Israelen aireko erasoek eta erregai faltak zerbitzuz kanpo utzi ditu Gazako ospitale nagusiak
Israelen aireko erasoen eraginez eta erregai faltaren ondorioz, zerbitzuz kanpo geratu dira Gazako Al-Shifa eta Al Quds ospitaleak, zerrendako osasun zentro nagusiak. Zerrendaren iparraldean ospitale bakarra dago martxan eta zaurituak etengabe iristen dira bertara.
Larunbatean elektrizitate gabe geratu zen Al-Shifa ospitalea, Gazako handiena, eta bost gaixo hil ziren horren ondorioz, horietako bi haur goiztiarrak. Bada, igandean, osasun zentro honen inguruetara bideratu ditu erasoak Israelek, eta aireko eraso batekin ospitaleko kardiologia-gela suntsitu du.
Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile batek baieztatu du operazioak bertan behera utzi direla Al Shifa ospitalean, eta zehaztu du dagoeneko ez dela bideragarria zentroan zerbitzu medikoak eskaintzea. Era berean, adierazi du ehun gorpu baino gehiago daudela oraindik ospitalean, eta ezin izan dituztela lurperatu.
Gazako Osasun Ministerioaren kalkuluen arabera, ospitalean 1.500 paziente inguru daude, milatik gora mediku eta babes bila joandako beste 20.000 pertsona. Segurtasunik ez dute aurkitu, hala ere.
Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) ziurtatu dute datozen orduetan ospitalean dauden haurrak ebakuatzen lagunduko dutela, 'Haaretz' egunkariak larunbatean jasotako informazioaren arabera, baina momentuz ez dute horrelakorik egin.
Hain zuzen, Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile batek, Ashrafal al Qudrak, nabarmendu du «erabat ezinezkoa» dela zaurituak Al Shifa Ospitaletik ebakuatzea, askok ez lioketelako bizitzari eutsiko. Momentu honetan, 650 paziente daudela zehaztu du.
Pazienteak Gazako zerrendatik hegoaldera ebakuatzeko aukerari dagokionez, Al Qudrak gogorarazi du zentro horiek gainezka daudela eta «bi egun baino gutxiagoan funtzionatzeari utziko diotela, ez dutelako erregairik».
Al Quds «ez dago martxan»
Izan ere, Al-Shifa ez da zerbitzuz kanpo geratu den bakarra. Palestinako Ilargierdi Gorriak esan du Al Quds ospitalea «ez dagoela martxan». «Erregai erabilgarria agortzearen eta energia-mozketen ondorioz, bertan behera utzi dira zerbitzuak», adierazi du erakundeak X-en zabaldutako jakinarazpen batean.
Gauzak horrela, Al Shifa eta Al Quds ospitaleak zerbitzuz kanpo geratu ostean, ospitale bakarra dago martxan Gazako zerrendaren iparralde osoan, Al Ahli ospitalea.
«Zauritu asko iristen dira Al Ahli ospitalera, Gazako eta iparraldeko biktimak hartzen dituen ospitale bakarrera. Ospitalearen edukiera gainditzen duten ehunka zauritu iritsi dira», azaldu du ospitaleko bozeramaile batek, Fadel Naim doktoreak.
Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, pasa den urriaren 7az geroztik, Israelek gutxienez 137 eraso egin ditu Gazako «osasun-arretaren aurka». Ekintza horiek «zuzenbidea eta nazioarteko hitzarmen humanitarioak urratzen dituztela» salatu du erakundeak.
Rafah, irekita
Bestalde, Gaza eta Egipto lotzen dituen Rafah-ko igarobidea ireki da igandean, eta pasaporte atzerritarra duten pertsonek edo herritartasun bikoitza duten palestinarrek zerrendatik ateratzeko aukera izan dute.
Gainera, laguntza humanitarioa garraiatzen duten gutxienez 53 kamioi sartu dira igarobide honetatik Gazara, EFEk jakinarazi duenez.
Jordaniaren mezua EBri
Larunbatean 57 herrialde arabiarrek Riadetik egindako aldarriaren ostean, Ayman Safari Jordaniako Atzerri ministroak zuzenean hitz egin du Josep Borrell Europar Batasuneko (EB) diplomaziaburuarekin. Eskatu dio EBak «gerra israeldarraren amaiera» exijitu dezala eta har dezala Israelek «gerra krimenen» kontrako jarrera.
«Israelek marra gorri denak zeharkatu ditu, legezkoak, etikoak eta humanitarioak, Gazako biztanleen aurka egiten ari den gerra ankerrarekin. Alabaina, nazioarteko komunitateak eta haren erakunde giltzarriek ez dute su-etenik ere eskatu», esan du Safadik.
Alta, ez dirudi EBk norabide horren alde egiteko joera duenik. Igande honetan bertan, Olaf Sholz kantziler alemaniarra Israelen «berehalako» su etenaren kontra agertu da, esanez eraso israeldarrak geldituz gero Hamasek aukera izango lukeela «indarberritzeko eta misil berriak eskuratzeko».