INFO
Entrevue
Mariasun Quiñones
Athleticeko atezaina

«Partida onak egiten ditugu, baina erregulartasuna lortu behar dugu»

«Pozik eta etxean» sentitzen den arren, emaitzak ez dira onenak izan Mariasun Quiñones (Hondarribia, 1996) Athleticera heldu zenetik. Baina klubaren proiektua, gazteen proiekzioa eta fitxaketen kalitatea ikusita, atezainak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari.

Mariasun Quiñones, Lezaman. (ATHLETIC CLUB)

Finala birritan jokatu badu ere, inoiz ez du Athleticek Kopa irabazi. Talde zuri-gorrian, berriz, badaude orain dela lau urte trofeoa altxatu zuten lau futbolari. Itxaso Uriarte, Nahikari Garcia eta Maddi Torre orduko eta oraingo taldekideekin errepikatzea gustatuko litzaioke Mariasun Quiñonesi, baina ez du nahi ilusioak inor itsutzea eta «bigarren partida jokatzeko, lehena irabazi behar» dela gogorarazi du. Granadan, atezainak Kopa irabazi zuen zelai berean, emango du bihar Athleticek bidearen ezinbesteko lehen pauso hori.

Pozik ekingo diozu, azken partida biak jokatu ondoren.

Bai eta ez. Jokalariok jokatu nahi dugu eta, alde horretatik, pozik nago, baina futbolean beti bizi gara azken emaitzarekin eta ona izan ez zenez...

Lehiakide ezaguna daukazu. Realean eman zenuen azken urtean bezala, Adriana Nanclaresekin borrokatu behar duzu postuari eusteko.

Bai, oso ezaguna. Eta oso lehiakide ona ere bai. Horretan gabiltza biok eta, gainera, oso berdinduta. Oso ondo entrenatzen ari gara biok eta entrenatzaileak nahiko zaila dauka asteburuetan aukeratzeko.

Izan ere, oraindik ezin dugu «atezain titularraz» hitz egin, minutuak banatu baitituzue. Horrela izango da urte osoan?

Ez dakigu. Entrenatzaileak esaten diguna da ondo entrenatzen gabiltzala eta horrela jarraitzeko. Eta gero erabakitzen du zeinek jokatu. Ez digu esan zuk hiru jokatuko dituzu, zuk hurrengo hirurak... Partidaz partida doa, eta astearen arabera, aurkariaren arabera, gure ezaugarrien arabera... aukeratzen du. Egunero egiten dugunak garrantzi handia dauka berarentzat.

Txandakatzea ez da ohikoena, baina ez du zertan txarra izan. Atezain batek zer nahiago du?

Atezaina izan ala ez, futbolari guztiok nahi dugu dena jokatu; hori argi esan behar da. Hortik aurrera, sistema guztiek dute beren alde ona eta beren alde ez hain ona. Adibidez, atezainok erregulartasuna behar dugu, denboraldian zehar horrela hartzen baitugu maila, kalitate hori. Konfiantzarako ona da, batez ere partida txar bat egin duzunean edo sentsazio txarrekin amaitu duzunean. Baina nekearen aldetik hobea izan daiteke txandakatzea; partida guztiak jokatzen dituzunean buruak ere eragiten dizu neke hori. Eta eguneroko lanak garrantzia hartzen du, gogor egiten duzu lan eta ezin duzu burua jaitsi, edozein momentutan jokatu dezakezulako. Guk gure esku   dagoena egin behar dugu, lana ondo egin, entrenatu eta entrenatzailearen plana aurrera eraman ahalik eta ondoen.

«Koparen aurrean ilusioa eta motibazio handia ikusten dut. Eta baldintza horiekin, taldeak hobeto jokatzen du, derbian ikusi zen bezala»

Hirugarren denboraldia duzu Athleticen. Nolakoa izaten ari da esperientzia?

Ona, polita. Heldu nintzenetik etxean bezala sentiarazi naute. Gainera, jakinda Realean zazpi urte eman nituela, nire etxea bera zela. Hara 17 urterekin heldu nintzen eta orain ikusten dut gazteak nola hasten diren gure aldagelan adin horrekin. Eta ni 27 urterekin beteranoen figura betetzen ari naiz, nahiz eta gazte sentitu.

Realean jarraitzeko eskaintza zenuen, baina Athleticena aukeratu zenuen. Merezi izan du?

