INFO

Dozenaka hildako Israelek Al Shifa ospitalearen eta NBEren eskola baten aurka eginiko erasoetan

Ilargi Gorriak Al Shifako ospitalearen aurkako erasoa salatu du. Gogoratu duenez, ospitalea gaixoz beteta dago eta milaka desplazaturen babeslekua da. Palestinako agintariek ohartarazi dutenez, dozenaka hildako eta zauritu utzi ditu. NBEren eskola bat ere bonbardatu dute, dozenaka hildako eraginez.

Ilargi Gorriak zabaldutako argazkia. (@PalestineRCS)

Palestinako Ilargi Gorriak Al Shifako ospitalearen aurkako erasoa salatu du ostiral honetan. Ospitaleak gaixoz beteta dago eta milaka desplazaturen babeslekua da, gainera Gazako hegoaldera anbulantzia karabana irteteko prest zegoen erasoa izan denean.

«Al Shifako ospitalearen aurrean zegoen Ilargierdi Gorriko anbulantzia baten aurkako erasoa. Gure lankideak mirariz salbatu dira», idatzi du erakundeak X sare sozialean, anbulantzia kaltetua eta hildako zaldi bat ikus daitezkeen argazki batekin batera.

Palestinako agintariek jakitera eman dutenez, erasoak dozenaka hildako eta zauritu utzi ditu.

Biktimen artean pazienteak, senideak, paramedikuak eta osasun langileak daudela zehaztu du, baita etxebizitzak galdu ondoren ospitalean babesa bilatzen ari ziren pertsonak ere.

Israelgo Armadak anbulantziaren aurkako erasoa baieztatu eta bere bertsioa eman du: Hamaseko «zelula terrorista» batek erabiltzen omen zuen armak garraiatzeko. Erasotutako tokia «borroka gunea» dela eta beraz zibilei bertatik hegoalderantz alde egiteko esan die, «beren segurtasunagatik».

Bi ordu lehenago, Ilargi Gorriak Al Quds ospitalearen aurkako erasoak ere salatu ditu, biktima kopuruari buruzko informaziorik eman gabe, baina gogorarazi du 14.000 desplazatu, gehienak emakumeak eta haurrak, ospitale horretan babesten direla.

Anbulantzien aurkako erasoa Al Rashid kalean

Erakundeak azaldu duenez, 16.30ak aldera Rafatik zetorren anbulantzia talde bat erasotu du Isarelek Al Rashid kalean. Gutxienez 14 pertsona hil dira, gehienak emakumeak eta haurrak.

Lekukoen arabera, anbulantziak ezin izan dira bertara iritsi tankeen tiroen ondorioz.

Gazako Osasun Ministerioak ordu batzuk lehenago jakinarazi du zaurituak zituen anbulantzia karabana batek hegoalderantz abiatzeko asmoa duela, eta konboiari laguntzeko eskatu dio Gurutze Gorriari.

«Zaurituen bizia salbatzeko premia larriaren aurrean (...), beren erantzukizunak betetzeko eskatzen diegu guztiei, eta anbulantzia konboi bat joango dela iragartzen dugu, zauritu kopuru handiarekin, Gazako hegoaldera eramateko», ziurtatu du.

Osasun agintariek azaldu dutenez, «ehunka zauritu larri egoera kritikoan daude», eta ezin dituzte Al Shifako ospitalean tratatu. «Egiptoko Errepublika Arabiarreko ospitaleetan ospitaleratu behar dituzte», adierazi dute.

Ministerioaren arabera, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari jakinarazi diote babesa eta zaurituak ateratzeko pasabide seguru bat eskaini behar dela, baina, dioenez, israeldarrek ez dute onartu eskaera.

Joan den azaroaren 1ean sartu ziren Egipton lehen zauritu gazatarrak Rafahren postutik. Egiptoko berrogeita hamar anbulantzia inguruk dozenaka zauritu larri eraman zituzten.

NBEren eskola bat ere bai

Anbulantziez gain, Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) Gaza hiriko iparraldean duen eskola bat ere bonbardatu du Israelgo Armadak eta dozenaka hildako eta zauritu utzi ditu, Wafa palestinar berri agentziaren arabera.

Erasoak Al Saftawi inguruan dagoen Osama Bin Zaid eskolari eragin dio eta bertan errefuxiatu palestinar asko zeuden, iturri horrek berri eman duenez.

Al Jazeera telebista kateak adierazi duenez, gutxienez 20 pertsona hil dira, baina balantzea handiagoa izan daiteke.