Iker Vicentek ez du ahuleziarik azaldu eta bigarren aldiz irabazi du Euskal Herriko txapelketa
Otsagabiako aizkolariak ez du aurkaririk izan Nafarroa Arenan jokatutako finalean eta hasiera-hasieratik nabarmendu da 41:11 denborarekin. Hodei Ezpeleta izan da bigarren, 45:58 markarekin, eta hirugarren amaitu du Oier Kañamaresek.
Iker Vicente nafarra da Euskal Herriko Aizkora Txapelketako txapeldun berria. Faborito nagusia zen, ez du hutsik egin eta ez du ahuleziarik erakutsi. Bigarren aldiz lortu du txapela Otsagabiako kirolariak, kasu honetan 800 ikuslerentzat tokia zuen Nafarroa Arenan lehiatutako finalean hasiera-hasieratik nagusitasuna erakutsiz.
Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko 12 enborrak mozteko 41:11ko denbora behar izan du Vicentek, bigarren izan den Hodei Ezpeletaren aurretik 4:47ko aldea ateraz (45:58). Oier Kañamaresek hirugarren amaitu du.
Nafarroa Arena goitik behera apainduta agertu da asteazken honetan, Euskal Herriko aizkolari txapelketako finala jasotzeko. Eta honek ez du hutsik egin. Egia da Iker Vicentek aise irabazi duela, emozioa alde batera utziz, baina hasierako eta amaierako gertakizunek ikuskizuna handitu dute.
Izan ere, gaur egungo garaietara gerturatuz, sei finalistak Europe taldearen "The Final Countdown" abestiarekin aurkeztu dituzte. Baina lehia hasi aurretik, Miguel Mindegia txapeldun handiari omenaldia egin diote (hamar aldiz irabazi du txapelketa handia). Txistulariek eta dantzariek merezitako omenaldia egin diote txapela jarri aurretik.
Emakumeen erakustaldia amaitzerakoan, orduan hasi da lehia. Finalisten artean, azken orduko nobedade bart zegoen; izan ere, Jokin Urretabizkaia "Basozabal" aizkolariak ezin izan du parte hartu minak jota, eta bere ordez Xuban Kañamares aritu da. Azkena izan da finalisten artean lana burutzen, baina txalo zaparrada bikaina eman diote ikusleek.
Aurretik, Iker Vicentek ez du ezustekorako tarterik eman eta hasiera-hasieratik nabarmendu da denen artean. Lehen enborra 1:22 denboran moztu du Otsagabiakoak eta bigarren posturako lehian Hodei Ezpeleta, Julen Gabirondo eta Oier Kañamares aritu dira.
Lanak aurrera joan ahala, Vicentek aldeak handitu ditu, atsedenerako eta arnasa hartzeko tarteak aprobetxatuz. Seigarren enborrean, adibidez, Vicentek 2:35eko abantaila zuen Ezpeletarekiko. Eta pixkanaka handituz joan da azken enborra moztu duen arte.
Hala, bigarren aldiz jantzi du txapela Iker Vicentek, 2019an lortutakoari gehituz. Ezpeletak 2021 eta 2022an irabazi zuen, baina gaurkoan beste aizkolari bat izan da indartsuagoa.
Finaleko sailkapena:
1. Iker Vicente 41:11
2. Hodei Ezpeleta + 4:47
3. Oier Kañamares + 9:22
4. Julen Gabirondo + 14:14
5. Joxean Etxeberria + 16:07
6. Xuban Kañamares * 27:46
Nerea Arruti, erakustaldian garaile
Txapelketa nagusia baino lehen, hiru emakumek erakustaldia eskaini dute Nafarroa Arenan. Nerea Arruti urnietarra, Oihana Fernandez de Barrena gasteiztarra eta Nerea Sorondo beratarra aritu dira nor baino nor.
Hala ere, Arrutik ez die aukerarik eman aurkariei eta aski erraz gailendu da. 45 ontzako hiru enbor moztu behar izan dituzte eta urnietarrak 7:46ko denboran osatu du bere lana. Bigarren Fernandez de Barrena izan da (9:50) eta hirufarren, Sorondo (10:17).
Hasiera-hasieratik hartu du aurre Arrutik eta lehen enborra oso denbora gutxian moztea lortu du: 1:20. Oihana Fernandez de Barrenak 2:25 behar izan du eta Sorondo atzerago geratu da.
Erritmo ona mantenduz, Nerea Arrutik Euskal Herriko txapelketan lorturiko garaipena errepikatu du, baina azken unerarte emozioa bizi da bigarren posturako lehia horretan. Azkenean, arabarrak (9:50) Sorondo garaitu du (10:17), txapelketa nagusian gertatu ez zen bezala.