Nik uste dut bizitzan hartu ditudan erabaki guztiek merezi izan dutela. Agian gauza batzuk galdu ditut, baina beste pila bat irabazi ditut. Oso gustura nago, oso ondo egiten da lan eta emakumezkoen futbolari balio izugarria ematen diote, klubean eta gizartean. Gipuzkoan ere horrela da. Gainera, adinarekin futbola beste ikuspuntu batetik baloratzen joan naiz, heldutasun hori hartuta, egunerokoan egiten dugun gauza pila bat baloratzen... Ni hasi nintzenean ez zeuden gauza asko dauzkagu orain Lehen Mailan. Erabakia ona izan da, ez Realetik ateratzeagatik, Athleticen oso ondo hartu nindutelako eta oso pozik nagoelako baizik.

Mariasun Quiñones, entrenamendu batean. (ATHLETIC CLUB)


Zoritxarrez, emaitzak ez dira onenak izan urte hauetan.

Taldeak partida onak egiten ditu eta lehiatzeko maila erakusten du, baina erregulartasuna lortu behar dugu, futbolean dagoen gauza garrantzitsuenetakoa da. Zaila da hori urtetik urtera jokalari garrantzitsuek alde egitean, bloke bat mantentzen bada ere. Baina jokalari on asko daude; aurten klubak apustua egin du eta sekulako jokalariak ekarri ditu eta, batez ere, eguneroko lana oso ona da.

Zazpi jardunaldi jokatu dira. Ez dakit nahikoa diren denboraldia nolakoa izan daitekeen sumatzeko.

Etxean lehiatzen eta puntuak ateratzen ari gara, baina etxetik kanpo ere lortu behar ditugu; zer edo zer egin nahi badugu ezin dugu hainbeste aukera pasatzen utzi. Partida onak buruan izan behar ditugu partida txarretan gauza positiboak ateratzeko eta burua goian mantendu.

«Etxean lehiatzen eta puntuak ateratzen ari gara, baina etxetik kanpo ere lortu behar ditugu»

Helburu zehatzik ba al dago? Edo aurrekoa hobetzea eta gerokoak gero?

Nik uste dut taularen aurreko erdian egon behar garela nahitaez. Egia da proiektua ez dela aurtengoa, emaitzak heltzen joango direla denborarekin, baina nik uste dut taldea gorago egon behar dela. Ezin da partidan pentsatu eta esan ‘jo, ba gola sartu bagenu...’, ametsetan ezin da bizi. Goragoko postuetan gelditu behar garela uste dut, seigarrenetik gora; klubak apustua egin du eta jokalariok dena eman behar dugu horretarako. Gure lana da eta gure pasioa da eta, horretaz gain, jende askoren lanaz inguratuta gaude.

Bartzelona lehian dagoenean gainontzekoen aukerak dezente murrizten dira, baina Kopa helburu zehatz eta polita izan daiteke.

Zalantzarik ez. Kanporaketa guztietan ikusten da edozeinek irabaz dezakeela eta horrexegatik joan behar dugu partidaz partida. Beti begiratzen duzu pixka bat urrutira, ilusio handia pizten digun txapelketa baita, baina inoiz ezin dugu ahaztu bigarren partida jokatzeko lehenbizikoa irabazi behar dugula.

Ilusioaz gain, ez dakit larritasuna ere sortuko ez ote duen Athleticengan. Klub honen arantza da Kopa.

Bai, egia da kostatzen zaigula. Hemen aurrera egiteko ere, oso garrantzitsua da lehen esan dizudan erregulartasuna, konfiantza ematen baitizu. Baina lehian sartu aurretik, orain, batez ere esango nuke taldea oso kontzentratuta dagoela eta ilusio eta motibazio handia duela. Eta baldintza horietan, taldeak hobeto jokatzen du, derbian ikusi zen bezala. Granadara sentsazio berekin goaz.

Athleticek ez baina Athleticeko lau jokalarik irabazi duzue Kopa dagoeneko.

Bai. Eta komentatu dugu, batez ere Granadan lortu genuelako; taldekide batzuek ez zekiten bertan lortu genuela. Ia seinale bat bada bertan hastea. Oso txapelketa polita da eta, noski, oroitzapenak zoragarriak dira.

Granadarekin berarekin aurrekariak ere ez dira txarrak. Denboraldiko lehen garaipena euren kontra ospatu zenuten. Gainera, une zailean dago, sei partida jarraian galdu ostean.

Gu ere Betisen kontrako emaitzari buelta emateko gogoz  goaz. Partida estua izango dela uste dut. Azken finean, 1. mailako bi talde gara. Partida polita izango da, gogorra, intentsoa... Lezaman irabazi genuen, gainera atea hutsean utzita, eta horrek lagundu behar digu, gutxienez babes hori daukagu konfiantzaren aldetik eta badakigu plana eta zer motatako jokalariak diren. Orain kanpoan jokatuko dugu, baina ziur nago gauza asko ondo egingo ditugula golak sartzeko eta partida irabazteko.