INFO

Sardineron jokatuko du Athleticek Cayon taldearen aurkako Kopako kanporaketa

Argiztapenik ez dagoenez, ezinezkoa da Cayon taldearen ohiko zelaian aritzea. Izan ere, abenduaren 7aren gaueko 21.00etan jarri dute ordutegia. Santandergo Racing taldearen etxean jokatzeko asmoa agertu zuten talde kantabriarreko arduradunek eta ostegun honetan berretsi da erabakia.

Sardinero estadioa Santanderren dago. (www.realracingclub.es)

Zale zuri-gorriek Athletic babesteko aukera izango dute Kopako bigarren kanporaketan. Cayon taldearen aurkako partida Santanderren jokatuko da, Sardineron, hain zuzen ere. 22.000 ikusle sartzen dira bertan.

Cayonen ohiko zelaian ez dago argiztapenik eta ezinezkoa izango da bertan aritzea. Izan ere, abenduaren 7aren gaueko 21.00etan jokatuko da norgehigoka eta telebistaz emango du zuzenean Movistarrek.

Athleticek 2016an jokatu zuen azken aldiz Sardineron partida ofizial bat. Kopako kanporaketa bat izan zen, eta 1 eta 2 irabazi zuten zuri-gorriek joanekoan Raul Garciak egindako bi golei esker. Ligan egindako azken bisita 2012an izan zen eta garaipena eskuratu zuen talde bilbotarrak Toquerok egindako gol batekin (0-1). Bestalde, 2019ko udan lagunarteko bat jokatu zuten Santanderren eta zuri-gorriek galdu egin zuten (2-1).

Sardineron jokatuko ez balitz, Torrelavegako Gimnasticaren zelaia izango litzateke beste aukera. 6.000 lagun sartu daitezke El Malecon izeneko estadioan.

Bestalde, Athleticek Lezaman entrenatu du gaur goizean. Lesionaturik dauden Paredes, Yuri, Herrera eta Yerayk ez dute taldekideekin batera burutu lan saioa. Bilbao Athleticeko atezaina da Alex Padillak lehen taldearekin entrenatu du.

Beste euskal taldeen ordutegiak

Atzo zozketatu ziren Madrilen Kopako bigarren kanporaketako neurketak. Athleticen ordu berean jokatuko du bere kanporaketa Sestao Riverrek Celtaren kontra. Abenduaren 7ko gaueko 21.00etan, hain zuzen ere. Eibar ere egun berean arituko da Melillaren zelaian iluntzeko 20.00etatik aurrera.

Gainontzeko euskal taldeek abenduaren 6an, asteazkena, jokatuko dute. Alaves eta Reala arratsaldeko 16.00etan arituko dira Terrasa eta Andratx taldeen kontra, hurrenez hurren. Valle de Egues nafarrak, berriz, 19.00etan hasiko dira Mallorcaren kontrako kanporaketa. Ordu berean abiatuko da Amorebieta Levanteren zelaian. Kopako jardunaldia Tudelanok amaituko du gaueko 21.00etan Las Palmasen aurka.