INFO

Aberastasunaren gaineko zerga hamar bat lagunek baino ez dute ordainduko Gipuzkoan

Aberastasunaren gainerako zergak oso eragin txikia izango du Gipuzkoan, ordainduko duten kopuruari erreparatuta: hamar bat lagun baino ez, onartu du Jokin Peronak Ogasun arloko arduradunak. PPrekin bilera egin eta hurrengo egunean zehaztu du; alderdi honek beharrezko bozak eman lizkioke egitasmoari.

PPko ordezkariekin bilera egin zuten astelehenean Aldundiko arduradunek. (Maialen Andres | Foku)

Duela bi aste iragarri zuen Bizkaiko Aldundiak Aberastasunaren gaineko zerga berriak herrialdean 51 laguni bakarrik eragingo diola. Astearte honetan bere proposamena aurkeztu du Gipuzkoak, eta oraindik dirudun gutxiagok ordainduko duela aurreikusten da: hamarren batek baino ez, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak egindako aurreikuspenaren arabera.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman du horren berri. Abenduaren 31rako onartua izatea nahi du Aldundiak, baina horretarako beste talde baten oniritzia beharko du. Emandako zehaztapenak ikusita, PPren aldera jo dutela dirudi. Astelehenean PP eta Aldundiaren arteko bilera burutu zen, aurrekontu proiektuaren ingurukoa.

Peronak azaldu duenez, proiektu berriak «lau tarteko tarifa bat planteatzen du, % 1,70eko tasarekin 3,2 milioi euroko likidazio-oinarritik aurrera, eta % 3,50eko gehieneko tasarekin 16 milioi eurotik gorako likidazio-oinarrietarako». Kuota osoaren muga kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko PFEZaren oinarri ezargarriaren portzentajea % 60 izango da, eta kuotaren gehieneko murrizketa % 80. Zerga-zorra zehaztean, ekitaldi berari dagokion ondarearen gaineko zergaren kuota kenduko da.     

«Azken hiru ekitaldietako ondarearen gaineko zergaren aitorpenetan oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak uste du zerga berri honek hamar bat zergaduni eragingo diela eta 300.000 eurotik gorako bilketa-eragin positiboa izango duela», aipatu du Peronak. Bizkaian bi milioi eurotan dago aurreikuspena.

«Zerga proiektu honen bidez, ondarearen gaineko zergaren osagarritasuna bermatzen da, eta Estatu mailan onartutako elkartasun zerga Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistemara egokitzen da», nabarmendu du Peronak.

Fortuna Handien gaineko zerga aldi baterakoa izango da, 2023ko ekitaldirako hain zuzen ere.

7.000 lehen, 10 orain; 64 miloi, 300.000 euro

EH Bilduk Gipuzkoako Aldundia kudeatu zuen legealdian (2011-2015) Fortuna Handien gaineko zerga eraman zuen aurrera, PSErekin fiskalitate arloan eskuratutako akordioen bidez. Baina orduan 7.000 lagun inguruk ordaindu zuen; oraingoarekin ez zuen zerikusirik, beraz, izen berdina izan arren.

EAJk agintea berreskuratu zuenean, zerga hori goitik behera desitxuratu zuen, «ezkutu fiskala» izateko formularen bitartez. Orain itxuraz aberastasunaren gaineko tasa berrartu behar zituen, Gobernu espainolak abiatutakoaren bidetik, baina oso eragin murritza izango du.

Aipatutako legealdian 57,2 milioi euroko dirusarrerak izan zituen Gipuzkoako Ogasunak 2013. urtean; 59,5 2014an; eta 64,3 2015ean. Zehaztu behar da orduan Aberastasunaren gaineko zerga Ondasunarena ordezkatu zuela. Orain Ondasunarena indarrean da berriz eta Fortuna Handien gainekoari izaera osagarria ematen zaio.