INFO

59.000 eskaera baino gehiago jaso dira EAEn haurrak hazteko diru laguntza berrirako

Lakuako Gobernuaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak 58.891 eskaera jaso ditu dagoeneko, seme-alabak hazteko laguntza berrirako. Irailean eta ordutik aurrera jaiotako umeen gurasoek badute oraindik ere laguntza eskatzeko epea.

Emakume bat ume batekin. (Jesús HELLÍN | EUROPA PRESS)

Lakuako Gobernuaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak azaroa baino lehen 58.891 eskaera jaso zituen seme-alabak hazteko laguntza berrirako. Hain zuzen ere, urriaren 31n bukatu zen laguntzak indarrean sartu aurreko jaiotzei atzeraeragina aplikatzeko epea, urtarrilaren 1etik aurrerakoa edo, bestela, jaiotzaren hilabetetik aurrerakoa.

Azarotik aurrera, familiek hiru hilabeteko epea daukate, umearen jaiotze datatik aurrera, eskaera egiteko. Horrek esan nahi du abuztuan jaiotako haurren gurasoek azaroan eska dezaketela laguntza, baina abuztua baino lehen jaio zirenen gurasoei epea bukatu zaie dagoeneko. Epe horretan egiten ez bada, dokumentazioa aurkezten den egunetik aurrera emango dira laguntzak, ez jaiotza datatik abiatuta, adingabeak 3 urte bete arte edo, familia ugarien kasuan, 7 urte izan arte.

Aurkeztutako eskabide guztietatik, 8.726 laguntzak ematen dituen dekretu berria indarrean sartu ondoren jaiotako umeei dagozkie, hau da, 2023ko martxoaren 1a baino lehen jaiotako 50.165 adingaberen gurasoek ere eskatu dute laguntza.

Lakuako Gobernuak zehaztu duenez, onuradunek 200 euroko ordainketa jasoko dute hilero, adingabeak 3 urte bete arte, eta hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, 100 euroko laguntza gehigarria egongo da hilean, 3 urtetik 7 urtera arte.

Urria amaituta, 46.849 familiak jaso dute umeak hazteko laguntza edo jasotzear daude. Horretarako, Lakuak 69,5 milioi euro bideratu ditu dagoeneko. 2024ra begira, ia 118 milioi euroko aurrekontua du laguntza horiei aurre egiteko.

Adinaren baldintzak betetzen dituzten euskal familia guztiek hilero jaso ahal izango dute beren kargura duten seme-alaba bakoitzeko laguntza, dela jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazioagatik edo tutoretzagatik. Laguntza eskatzearen arrazoia den seme-alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendetasun-egoera aitortuta badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira.

Hileko laguntza jasotzeaz gain, erditze anizkoitzek eta adopzio anizkoitzek ezohiko laguntza jaso ahal izango dute. Ordainketa bakarreko laguntza da. Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio anizkoitzaren seme-alaba kopuruaren arabera ezarriko da, bai eta familia-errenta estandarizatuaren arabera ere.

Laguntza telematikoki eska daiteke – horretarako, beharrezkoa da identifikazio-baliabide bat izatea, laguntza bide horren bidez eskatu ahal izateko –, edo aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuaren ordezkaritzen bidez – EAEko hiru hiriburuetan –, posta-bulegoen bidez edo udalen bidez. Informazio gehiago nahi duten familiek 945 062 040 telefono-zenbakiaren edo umeak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez egin dezakete.