INFO

Bi enpresa auziperatu dituzte Baionan, Zaldibarrera hondakinak ilegalki eraman izana egotzita

Baionako Auzitegia delitu ekologikoen aurkako zerbitzuaren egoitza bilakatu ondotik, lehenengo auzia aztertu dute aste honetan. Lapurdiko bi enpresaren arduradunen kontra isunak eskatu dituzte Zaldibarko zabortegira hondakinak legez kanpo eramateagatik.

Baionako Epaitegian aztertu zuten hondakinen gaineko auzia, azaroaren 16an. (Guillaume FAUVEAU)

Zaldibarko zabortegira hondakinak legez kanpo eraman al zituzten Ipar Euskal Herritik? Hala uste du Baionako Auzitegiaren Fiskaltzak eta horregatik isun gogorrak eskatu ditu, aste honetan bertan, Lapurdin bere egoitza duten bi enpresen ustezko legez kanpoko jokabide hori zigortzeko.

Baionako epaitegia delitu ekologikoen aurkako zerbitzuaren egoitza bilakatu ondotik lehenengo auziak aztertu zituzten ostegunean, azaroak 16.

Hain zuzen, hondakinen bilketa, garraio eta tratamenduaren alorrean jarduten duten enpresa bi eseri ziren akusatuen aulkian.

Lehenak, Etcheverry-Mindurryk, Basusarrin du egoitza eta bigarrenak, Artola CBAk, Donibane Lohizunen. Ingurumenaren aurkako delituarengatik ikertu dituzte biak.

Fiskalak defendatu zuen txostenaren arabera, bien artean 22.000 tona hondakin eraman zituzten Hego Euskal Herrira.

2020an bi langile hil ziren zabortegian

Hondakin horien zati bat ingurumenaren gaineko legeak aplikatuz berbalorizatu zitzaketen enpresa horiek. Hori egin ordez, «frantziar eta espainiar agintariei deus jakinarazi gabe» hondakinak 2020an istripu larria ukan zuen Zaldibarko zabortegira –amildu egin zen eta bi behargin hil ziren– eraman zituzten.

2021ko urtarrilean eginiko inspekzio batean, Etcheverry-Mindurry enpresan sartu eta irten ziren hondakinen gaineko erregistro fidagarririk ez zutela agerian jarri zuten ikuskatzaileek.

«Frantziar eta espainiar ordezkariek» elkarrekin eginiko ondorengo ikerketak erakutsi zuenez, «ezinezkoa zen aipaturiko ni enpresetako arduradunek ezer ez jakitea hondainen horiek eginiko ibilbideari buruz», ez eta «hondakinak Zaldibarren uzteko asmoari buruz».

Bidasoaren bi aldeen artean nabarmena da preziotan dagoen aldea, «15 eta 20 eurokoa hondakin tonako». Horren gainean galdera zehatza luzatu zien epaimahaiaren buru gisara jardun zuen Emmanuelle Adoule epaileak bi enpresetako arduradunei.

Haien isiltasuna urratu nahirik, «zuen sektorean inork ez daki deus hondakinen nazioarteko trafiko horri buruz; inork ez du deus erraten afera horri buruz?», galdetu zien jujeak.

Epaitegiaren ustez bada beste datu susmagarri bat: Baionan auzipetu dituzten bi enpresek hondakinak garraiatzeari utzi zioten 2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegia amildu zen egunean.

«Erran nizun ba, espainiarrekin jokatzeari utzi behar zeniola»

‘Mediabask’ astekariak plazaraturiko informazioaren arabera, audientzian zehar entzunarazi zuten telefono grabazio batean ezezagun batek Etcheverry-Mindurry enpresako buru den Jacques Etchalusi horri buruz oharra hau egin zion: «Erran nizun ba, espainiarrekin jokatzeari utzi behar zeniola».

Auzipetuak, ordea, «enpresa txikia da gurea, baliabide gutxi dituena eta fede onez jokatzen dugu» azaldu zuen audientzian. Bigarren enpresaren arduradunak, Denis Artolak, ildo beretik jo zuen, hondakinekin gertatu zenaren jakin gainean ez zela nabarmenduz.

Biak errugabetzea eskatu zuen defentsak. Prokuradoreak, ordea, 200.000 euroko isuna –horietatik 50.000 ordaindu beharrik gabe– galdegin zuen Basusarriko enpresaren kontra eta 150.000 euroko isuna Artola CBA enpresarentzat –horietatik 50.000 oraindu beharrik gabe–.

Prezio aldea handia Bidasoaren alde bien artean

Cade ingurumenaren aldeko kolektiboak, bestalde, 100.000 inguruko isuna galdetu du kalte-ordain gisara.

Akusazio zibila aurrera eramaten duen kolektiboaren abokatua den François Ruffiek auziaren testuinguru orokorrari heldu zion, Bil Ta Garbi sindikatuak kudeatzen dituen hainbat instalazioetan ekoizpen maila apala dela «aski hondakin ez zaielako iristen» gogoratuz. 

«Dirua kontua da, dirudienez eskaintza interesgarriagoak badira hemendik kanpo» azaldu zuen, Hego Euskal Herria helmuga duen hondakinen garraioari aipamen eginez.

Abokatuak borobildu zuenez, «Euskal Herriak hondakinekin duen gaitza larria da».

Auziari buruzko emaitza 2024ko urtarrilaren 18an jakitera emango du Baionako Auzitegiak.