INFO

Hamabost soldadu israeldar hilik egun bakar batean, Gazan sartzeko saiakeran

Israelgo hamabost soldadu hil ziren asteartean Gazan, lurralde honetara sartu eta lurrez egindako borroketan, Israelgo Armadak asteazken honetan jakitera eman duenez.

Hildako soldadu baten hileta, asteazken honetan Jerusalenen. (Fadel Senna | AFP)

Egun bakar batean hamabost soldadu israeldar hil dira Gazan, bertara sartzeko saiakeran. Inbasio berri honetan Benjamin Netanyahu gobernuburuak jasotzen duen lehen albiste latza da.

Honen berri eman du Israelgo Armadak berak, eta hildako lau soldaduen izen-abizenak eta adina jakinarazi ditu, beren senideek jada gertatutakoa badakitelako. Pdaya Menachem Mark 22 urteko tenientea, Itay Yehuda 20 urteko sarjentua, Shay Arvas 20 urteko sarjentua eta Roei Saragosti 20 urteko sarjentua dira hildakoak.

Izen horien ondoan beste hamaika ez direla Gazatik Israelera bizirik itzuli aitortu du Armadak. Guztiak «Gazako iparraldean borrokan eroritakoak» izan dira, urriaren 31ean, asteartean.

Israelek urriaren 7an deklaratu zuen Hamasen aurkako gerra, talde honek 1.400 hildako (horietatik 330 soldaduak), 5.400 zauritu eta 240 bahitu utzi ondoren.

Israelgo indarren kontraerasoa berehala hasi zen etenik izan ez duten bonbardaketekin, eta, ondoren, joan den ostiral gauean Gazan sartzeari ekin zioten, lurreko erasoak ere egin ahal izateko.

Astearte gauean, «Israelgo Defentsa Indarren (FDI) tropa konbinatuek hainbat helburu terroristari eraso zioten Gaza  osoan, Hamasen aginte zentro operatiboak eta zelula terroristak barne», bozeramaile militar batek jakitera eman duenez.

Tankeen aurkako misila

Hildako soldaduetako batzuk Hamaseko milizianoek jaurtitako tankeen aurkako misil batek jo zuen ibilgailu batean zeuden, eta beste batzuk lehergailu baten gainetik pasa zirenean hil ziren, Israelgo komunikabideek azaldu dutenez.

«Gerra zail batean gaude. Gerra luzea izango da. Lorpen garrantzitsuak ditugu, baina baita galera mingarriak ere», adierazi du gaur Benjamin Netanyahu lehen ministroak.

«Gure soldaduak gerra bidegabe batean erori dira, gure etxearen aldeko gerran. Hitza ematen dizuet, Israelgo herritarrok: lana osatuko dugu, garaipenera arte jarraituko dugu», gaineratu du.

Bestalde, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek adierazi duenez, «Israelgo Defentsa Indarretako borrokalariak Hamasek Gazan dituen terroristen aurkako borroketan erortzea kolpe gogorra eta mingarria da».

«Zoritxarrez, Gazan aurrera daramagun borroka indartsuen lorpen garrantzitsuek prezio altua hartzen dute. Prest gaude kanpaina luze eta konplexu baterako, adorea, erabakitasuna eta iraunkortasuna eskatzen duena», gaineratu du Gallantek.