INFO

Joxe Azurmendiren lan berria, Europa bezain zaharra eta Modernitatea baino gaurkoagoa

Bertatik bertara hartutako oharrak, irakurketak, gogoetak aurkituko ditu irakurleak Joxe Azurmendiren ‘Europa bezain zaharra’ (Jakin, 2023) liburu berrian.

Joxe Azurmendi. (Jon URBE | FOKU)

Bidaia bat proposatu digu Joxe Azurmendi filosofia katedradun, saiakeragile eta poetak: ‘Europa bezain zaharra. Topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero’ (Jakin, 2023). Bidaiaren irudia erabiltzen du Haritz Azurmendi Arruek, liburuaren apailatzaile eta hitzaurrearen egileak. «Europan barrena errepidez, pentsamenduz edo literaturaz» egindako bidaia. Bidaia atsegina, inondik ere, ohi bezala gustuz kontatua; gertaerak, autoreak, literatura lanak, arkitekturaren gaineko iruzkinak eta gogoetak erruz, zorrotz eta erudizioz josita.

Estaturik gabeko nazioei naziotasuna ukatzen zaie eta aldi berean nazionalismoaren ajerik arbuiagarrienak egozten zaizkie: nazionalismoarekin zerikusirik ez omen duten estatu nazioen muinean dauden ajeak, hain zuzen. Horiexek agertzen dira behin eta berriz pentsalari zegamarraren liburuko hamar ataletan, Europako Erdi Aro, Errenazimentu eta Modernitateko historia kulturaleko pasarteetan. Aztergaiak, erlijioa, monarkia, hizkuntza… Denetan ageri da naziorik onena, indartsuena eta «bera nor izateko beste batzuk menpean» izan beharra. Hara printza bakan batzuk, jarraian.

Dante, Petrarca eta Makiavelo idazleei eskaintzen die atal bat, «kulturatik eta hizkuntza lantzetik Italiari zerbitzua ematea helburu» dutela erakusteko. Beste atal bat, Kataroen aurkako guduei eta Okzitaniaren konkistari.

Joachim du Bellay Frantziako errenazimendu nazionalaren pizkunde linguiskikoaren erakusgarri nabarmentetakoaz mintzatzen den atalean, naziotasun frantsesa lantzeko latina utzi eta hizkuntza bulgarean idaztea gomendatzen zuela dio. Luís de Camõesek, «Ernazimentuko literaturaren (eta nazionalismo portugesaren) adierazle gorenak», beste batean, portugesek herri guztiak garaitu dituztela aldarrikatzen du: afrikarrak, asiarrak… eta, batez ere, gaztelauak.

Shakespeareri eskainitakoan, ‘Macbeth’ antzezlana hizpide duela, «hotz-hotzean irakurtzean bakarrik erreparatzen duzu giza tragedia unibertsal ilunpetsua aldi berean nazionalismo ingelesaren obra maisuzkoa dela», dio. Azken atalean, Kornelio Tazitoren “Germania” saioaz dihardu, erabilera eta interpretazio guztiz desberdinetarako bide ematen badu ere «nazionalismo alemanaren eta ‘germanismoaren’ ebanjelio» bilakatu zenaz.

Odolak eta erlijioak batuta

«Bidaiatuz nazionalismoa deskubritzen da, estatua bezain unibertsala baita», dio Azurmendik. Izan ere, ‘Suger de Saint-Denis’ izeneko atalean kontatzen du, grazia handiz, Parisen abate haren katedralera bisita egin zuenekoa: «Guri tokatu zitzaigun gida eta bisitari talde frantses entusiastikoa tokatzen bazaizue, ez duzue nazionalismo txarrenaren eskola txarra izango! Parisen monarkiaz harrotzen da; monarkiari lepoa moztu zion iraultzaz harrotzen da; eta gehien-gehiena iraultza pikutara bidali zuen Napoleonez harrotzen da. Baina nazionalistak alemanak dira».

Nahita utzi dugu azkenerako liburuaren lehen atala, ‘Laus Spaniae’ izenburukoa, ‘Historia Gothorum’ obraren sarrera ere badena. Haren egile San Isidoro Sevillakoak, Goi Erdi Aroko gotzain batek, hispano-erromatarrak eta bisigodo konkistatzaileak senidetu zituen: Iberiarrek bazuten aitalehen bat, Noeren iloba Tubal, baina nola sartu haren oinordekoen artean bisigodoak, germaniar barbaroak? San Isidorok ez bide zuen arazo handirik izan; germaniar haiek katoliko bihurtu berritan, Tubalen anaia Magogen ondorengoak zirela erabaki zuen.

Espainiar guztiak familia berekoak, beraz, Tubalen etorkikoak, erlijioak bide emandako batasunean. Zenbait autore euskaldunek ere bere egin zuten ideia hori, euskaldunak «lehen espainolak» direla sinetsarazi nahi izateraino. Ikusiko dugunez, espainiar gisa eta gaztelaniaz onartuak, baina ez euskaldun gisa.

