INFO

Kilometro eta erdi baino gehiagoko jende oldeak euskararen aldeko erantzun indartsua eman zuen

1.500 metroko luzera duen Bilboko Kale Nagusia guztiz betetzera iritsi zen larunbat arratsaldean Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko manifestazioak. Adin eta esparru askotako dozenaka milaka lagunek euskararen aldeko erantzun indartsua eman zuten.

Manifestazioa Kale Nagusian aurrera, Jesusen Bihotza atzean dela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarriak Bilboko Kale Nagusia hasieratik amaierara jendez bete zuen. Hasi baino lehen, Euskalduna Jauregiaren atarian, erakundeek eta eragileek erakutsitakoa baino, jendeak adierazitako elkartasuna azpimarratu zuen Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusiak.

Manifestazio «historikoa» izango zela espero ote zuten galdetuta, Eskisabelek bederen euskalgintzarentzat «mugarria» zela ziurtatu zuen. Azaldu zuenez, euskalgintzak eta euskararen arteko mugimenduak «urteak» zeramatzaten «kezka bat partekatze formatuan», alegia, manifestazio batekin kalera atera gabe.

Idazkari nagusia adierazpen hauek egiten ari zen bitartean Jesusen Bihotzaren plazatik, Abandoibarra etorbidetik, Casilda Iturrizar parketik eta beteta zegoen tranbiatik zetozenak manifestazioaren abiapuntuaren inguruak hartzen hasiak ziren. Behin lehenengo lerroa abiatuta, txoko guztietan zain eta txaloka zegoen jende multzoek amaigabeak ziruditen.

Kontseiluak aurreko egunetan esandakoaren arabera, 50 autobus baino gehiago zeuden antolatuta larunbat arratsaldean Bilbora joateko Euskal Herriko makina bat tokitatik. Hala ere, egunean bertan antolatzaileek sareen bitartez nabarmendu zutenez, 69 autobus zeuden aparkatuta San Mames zelaiaren ondoan.

Plaza Eliptikora iritsi arte, jendez betetako espaloien korridore batek harrera egin zien pankarta zeramatenei eta atzetik martxarekin bat egiten zutenei. Bitartean, eta manifestazioa hasi eta ordu erdira, jende asko zain zegoen oraindik Euskalduna Jauregiaren ingurumarian, handik mugitu ezinik. Han zeuden manifestatzaile askok honen berri eman zuten sare sozialen bidez, buruak itsasadarraren beste ertzerantz aurrera egiten zuen bitartean.

Aurrerago, Plaza Biribilera, hau da, kalearen amaierara, heldu zenean, jendetza beste muturreraino heltzen zen, Jesusen Bihotzeraino. 1.500 metroko luzera duen Kale Nagusi osoa hartzen zuen euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko manifestazioak.

Emozioa eta aldarrikapena

Udaletxearen atarian egin zuten amaierako ekitaldia handik amaigabea zirudien jendetza batek inguratu zuen. Idurre Eskisabelek emandako hitzaldiak, Ruper Ordorikaren musikak, jendea elkartu zuen sokadantzak eta bukaerako kantaldiak lagunduta, hunkidura kutsu bat batu zitzaion Bilboko zabalgunea zeharkatu zuen aldarrikapenari.

70.000 pertsona baino gehiagok, Udalaren datuen arabera, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko aldarri irmoa eraman zuten Bilboko kaleetara, alderdi politikoetako, sindikatuetako, nazioarteko hizkuntza gutxituen aldeko eta beste eragile batzuetako ordezkariak barne. Eskisabelek zioen bezala, «mugarri» izan den mobilizazioaren ondoren Euskalgintzaren Kontseilutik akordio sozio-politiko baten alde egin zuten, «ezinbestekoa» delakoan, bai oldarraldiari «hesi bat» jartzeko, baita euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko hizkuntza politikoak bideratzeko ere.