Majo sufrituta, Iraitz Zubizarretak zapuztu du azpeitiarren arteko finala (22-19)
Ia edozein aldetara eror zitekeen partida estu eta gogor batean, ataundarra osoago heldu da azken txanpara eta bere bigarren finala jokatuko du Promozioko kaiolan Egiguren V.aren aurka.
Gertu egon da, inork ez du aurtengo Promozioko Lau eta Erdikoan Iraitz Zubizarreta horrenbeste estutu, baina datorren larunbatean ez da azpeitiarren arteko finalik izango, partida ezin orekatuago batean, azkoitiar sustraiak dituen ataundarra nagusitu delako (22-19). Presioa handia bazen ere, bete-beteko partida jokatu dute Baikoko bi aurrelari gipuzkoarrek eta azkenerako goierritarraren joko elektrikoagoa nagusitu da eskuinez oso fresko aritu den azpeitiarraren aurrean. Lehia oso borrokatu baten ondoren, hauspoz ere, osoago heldu da azken txanpara Zubizarreta eta bere bigarren finala jokatuko du iazko txapeldun ordearen aurka. Aurten bertan, Amezketako Larrunarrin aritu ziren elkarren aurka bi finalistak eta garaipena Zubizarretarentzat izan zen (22-7).
Partidak oso hasiera bizia eta orekatua izan du, joko ideia desberdinekin, pilotari bakoitzak gauzak egoki eginez. Unai Alberdik oso argi zuen Zubizarreta frontisetik urrun mantendu behar zuela eta eskuinez luze jo ahal izan duenean zailtasunetan jarri du ataundarra.
Iraitz Zubizarretak, aldiz, aukera izan duen bakoitzean aurrera pausoa eman eta arerioa mugitzen saiatu da. Eskuz eta hankaz bizi aritu da goierritarra, baina 4-2koan izan ezik, markagailuan atzetik joatea egokitu zaio, egia esanda, azpeitiarrak tanto pare batean zorte dezente ere izan baitu. Lan erdietan partida hamaikana berdintzeko aukera izan du, baina saketik falta eginda bi tantoz azpitik joan da lehen atsedenaldi luzera.
Ezin zulorik ireki
Aldagelatik bueltan, zuzenegi jokatuta, Zubizarretak izan du krisi momentu labur bat Alberdi II.ak lau tantotako alde arriskutsu bat ere hartu dio, baina txokoan ondo bukatutako tanto batekin sakea berreskuratu eta lehen pilotakadari etekina aterata, aurretik jarri da, partidan bigarren aldiz, goierritarra (17-15).
Partida, ordea, ez da inondik inora hautsi eta, erreakzio bikain batekin, Unai Alberdi izan da, beste behin, bigarren etenaldira, tanto bakarraz izan bada ere, aurretik joan dena. Hala ere, bi pilotariak tarte batez sakeari eutsi ezinda aritu ostean, amaieran fisikoki ere osoago iritsita, goierritarrak lau tanto egin ditu jarraian eta bere bigarren finalerako txartela eskuratu du.
FITXA TEKNIKOA:
Zubizarreta: 22
Alberdi II: 19
Pilotakadak: 318. Iraupena: 61,36 minutu. Markagailua: 0-2, 4-2, 4-8, 6-8, 6-9, 8-9, 8-11, 01-11, 10-13, 11-13, 11-15, 17-15, 17-18, 18-18, 18-19, 22-19. Sakeak: 3 (falta 1) Zubizarretak eta 2 Alberdi II.ak. Egindakoak: 11 Zubizarretak eta 13 Alberdi II.ak. Galdutakoak: 3 Zubizarretak eta 8 Alberdi II.ak. Gorabeherak: Sarrera ona Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Aimar Zaldua aritu da Zubizarretaren botilero lanetan eta Aimar Morgaetxebarria Unai Alberdirekin. Lehen sakea urdin.