INFO

Izar txikiak oroitzeko txokoak

Zaila izaten da hildako senide edo lagun baten heriotza onartzea, baina are gehiago, bizitzeko aukerarik ere izan ez duen jaioberrien kasuan. Haien oroimenerako guneak sortzen ari dira pixkanaka Euskal Herrian.

Hernanin, joan den urtarriletik, ospitaletik umerik gabe ateratzen diren familiek badute euren seme-alabak oroitzeko leku bat. (E.Z.)

Hernaniko kanposantura sartu eta segituan identifika daiteke San Agustin kalean dagoen gune berriena: Izan zirelako (Heriotza eta dolu perinatalaren txokoa). Burdinazko hesi zuri bat du ia buelta guztian, eta enbor azalekin estalitako lurra, marroi ilun kolorekoa. Hesi zuri horrek izar formako irudiak ditu, eta errotulagailuz idatzitako izenak irakur daitezke horien barruan: Liher, Alaia, Sustrai, Eneko, Elorri... haien ondoan datak eta bestelako mezuak ere badaude, izan ere, hilik daude guztiak, baina ez ahaztuak.

Kontua da beti ezin dela erabaki hildako senidearen gorpuarekin zer egin. Esaterako, 24. astea baino lehenago hiltzen diren umeen gurasoek ez dute gorpu horren gaineko erabakitze eskubiderik. Hernanin, ordea, joan den urtarriletik, ospitaletik umerik gabe ateratzen diren familia horiek badute euren seme-alabak oroitzeko leku bat.

Nolabait haiekin konektatzeko leku bat sortu nahi izan du Sahatsa Jauregi artistak. Horrela bada, izar formako harrizko eskultura bat dago txokoaren alde batean, Jauregik gunerako bereziki sortutakoa. Eskultura horrek postontzi moduko bat du goialdean, metalezko estalkia altxa eta metro bateko sakonera duen zuloa ikusiko dugu. Ideia da sortutako mezu, eskutitz edo ideiak erre eta errautsak han sartzea, konexio moduan.

Eskulturaren parean, burdinazko eserleku moduko bat dago, beltza, eta ilargi forma duena. Ez da topa daitekeen ilargi bakarra, hesian ere bai baitaude. Gune berezia eta familientzat erosoa izatea zen Jauregiren nahia, baita inguruarekin lotura zuena ere, eta lortu du.

Azaroaren 1aren bueltan bereziki gehiago izaten da dagoeneko gure artean ez dauden horietaz gogoratzeko tartea, eta Hernaniko hilerriko langileek asteak daramatzate lanean, dena bereziki txukunago izateko egun horretarako.

Hernaniko hesiak izar formako irudiak ditu, eta errotulagailuz idatzitako izenak irakur daitezke horien barruan. (E.Z.)


Tabuari lekua eginez

Ez dago esan beharrik heriotza gai nahiko tabua dela gure gizartean oraindik ere, eta are gehiago hildakoa ume bat bada. Halako guneen bidez, ordea, heriotza perinatala ikusarazten ari dira, hortik pasatakoek benetan gai tabua dela baitiote. Eta ez dira gutxi gainera halako heriotza bat sufritu dutenak, lau haurdunaldietatik bat ez baita amaierara iristen. Beraz, badu bere zentzua halako leku bat sortzeak. Edonola, Euskal Herrian dauden hirutik bigarrena da Hernanikoa, Bizkaiko Deriokoaren ostean, eta Gasteizkoaren aurretik.

Hain justu, Esti Zeberio eta Dani Llopis gurasoek bultzatu zuten Hernaniko gunea sortzea. Izan ere, haurdunaldiaren 23. astean galdu zuten Marko semea, duela sei urte, eta hura oroitzeko leku fisiko baten falta nabaritzen zuten. Xabier Lertxundi alkateak adierazi zuenez, eskaerari berehala erantzuna eman beharra zegoela sentitu zuen udalak: «Beharrezko ikusi genuen egoera honetatik pasatzen ari diren pertsonentzako honelako espazio bat sortzea».

Linboko haurrak

Ohiturak aldatzen ari diren arren, oraindik ere kanposantuak dira hildakoak hobiratu eta oroitzeko lekurik ohikoenak. Tradizio kristautik datorren ohitura dugu, baina zer gertatu izan da haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira hildako umeekin? Bataiatu gabeko umeak Linboan geratzen direla dio sinesmenak; hor nonbait, sufrimendu, sentipen eta poztasunik ez dagoen lekua da Linboa, Euskal Herriko Atlas Etnografikoak azaltzen duenez. Hilerri askotan izan da haur horiek lurperatzeko leku berezi bat, hain zuzen, Linboa deiturikoa, maiz. Lur zati hori ez zen bedeinkatua egoten, eta horregatik zen haientzako lekua, ez baitziren kristautzat hartzen.

Gasteizko hilerrian eskultura txiki bat jarri dute eta eserita egoteko guneak ere atondu dituzte.

Gasteizko hilerriak ere badu gune berri bat, Esku Hutsik elkartearen eskutik

Gasteizko Salbatzailearen kanposantuan ere badute gune berri bat apiriletik, izan ere, Gasteizko Udalak eta Esku Hutsik elkarteak gune bat sortu berri dute dolu perinatal, jaioberri eta haurdunaldikoentzat. Helburua argia da: halako egoera lazgarri batetik igaro diren familiek izan dezatela oroitzapen eta doluaren jasotze eta erreparaziorako gune bat.

Iazko urriaren 15ean sortu zen ideia, hain zuzen, horrelako kasuetan hiltzen direnen inguruko kontzientziazioa zabaltzeko egunean. Ideia sortu zenetik elkarlanean aritu dira Gasteizko Udala eta Esku Hutsik elkartea. Hain zuzen, elkarteak EAE eta Nafarroari begira lan egiten du eta hilabete hartan bertan legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, haien errealitatea ikusgarriagoa egiteko, gaiak tabu izateari uzteko eta gizartea kontzientziatzeko.

Lasaitasuna transmititzea da espazioaren nahia. Beraz, eskultura txiki bat jarri dute hor ere, errautsen lorategitik gertu, eta eserita egoteko guneak atondu dituzte.

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Esku Hutsik eta duela pare bat urte sortu zuten haurtxoa galtzearen esperientzia gogorretik igarotako gurasoek. Elkartearen bidez, laguntza ematen diete profesionalei eta familiei, halako egoera batetik igaro diren pertsonekin duten loturan laguntzeko.