Udalak, bertako talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki arbuiatzen duela udalerrian gertatu den eraso matxista. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei», jakinarazi du prentsa-ohar batean. Ofizialki ez da momentuz eraso horren inguruko informaziorik zabaldu.

«Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko», azaldu du.

«Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela», berretsi du Udalak.

Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa adieraztearekin batera, ostiraleko mobilizazioa babestu egiten du Udalak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horretan parte hartzera.