«Ezezko borobila» eman dio Euskal Eskola Publikoaren gehiengoak Hezkuntza Legearen proiektuari
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak «ez» esan dio datozen asteetan Gasteizko Parlamentuak onartu nahi duen Hezkuntza Legearen proiektuari. «Babes sozialik gabea eta adostasun eskaseko legea da. Hurrengo hamarkadetarako estrategikoa beharko lukeena ahula da jatorriz».
Azaroaren 29an, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ontzat eman nahi du Hezkuntza Legearen proiektua, bere onarpenerako bide emateko. Hori dela-eta, Euskal Eskola Publikoaren gehiengoaren ordezkariek, Hezkuntza Legeari «ezezko borobila» eman diote gaur Gasteizen egindako bozketa sinboliko batekin.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneaak «erabateko desadostasuna» adierazi du lege honen aurka. «Ez dute aintzat hartu sare publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunon proposamen bat ere», adierazi dute.
Izan ere, onartzear dagoen Hezkuntza legea «gizarteari egiten zaion iruzur handia» dela iritzi dute. «Babes sozialik gabea eta adostasun eskaseko legea da. Hurrengo hamarkadetarako estrategikoa beharko lukeena ahula da jatorriz», adierazi dute.
Era berean, «hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe» egin den legea dela salatu dute, hain zuzen ere, «Eskola Publikoaren kaltetan» egindakoa dela. «Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio, Eskola Publikoaren izenean esandako guztiari», gehitu dute.
Nabarmendiu dutenez, «hezkuntza-sistemaren pribatizazioan sakontzen duen legea da, sare publikoa eta pribatua berdinduz. Sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen dien bitartean, eskola publikoa bazter uzten du finantzazio planik ezean». Aldiz, «ez die erantzuten hezkuntza-sistemak dituen erronkei, ez du neurri eraginkorrik proposatzen eskola-segregazioari aurre egiteko, ezta ghetto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere, ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen eta hizkuntza-ereduek indarrean jarraituko dute eta ez du ezer zehazten segregazioaren, euskalduntzearen eta laikotasunaren inguruan, eta zelaia libre uzten du autonomia faltsu baten izenean, ikastetxeen arteko lehia bultzatzeko, merkatuaren logika hutsean».
Haien aburuz, «soilik itunpeko sarearen interesei erantzuten dien legea» da, eta «sare pribatura bideratzen ditu ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak».
Horregatik, «oinarrizko eskubideen eta gizarte-kohesioaren izenean, Eskola Publikoa lehenetsi dezatela» exijitu diete alderdiei, eta «beharrezkoak dituen baliabide guztiekin hornitu dezatela irakaskuntzako zerbitzu publikoa sistemaren ardatza bihurtu dadin, pribatizazioak eskubideen urratzea dakarrelako beti».