INFO

Menane Oxandabaratzek jasoko du Rikardo Arregi Sariaren ohorezko mugarria

Menane Oxandaratzek jasoko du Rikardo Arregi Sariaren ohorezko mugarria. Kazetaritza eta Komunikazio saridunak hilaren 29an Andoainen egingo den ekitaldian emango dira jakitera. Finalisten izenak hilaren 8an zabalduko dira.

Menane Oxandabaratz, ‘Herria’ astekariaren bulegoan. (Guillaume FAVEAU)

Menane Oxandabaratzek jasoko du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Hilaren 29an izango da sari banaketa Andoainen eta han Kazetaritza eta Komunikazio saria nortzuk diren jakingo da. Finalistak hilaren 8an emango dira jakitera.

Menane Oxandabaratz (Gamarte, 1962) Irulegiko Irratiaren sortzaileetakoa izan zen. 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan ziren hango euskaldunengana heltzeko, tokian tokiko eta Euskal Herri osoko berriak emateko, euskal musika eta kultura etxeetako sukaldeetaraino sartzeko eta hedabideen kanala hein batez euskalduntzeko.

Dozenaka boluntarioen lan militantea ezinbestekoa zen irrati haiek aitzina eramateko, eta Oxandabaratz gidari erreferentea izan zen: irratiko lehendakari ardura bete zuen zenbait urtez eta, batez ere, kazetari boluntario aritu zen hogei bat urtez. ‘Ez da musik‘ saioa izan zen haren lan entzunena: Euskal Herriko ehunka jende ezagunen sakoneko elkarrizketa bereziak egin zituen. Hori guztia, bitartean gasnategi batean lanean ari zela.

Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, ‘Herria’ astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta sare hori zabaldu. «Lan orduez gain, militantzia ordu anitz eskaini dio herria josteko funtzioa duen astekariari: herriz herriko berrien bidez, gai sozialak jorratuz, Euskal Herriko eta mundu zabaleko albisteak landuz eta aldizkaria osatzeko baitezpadakoa den herritarren sare militanteari kohesioa emanez», nabarmendu dute Rikardo Arregi sarietako antolatzaileek.

«Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela (edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela) frogatzen duen horietakoa da Menane Oxandabaratz», nabarmendu dute antolatzaileek.

Ohorezko mugarria nahiz finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Eneko Bidegain Aire (idazlea eta MUko Huheziko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza Ruiz de Alda (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Miren Gabantxo Uriagereka (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Pantxika Maitia (kazetaria eta film-egilea),  eta Ion Muñoa Errasti (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea). Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria dira.