Jokin Altunaren sorbaldaren egoeraz ahaztu nahi dute kaiolako bi finalistek
Materialarekin inolako arazorik gabe, azmezketarrak onartu du lesioan hobekuntza bat nabaritu duela azken astean eta horretan ez pentsatzen saiatzen ari dela. Peio Etxeberriak ere uste du, kalterako izango dela bere aurkariaren gabezien inguruan aritzea.
Materialaren edo egoera fisikoaren aitzakiarik ez da izango igandeko Lau eta Erdiko finalaren ostean gaurko aukeraketan entzundakoaren arabera. Jokin Altuna eta Peio Etxeberria gustura agertu dira saskian aurkitu duten pilota sortarekin eta amezketarrak argi utzi nahi izan du, igandean galtzen badu, inork ez duela bere sorbaldaren inguruan hitz egiten entzungo.
Pilotei dagokionean, bi finalistak bat etorri dira aukeratutako laurak «oso antzekoak» direla nabarmentzerakoan, «horixkak eta biziak». Zenotzekoak aukeratutako bat agian desberdinagoa da, zuriagoa eta «bote gehiago» egiten dutenetakoa, ultzamarraren esanetan, «pixka bat denetarik egoteko eta beste aukera bat izateko».
Saskiarekin inolako arazorik gabe –oso azkar egin dute aukeraketa–, eguneko beste arreta puntua Jokin Altunaren ezker sorbalda hori nola dagoen jakitea izan da eta bai amezketarrak eta baita nafarrak ere, arreta jokora eraman nahi izan dute.
Gipuzkoarrak onartu du finalerdia jokatu eta lehen astea gogorra izan dela, larunbatean Bilbon izan zela entrenamendu bat egiten eta sentsazioak ez zirela batere onak izan. Asteartean, berriz, Tolosan egindako saioan hobekuntza nabarmendu zuen eta «igandean ondo egongo egongo naiz». Bihar beste saiotxo bat egiteko asmoa du Jokin Etxanizekin batera. «Nahiz eta hori hor dagoela jakin, egun hauetan sorbaldaz ahazten saiatzen ari naiz, gogo eta ilusio handia daukat finala jokatzeko».
«Igandean hemen badago, Jokin arazorik gabe etorriko da, hori pentsatu behar dut, bestela nire kontra etorriko zait. Ez dut zalantzarik arazoa izan duela, baina etortzen bada, Jokin oso on bat izango dut parean», aitortu du Zenotzekoak.
«Ez dut nire zein portzentajean etorriko naizen esan nahi. Izan ditut finalaren atarian oso ondo sentitu eta gero partidaren egunean nire maila eman ez ditudan egunak eta espero honetan alderantziz izatea. Une zailak pasa ditudan arren, indartsu sentitzen naiz», azaldu du Altuna III.ak.
Oldarkor, baina erabakietan erratu gabe
Eta finalaren gakoei buruz galdetuta, biak oldarkor jokatu beharraren garrantziaz aritu dira. «Sakea egin eta lehen aukeran aurrera etorriko da, boleaz ni estutzera eta badakit pilota altxatzen badut zer datorkidan. Bera oso sake errestatzaile ona da, baina ez banaiz aurrera joaten, ez banaiz oldarkorra izaten, irabazi egingo dit», azaldu du amezketarrak.
«Mugan aritu beharko dugu biok, baina prezipitatu gabe, aurrera egin eta okertzen bazara, ez dago atzera egiterik eta», arrazoitu du Etxeberriak.
Ohikoa izaten da halakoetan eta gaurkoan ere ezin falta faborito nor ikusten duten galdera. Hemen ere ez da ezustekorik egon eta biek nahi izan dute zama hori aurkariaren bizkarrean utzi. Lan horietarako, Jokin Altunak horretarako Peio Etxeberriak txapelketa guztian erakutsitako sasoia hartu du ardatz, eta ultzamarrak, ordea, amezketarrak halako partidetan duen esperientzia eta aurkariaren palmaresa.