INFO

Emakumeek gizonek baino %13 gutxiago irabazten dute Europako Batasunean

Europar Batasunean emakumeek gizonek baino %13 gutxiago irabazten dute batez beste lan berbera egiteagatik, Europako Batzordearen arabera.

Soldata Berdintasunaren Eguna da azaroaren 15a. (EUROPAKO BATZORDEA)

Europar Batasunean (EB) emakumeek jasotzen dituzten soldatak gizonezkoenak baino %13 baxuagoak dira batez beste, Europako Batzordeak emandako datuen arabera. Asteazken honetan ospatzen den Soldata Berdintasunaren Egunaren harira eman du datua.

«Horrek esan nahi du gizon batek irabazitako euro bakoitzeko emakume batek 0,87 euro besterik ez duela irabazten», adierazi du Batzordeak ohar batean.

Beste era batera esanda, Europako Batasunean emakume batek egun gehiagotan lan egin behar du urtean gizonen diru-sarrera berberak lortzeko.

«Soldata Berdintasunaren Egunak adierazten du emakumeek urte amaierara arte zenbat egun gehiago lan egin behar duten urte berean gizonek irabazitakoa irabazteko», deitoratu du Europako Batzordeak.

Vera Jourova eta Helena Dalli Balio eta Berdintasunerako komisario europarrek adierazi dutenez, azaroaren 15ak «generoko soldata arrakalarekin bukatzeko ahaleginetan jarraitu behar dugula gogorarazteko balio digu».

«Lan beragatik edo balio bereko lanagatik soldata berdintasuna da EBren sorrerako printzipioetako bat», nabarmendu dute.

Bankuek generoko soldata arrakalaren berri eman beharko dute

Espainiar Estatuan, bankuek eta kredituko finantza erakundeek (KFE) beren plantilletako generoko soldata arrailaren berri eman beharko dute 2024tik aurrera eta hiru urtetik behin, Espainiako Bankuaren zirkular berriaren arabera. 

Espainiako Bankuak adierazi du erakundeek ordainsariei buruz eman beharreko informazioa bat datorrela Bankuen Europako Agintaritzak (EBA) aurreikusitakoarekin, diru-sarrera handienak dituzten kideen soldatak alderatzeko lanean.

2022ko ekainean, EBAk ordainsariei buruzko jarraibide berriak argitaratu zituen, Europako zenbait zuzentarauri jarraituz, ordainsariei buruz igorri beharreko informazioa eguneratzen eta zabaltzen duena.

Hala, soldatei buruzko informazioa arautzen duen legean aldaketak egin dira, erakundeak hiru urtean behin generoko soldata arrailaren berri ematera behartzeko.

Hala ere, erakunde txikiek eta «konplexuak ez diren» erakundeek ez dute txosten hori bidali beharko, ezta, banaka hartuta, 50 langile edo gutxiago dituzten erakundeek ere. Europar Batasuneko beste Estatu bateko erakunde nagusien filialak ere salbuetsita daude.