INFO

«Erabileraren arora jauzi egiteko» lan ardatzak onartu ditu Euskaltzaleen Topaguneak

Euskaltzaleen Topaguneak Arrasateko Juan Arzamendi Musika Eskolako auditorioan hirugarren kongresua egin du larunbat honetan. Zuzendaritzak proposatutako estrategia berria aho batez onartu dute bazkideek.

Kongresua Arrasaten egin dute. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Topaguneko elkarte bazkideekin eta hainbat instituzio eta erakundeetako ordezkarien aurrean larunbat honetan Arrasaten egindako bere 3. Kongresuan, aro berri bati ekitea ebatzi du Euskaltzaleen Topaguneak.

Aro berri horrek «euskararen erabileran goranzko jauzi bat ematea» du helburu, eta hori lortzeko hurrengo hamarkadarako Topaguneko zuzendaritzak proposatutako helburu eta estrategia berriak aho batez onartu dira Kongresuan.

Egungo gizarteak planteatzean dituen erronkei aurre egiteko asmoz, 5 ardatzetan zentratutako «estrategia berritzailea» landu du Topaguneak hurrengo urteetarako. Ardatz horietan lehena da mugimendu euskaltzale «eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea» eta herritarrak ahalduntzea, «nazio mailan zein tokian toki».

Bigarrena harreman sare sendoak izatea da, askotariko eragile eta mugimenduekin. Hirugarren ardatza euskal identitate «askotariko, ireki eta inklusiboa» sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi eta gizarteratzea litzateke.

Laugarrena euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko, ekimenak plazaratu eta eragitea da eta, bosgarrena eta azkena, erabileran jauzia emateko akordio soziopolitiko-instituzional berriak bultzatzea.

Euskara «bidegurutzean» dela iritzita, euskararen biziberritze prozesuak gizarte osoaren inplikazioa eta bultzada behar duela adierazi du Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneako zuzendariak: «Gizarteko aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko».

Etorkizunean euskaraz «erosotasunez bizitzea ahalbidetuko duen jauzia» eman dadin, euskal hiztun komunitatearen iruditeria eguneratzea proposatzen du Topaguneak: «Euskal hiztun komunitatea asko aldatu da azken urteotan, bada, askotariko hiztunentzat baliagarria izango den iruditeria eta diskurtso inklusiboak eta dinamikoak sustatuko ditugu Euskaltzaleen Topagunetik».

Askotariko espazioa

 Euskal Herri osoko 100 elkartek osatzen dute Euskaltzaleen Topagunea. Lurralde osoan barreiatutako 70 euskara elkarte daude batetik, 15.000 bazkidetik gora biltzen dituztenak. Bestetik, hainbat Kulturgune, Tokikom-en sarean integratutako toki komunikabideak eta aisialdian jarduten duen Kukulaisi elkartean bildutako taldeak, biltzen dira Topagunean.

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneako lehendakaria, pozik eta harro azaldu da Kongresuaren emaitzekin: «Euskal hiztun komunitateak unean uneko desafio berriei aurre egin eta berritzeko sekulako indarra duela erakutsi du aldiro eta bide horretan sakondu nahi dugu hurrengo hamarraldian».

Aldi berean, euskararen erabilera handitzeko akordio sozio-politiko berriak eraiki beharraz mintzatu da Iciar: «Euskaltzaleen Topaguneak abiatuko duen etapa berrian, Euskal Herriko eremu ezberdinetara egokitutako akordio berriak gara daitezen eragingo du eta akordio horietarako ekarpenak egitea izango da erakundearen lehentasunetako bat».