Jokalari onak talde on bihurtzeko aurreneko urratsa Pireon eman nahi du Saski Baskoniak
Olynpiakosen kantxan lau aldiz baino ez du irabazi bere historian talde gasteiztarrak, horietatik hiru Dusko Ivanovicen aginduetara. Ostegunean 18.15ean lan txarrak baditu ere, gutxienez Montenegroko entrenatzaileak bere taldeari «hobetzeko» borondatea ikusten dio.
Orotara, 46 aldiz jokatu dute Olympiacosek eta Saski Baskoniak 2000. urteaz geroztik, Euroligako «klasikoetako» bat bihurtu delarik Pireoko taldea eta gasteiztarren arteko lehia. Balantzea 28-18 dago greziarren alde, batez ere Bakea eta Laguntasunaren Estadioan –‘Bi Gezurren Estadioa’ izenaz ere aski ezaguna– arabarrek lau aldiz baino ez baitute irabazi.
Zaila dirudi ostegunean, 18.15ean hasiko den norgehiagokan, Saski Baskoniak bere historiako bosgarren garaipena lortuko duenik Olympiacosen etxean, baina ez da ahaztu behar gasteiztarren lau garaipen horietatik hirutan Dusko Ivanovic zela Baskoniaren entrenatzaile eta partida bakoitza irabazi litekeela sinetsaraztea dela Montenegrokoaren ohiko bertuteetako bat, lesioak lesio eta egoerak egoera.
«Jokalariek egunero hoberantz egiteko gogoa eta borondatea dute, eta hori da hobetzen hasteko behar dena. Jokalariek badakite onak direla, baina kontua hori baino gehiago da, ona izateak ez baitu esan nahi baitezpada ondo jokatuko duzula; talde bat benetan ona izango bada, 40 minutuak, hasi eta buka, borrokan jarraitzeko prest egon behar du eta borrokan jarraitzeko nortasun eta pazientzia horiek erakutsi behar ditu. Nire itxaropena da talde honek pixkanaka lortuko duela bide horretan aurrera egitea eta hortik jarraituta lortuko dute jokalari on hauek talde on bat bilakatzea», adierazi du Dusko Ivanovicek, asteazken honetako kazetarien aurreko agerraldian.
Errekurtsoak eta gabeziak
Olympiacosek, iaz, hatzen puntekin ikutu zuen Euroligako garaipena, bere laugarren txapelketa 1997, 2012 eta 2013an irabazi eta gero, baina Sergi Llullek izorratu zituen Georgios Bartzokasek zuzentzen duen taldearen ametsak. Hori gutxi ez eta, aurtengo denboraldirako hutsune nabarmenak bete beharko ditu talde greziarrak, Sasha Vezenkov, pasa den Euroligako jokalari onenak, NBArako bidea hartu baitu eta Kostas Sloukas historikoak Panathinaikos «etsaiaren» elastikoa aukeratu baitu bere kirol bizitza jarraitzeko.
Hargatik, Olympiacos bera ere ez dabil finegi 2023/24 Euroliga honen hasieran, sei partida jokatu eta erdiak baino ez baititu irabazi. Ondorioz, zortzigarren doa sailkapen nagusian. Pentsa, Baskoniak joan zen ostiralean Partizanen aurka halakoren baten denboraldiko bigarren garaipena lortu bazuen, bada, talde gasteiztarra Olympiacosengandik garaipen bakarrera dago.
Baina, esan bezala, Atenasen irabaztea oso da zaila beti. Gasteiztarren aurreneko garaipena Pireon, 2001eko otsailaren 22an izan zen, Euroligako final-zortzirenetako kanporaketen bitan. Famatua izan zen garaipen hura, ia inoiz ez bezala, Dusko Ivanovicek 2-3 zonakako defentsa agindu baitzuen Dino Radja –Ivanovicen taldekidea 80. hamarkada bukaerako Jugoplastika mitiko hartan–, David Rivers, Stephane Risacher edo Dimitrios Papanikolau zeuden talde haren aurka.