Ibai Atutxak ‘Barbaroak eta zibilizatuak’ lanean aztertzen dituen barbarizazioak hitzaurrera ekarrita, hala dio Azurmendi Arruek: «Batzuek [Tubalen eta gisa bereko] topiko horietan katigatu nahi dute [euskalduntasuna] betiko, nazionalista irrazional etnizistak vs. zibiko razional konstituzionalistak. […] barbarizazio trikimailu bat gehiago». Filosofo zegamarrak sarritan nabarmen utzi dituen trikimailu horietakoa.

Aspaldi handiko ajeak, gaurkotuak

Nazionalismoa XIX. mendeko fenomenoa dela esan digute nazionalismoaren teorizatzaile nagusiek. Nazioen inguruko gaia iraganeko kontu zaharkitua dela. Azurmendi Arruek, ordea, teoria horien testuingurua kontuan hartu beharra dagoela uste du: «Globalizaziorantz doan hazkunde etengabeko gizarte eredua» gogoan zutela eginak dira.

Benetan zaharkitua, dio, «globalizazio osteko mundu honetan, modernismoaren nazioa geratu da. Horrexegatik behar ditugu erreferentzia berriak, beste garai eta interes batzuekin pentsatutakoek alferrik zama ez gaitzaten».

7K astekarian argitaratutako ‘Netflix-ek Azurmendi irakurri zuenekoa’ izenburuko erreseinan, Azurmendi Arruek erreparatzen dion kontu bat nabarmentzen du Jon Jimenezek: liburuan aipatzen diren topos gehienak ez daude inondik inora ahaztuta, eta Netflix plataforman ikusgai dauden hainbat film eta telesail gogorarazten ditu, idazle zegamarrak aztertzen dituen zenbait topiko gaurkotzen dituztenak. «Nazionalismo hutsala sumatzen da denetan».

Baina egunerokoan ere sumatzen da zein barneratuta dauden topos horiek, baita, edo batez ere, berenak ez diren uste osoa duten modernitatearen seme-alaben artean ere. Duela hogei egun Bilbon, Familia Enpresaren Institutuaren ospakizunean, Espainiako erregearen, PPko presidentearen eta zenbait bankari eta enpresari espainiarren aurrean, EAEko lehendakari Iñigo Urkullu euskaraz hitz egiten hasi zen eta bat-batean bertaratutakoei eztulaldi batek jo eta haien marmarra zabaldu zen aretoan. Urkulluk bere hitzaldia gelditu behar izan zuen.

Itsusia, ezta? Zalantzarik gabe, errege horri eta jende zibilizatu horri oso itsusia iruditu zitzaien Urkulluren errespetu falta. Nazionalista bat jendaurrean bere hizkuntza xelebrean mintzatzen. Errespetu falta eta beharbada gaztelaniaren aurkako erasoa. Ez da ironia.

Egun batzuk lehenago, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen normalizazioaren aurkako epai bi eman zituen, aurreko beste batzuetan bezala euskara babesteko hainbat neurrik gaztelaniari kalte egiten diotela esanez.

Izan ere, hizkuntza –gaztelania– Inperioaren laguna da, gaztelaniaren lehen gramatikaren egile Antonio de Nebrijak dioenez. «Hizkuntza xelebreak», haren etsai.

Azurmendiri itzuri ez zaion pasarte bat hona ekarrita, hara nola ulertzen zuen Nebrijak laguntasun hori: «después que vuestra Alteza metiesse debaxo de su iugo muchos pueblos bárbaros y naciones de peregrinas lenguas, y con el vencimiento aquellos ternían necessidad de recebir las leies quel vencedor pone al vencido, y con ellas nuestra lengua […]. I cierto assí es que no sola mente los enemigos de nuestra fe, que tienen la necessidad de saber el lenguaje castellano, mas los vizcainos, navarros, franceses, italianos, y todos los otros que tienen algún trato y conversación en España y necessidad de nuestra lengua...». Horrela hobeto ulertzen dira euskararen aurkako epaiak, Ibai Atutxak salatzen duen barbarizazioaren ondorio.

Oraina ulertu eta aurrera begiratzeko

Azurmendi «Euskal Herriaren aldeko pentsalaria» dela dio ‘Jakin’ taldeko zuzendari Lorea Agirrek, «eta horrenbestez, pentsalari unibertsala». Gogoetarako gaiak eta tresnak ematen ditu, denboran atzera joz oraina hobeto ulertzeko; «baita etorkizunera begiratzeko ere», Azurmendi Arruek dioenez. Hala uste du Jon Jimenezek ere: «Atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria eta munduaren gainean gogoeta egiteko, ezinbertzekoa zaigu Azurmendiren pentsamendua».

«Irudipena daukat nire idazlan guztiak irakurzale baten apunteak baino ez direla. Dena laster-lasterka egin (behar izan) dut beti», ohartarazi omen zuen zegamarrak bere testua bidali zuenean. Izan ere, hori «baino ez» dira; ba al dago gehiago eskatzerik?