INFO

Diputazioak Madrilekin sinatutako hitzarmena Guggenheimen azpiegituretarako dela salatu dute

Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin sinatutako hitzarmena Guggenheim Urdaibairen azpiegiturak eraikitzeko baliatu nahi dutela salatu du EH Bilduk. 40 milioi euro jasoko ditu Diputazioak.

Batzar Nagusietako batzorde honetan jardun dute Urdaibaiko egitasmoaz. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin sinatutako hitzarmena Guggenheim Urdaibairen proiektua aurrera ateratzeko baliatu nahi dutela salatu du EH Bilduk. Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordean aritu dira gaiaren inguruan astelehen honetan, EH Bilduk hitzarmenaren aurkako proposamena aurkeztu duela eta.

Idoia Buruaga koalizio subiranistaren batzarkideak azaldu du ez dutela proposamena aurkeztu hitzarmenaren aurka daudelako bere osotasunean, baizik eta «bestelako proiektuak bultzatzeko oinarria delako». Halaber, gaiaz mintzatzeko beste aukerarik ez dietela utzi azaldu du eta galdegin du «gaia sakon aztertu eta dagozion txosten juridiko eta teknikoak egitea».

Izan ere, «moduak» behar bezalakoak ez direla izan eta «erabat deuseza» dela uste du EH Bilduk. Buruagak letratu baten bertaratzea eskatu du, hau guztia legala den ala ez argitu dezan. Jesus Lekerikabeaskoa EAJko batzarkide eta batzordeko lehendakariak uko egin dio eskaerari eta EH Bilduren batzarkideak txosten juridikoa idatziz eskatuko dutela jakinarazi du.

40 milioi euroko diru laguntza jasoko du Bizkaiko Diputazioak, Urdaibaiko estuarioaren inguruan garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko. Ordea, Buruagak azaldu du hitzarmena aztertutakoan ondorioztatu dutela ez dela ingurumena lehengoratzeko proiektu bat, funtsean, eta EAJ buru duen Diputazioak egin nahi duen Guggenheim berrirako azpiegiturak sortzeko baliatzea duela xede. Argudio gisa azpimarratu duenez, gaia Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean eztabaidatu beharrean Azpiegiturei dagokionbatzordean aritu direla horren inguruan.

Hitzarmenaren hainbat puntu azpimarratuz azaldu du Buruagak koalizio subiranistaren ikuspuntua. Dalia mahai tresneria fabrika eraistea eta lurretako kutsadura garbitzea jasotzen du hitzarmenak, eta batzarkideak azaldu duenez, kontu handiz egin beharreko lana da, besteak beste, akuifero eta ibaiak ez kaltetzeko.

Halaber, azaldu du eraikina eraistea Bizkaiko ondare historiko industrialaren aurkako ekintza litzatekeela. Muruetako ontziolak dauden lurretako kutsadura garbitzea ere aurreikusten da, eta lan hori diru publikoarekin egitearen aurka agertu da Buruaga, enpresak berak egin beharko lukeelakoan.

Hitzarmenak aipatzen duen bidegorriaren inguruan ere aritu da Buruaga. Izan ere, hitzarmenak «badagoen bidegorri bat berritzea» aurreikusten du, baina batzarkideak berak azpimarratu duenez, bidegorri hori ez da existitzen. EAJri leporatu dio «korridore ekologikoaren kontra doan azpiegiura berri bat planteatzen» ari direla eta zalantzan jarri du horrelakorik egitea legezkoa denik, Urdaibai Biosferaren Erreserba izanik, legedi zehatzak arautzen duelako.

Ricardo Vaquero Podemoseko batzarkideak azaldu duenez, hau «jendea kontuan hartu gabe egindako kudeaketaren» beste adibide bat da. Ingurumenaren mesedetan egingo diren neurrien alde agertu da, eta EH Bilduren proposamenaren alde bozkatu du.

PPko Diego Pagadigorriak abstentzioa hiru puntutan laburbildu du. Batzarkide honen ustez, 40 milioi euro ekarriko dituen hitzarmen baten aurka egotea «zentzugabea» da. Hala ere, argi ikusi du Guggenheimeko proiektuarekin duen lotura eta haren zehaztasunak jakin gabe alde edo aurka agertzea ausartegia iruditu zaio. Era berean, deigarritzat jo du tamaina horretako proiektu bat aurrera ateratzeko Diputazioak babes zabalagoa eskuratzeko saiakerarik egin ez izana: «Dena alderantziz egiten ari zarete».

PSEko José Alberto Álvarezi «gehiegizkoa» iruditu zaio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Diputazioak berak ingurumenari kalte egin diezaiokeen ekimenik martxan jartzen ari direla iradokitzea. Zalantzak piztekotan, dagokion batzordeetan eztabaidatzeko aukera dagoela aipatu du. Horregatik, kontrakotasun proposamenaren aurka bozkatu du PSEk.

Erantzun generikoa

EAJk Guggenheimen aferari erreferentzia zuzenik egin gabe erantzun dio EH Bilduren proposamenari. Irene Edesa batzarkideak koalizio subiranistari leporatu dio ikuspuntua hitzarmenaren edukiarekin zer ikusirik ez duten gaietan oinarritzea, Buruagak bere hitzartzean akordioa hitzez hitz aipatu badu ere. Hitzarmenak ingurumenaren aldeko neurriak aurrera ateratzea ahalbidetuko duela eta, EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu du EAJk.

Proiektuaren berri behar bezala eman ez izanari buruz, azaldu du badaudela partehartze prozesua behar bezala egiten dela bermatzeko tresnak, eta behar den garaian egingo dutela.

Proiektu polemikoa

Guggenheim Urdaibai proiektuaren berri eman zutenetik asko izan dira haren aurka mintzatu direnak, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma buruan dela.

Horren adibide da urriaren 28an Gernikan egin zuten mobilizazio jendetsua. Izan ere, Busturialdean kezka handia pizten ari den ekimena da, haren inguruko gardentasunik ezak eta Erreserbaren Biosferan izango duen eraginak hauspotuta.