INFO

EAJk eta PSEk Osasun Publikoaren Legea onartu dute batzordean, oposizioaren ezezkoarekin

Oposizioaren babesik gabe onartu dute EAJk eta PSEk Osasun Publikoaren Legea asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarraren Osasun Batzordean. EH Bilduk «osasuna politika publiko guztietan» ez duela txertatzen salatu du.

Asteazken honetan egindako Osasun Batzordea. (Eusko Legebiltzarra)

EAJk eta PSEk Osasun Publikoaren lege proiektua onartu dute, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk ezezkoa eman dioten bitartean. Legebiltzarrean tramitatzeko azken fasean dago, behin betiko onartu aurretik.

Gasteizko Legebiltzarreko Osasun Batzordeak baiezkoa eman dio asteazken honetan lege honen irizpenari, eta, aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen egingo da onartzeko osoko bilkura.

Taldeek asteazken honetan erakutsitako jarrerei eusten badiete, legeak Gobernua osatzen duten EAJren eta PSEren babesa eta EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren aurkako botoak jasoko ditu. Talde mistoa osatzen duten Ciudadanosek eta Voxek ez dute batzordean parte hartu.

EH Bildutik, Rebeka Uberak EAE «aitzindari izateko eta lege on bat izateko aukera galdu izana» deitoratu du. Taldeak ohar baten bidez salatu duenez, «osasuna politika publiko guztietan txertatu beharrean, lege berri hori arlo horretako zerbitzu eta prestazio batzuk arautzera mugatuko delako» bozkatu dute aurka.

«Lege honekin pandemiaren aurkako legean egindako akatsa zuzentzeko aukera geneukan, osasunaren ikuspegia politika publiko guztietan txertatzeko, baina, legearen abiapuntu teorikoa hori zen arren, tramitazioan zehar EAJk eta PSEk argi utzi dute legeak ez duela ezinbestekoa zen transbertsalitate hori izango, zerbitzu batzuen prestazioa arautu baino ez duelako egingo», kritikatu du Rebeka Uberak.

EH Bilduko legebiltzarikideak azaldu duenez, legeak herritarren osasunean eragiten duten mota guztietako faktoreak kontuan hartu beharko lituzke, «haien inpaktua neurtzeko eta, ondoren, horren araberako politikak egiteko, zuzendu beharrekoa zuzentzeko, konpromisoak eta ardurak zehaztuta». Izan ere, «Osasun Publikoaren oinarrian dagoen arazoa soziala izanik, konponbidea ere soziala izan behar da».

«Anbizio» falta

Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU), bere aldetik, legeari «anbizioa» falta zaiola adierazi du, genero kontuek eragindako osasun desberdintasunei aurre egiteko. Gainera, «arlo publikoaren zereginaren lidergo handiagoa» faltan bota du, eta administrazio publikoen betebeharretan «zehaztasun handiagoz» ez eragitea deitoratu du.

PPko Laura Garridoren ustez, bere taldeari onartutako zuzenketak «ez dira nahikoak», eta asteazken honetako kontrako botoa arrazoitzen dute, baina «oraindik negoziatzen jarraitzeko denbora» dagoela zehaztu du.

Akordioak lortzeko saiakerak

Elena Letek (EAJ) azpimarratu du bere taldea oposizioarekin akordioak lortzen saiatu dela, legea hobetzeko asmoz, eta, babesa lortu ez arren, hainbat ekarpen jaso direla.

Ildo beretik, Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak adierazi du testua hobetu egiten dela negoziatutako zuzenketekin, eta horien artean aipatu du Osasun Publikoaren Euskal Institutua sortzea aurreikusten duena. Nabarmendu du araua lehen urratsa dela osasunaren ikuspegia politika publiko guztietan txertatzeko.

Lege honek «erantzun integrala» eman nahi die azken hogeita bost urteetan osasun publikoaren arloan sortu diren behar berriei, osasun arloko desberdintasunak murrizteko helburuarekin, Lakuako gobernukideen arabera.

Osasun publikoko sistemaren konfigurazio berria planteatzen du, eta Lakuak eta osasun publikoan eragina duten aldundien eta udalen arloak koordinatzeko eta hainbat erakunde eta eragileren parte-hartzea bideratzeko organoak jasotzen ditu.