INFO

Baikok Iñaki Artola Binakakoan sartuko du Mikel Urrutikoetxearen ordez

Bilboko enpresak hurrengo txapelketan arituko diren pilotarien zerrenda jakitera eman du eta hori izango da berrikuntza bakarra.

Iñaki Artolak aurre hartu dio Mikel Urrutikoetxeari aurtengo Binakakoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Iñaki Artola Mikel Urrutikoetxearen ordez. Horixe izango da azaroaren 24an Azkoitian hasiko den 2024ko Binakakoan Baikok egingo duen, iazko zortzikotearekiko aldaketa bakarra. Lau eta Erdikoaren finalaren atarian, enpresak ari dira dagoeneko hurrengo txapelketa prestatzen eta Bilboko enpresak gaur eman du jakitera zeintzuk izango diren bere ordezkariak, nahiz eta bikoteak osatuta nola egongo diren aurkezpen egunerako utzi duen.

Nonbait, udan Iker Larrazabalekin egindako apustuak –udako torneo garrantzitsuenetan titular izan zen amurrioar gaztea– ez ditu erabat ase Baikoko kirol arduradunak eta urteko txapelketarik luzeenerako eskarmentuaren aldeko hautua egingo dute, nahiz eta enpresako pilotaririk beteranoenak ez duen lekurik izango.

Udan Bilboko Aste Nagusian baino ez zuen jokatu Mikel Urrutikoetxeak, Lau eta Erdikoan Iker Salaberriak kanporatu zuen lehen kanporaketan eta gainera ordutik kantxetatik at mantentzen duen zuntz haustura bat izan zuen. Gauzak horrela, 2013tik lehen aldiz, –2015ean ez zuen jokatzerik izan mina hartuta zelako– Zaratamokoa ez da titular izango denboraldiko txapelketarik luzeenean.

Hiru urte eta gero bueltan

Bere ordez, aste honetan bertan bere kontratua bi urterako berritu duen Iñaki Artola ariko da titular gisa. 2021ean aritu zen alegiarra azken aldiz Binakakoan titular gisa, Arangurenekin bikotea osatuz. Aurten ikusi egin behar nor izango duen bizkartzain, momentuz enpresatik eman den pista bakarra Unai Laso jotzaile batekin –Mariezkurrena edo Albisu– jarriko dutela izan baita. Bizkarreta-Gerendaingoak Buruz Burukotik darama kantxetatik kanpo aldakan egin zioten ebakuntzarengatik eta enpresak lagundu egin nahi dio beharrezkoa duen erritmoa har dezan.

Artola, Jaka, Laso eta Peña izango dira aukeratutako aurrelariak eta Mariezkurrena, Albisu, Imaz eta Aranguren atzelariak, hau da, sei gipuzkoar eta bi nafar.

Esan bezala, Binakakoa Azkoitian hasiko da azaroaren 24an ostiralez eta lehen jardunaldiko partida guztiak Gipuzkoan jokatuko dira; Aizarnazabalen larunbatean, Seguran igandez eta Eibarren hilaren 30ean, San Andres egunean, ostegunez. Itxaron egin beharko da, orduan, esku pilota profesionala Labritera itzuli arte.