Izan ere, aurreneko erdia 41-22 amaitu zen greziarren alde, baina zonakako defentsa hark Ilias Zourosek zuzentzen zuen taldea bere bidetik atera zuen, hirugarren laurdenean 10-28ko partziala erdietsiz eta azkenerako 72-78 nagusitzea lortuz. Gero, Gasteiztik Euroliga amaitu aurretik hanka egin zuen Victor Alexanderrek 22 puntu eta 8 errebote pilatu zituen, Fabrizio Obertorekin batera uztaipean nagusi izatea lortuz. Corchiani eta Bennett antolatzaileak izan ziren Baskoniaren beste bi giltzarriak partida hari buelta eman eta Pireon aurrenekoz irabazteaz gain, Saski Baskonia Europako lehiaketarik handienean lekua egiten hasi zedin.
2004ko martxoaren 10era arte ezin izan zuen Saski Baskoniak garaipenik errepikatu ‘Bi Gezurren Estadioan’: 83-85 nagusitu ziren Dusko Ivanovicenak, Macijauskas, Scola, Splitter eta Kornel Daviden lan bikainari esker. Baskonia 75-82 aurretik izan zen partida amaitzear zela, baina Olyumpiacosek gogotik estutu zuen eta Baskonian tarte labur batez aritutako Christon Harisis antolatzaileak garaipenaren jaurtiketa izan zuen etxekoentzat. Baskoniaren zorionerako, ez zuen asmatu.
2007ko apirilaren 5ean lortu zuen talde gasteiztarrak bere aurreneko garaipena Pireon Dusko Ivanovicik gabe. Bozidar Maljkovic zen egun haietan Baskoniaren entrenatzaile eta 2007 hartan Atenasen jokatu behar zen Final Fourrerako txartela egun hartan eskuratu zuten arabarrek. Kanporaketako aurreneko dema 84-59, erraz asko irabazi zuen Baskoniak, baina Maljkovicek partida osteko prentsaurrekoan esandakoak gogoan eraman zituzten bere jokalariek. «Taldeak zeinen handi diren etxetik kanpo jokatzen dutenean azaltzen da». Azken emaitza 89-95 izan zen Baskoniaren alde ‘Scoonie’ Penn, Arvidas Macijauskas, Alex Acker, Henry Domercant edo Sofoklis Schortsianitisek jokatzen zuen Olympiacos haren aurka, Pini Gershon entrenatzaile israeldar ahobero hark zuzentzen zuen taldea, hain zuzen. Scola eta Tiago Splitterren artean 38 puntu eta 19 errebote pilatu zituzten eta kanpotik, berriz, Igor Rakocevic eta Sergi Vidal bikain aritu ziren bigarren laurdenaz geroztik markagailuan aurrea hartu eta kanporaketa erabakita lagatzeko.
Hamahiru urte luze pasa behar izan ziren Baskoniak orain arte Pireon lortu duen azken garaipena dastatzeko, berriz ere Dusko Ivanovicen aginduetara: 2020ko azaroaren 26a, hain zuzen. Inoizko garaipenik zabalena lortu zuten gasteiztarrek, gainera: 76-90, Pierria Henryk 17 puntu, 11 asistentzia eta 6 errebote eskuratu ostean, eta bere ondotik Zoran Dragic, Polonara eta egun Olympiacosen jokatzen duen Alec Petersen eskutik. Vassilis Spanoulisen azken urtea zen hura, eta Printezis, Sloukas edo Kostas Papanikolau beteranoekin batera, Shaquielle McKissic bezalako jokalariek osatzen zuten Georgios Bartzokasen aginduetara talde greziarra.
«Lehen eta orain, dibertsitate handiko taldea dauka beti Olympiacosek», dio Dusko Ivanovicek. «Berdin egin diezagukete min urrutiko jaurtiketekin zein uztaipean. Maila altuko jokalariak izateaz gain, denbora luzean elkarrekin jokatzen dabiltzalako. Baina horren aurrean gure zeregina da talde gisa hobetzen joatekoa. Hasi defentsa lanetik eta erasoa gero, egunero apur bat hobeto aritzea da gure betebeharra. Jokalariengan hobetzeko jarrera hori ikusten dut eta hori ona da, eta orain denbora kontua da gure mailarik onena ateratzea lortu arte», gaineratu du, jakinean bide horri heldu beharko diola Baskoniarentzat zailenetakoa dirudien kantxetako batean bere bosgarren garaipena lehenbailehen iritsi dadin. Ahal bada, ostegun honetan bertan.