INFO

Gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala prestatu du EAEko Autoeskolen Federakuntzak

Gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala prestatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Autoeskolen Federakuntzak, Lakuako Gobernuaren babesarekin. Ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena ateratzeko euskarazko materiala sortu dute eta eskuliburuak eta online ikasteko euskarriak jarri dituzte eskura.

Ikasle bat, gidabaimenerako azterketa teorikoa prestatzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Autoeskolen Federakuntzak gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko materiala prestatu du, Lakuako Gobernuaren babesarekin. Asteazken honetako aurkezpenean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta EAEko Autoeskolen Federazioko presidenteorde Pedro Davilak hartu dute parte. Egin duten lanari esker, ziklomotor eta kotxeetarako gidabaimenak euskaraz atera daitezke eta, gainera, autobus eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala laster prest izango dutela azaldu dute.

Lankidetza lau helbururekin burutu dutela azaldu dute aurkezpenean: «Gidabaimenak euskaraz ateratzeko aukerak bermatzea; bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea; euskaraz formazioa eman ahal izateko euskarazko material espezializatua arloko profesionalen eskura jartzea eta proiektua bizirik mantentzea, eguneraketak eta berrikuntzak txertatuz».

Zupiriak adierazi duenez, «egitasmo honen funtsa eragileen arteko lankidetzan oinarritu da. Udalerri askok hamarkada bat baino gehiago daramate gidabaimenak euskaraz eskaintzeko ahaleginean».

Bestalde, Davilak «aspaldiko irrika» bat azkenean egia bihurtzea ahalbidetu duten hiru alderdiak nabarmendu ditu: «Bata, Hizkuntza Politikaren konpromisoa; bestea, lantalde fidagarria osatu izana; eta azkenik, Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazioaren konpromisoa».

Lankidetza honekin gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortu nahi dute, batik bat gazteen artean. Horretarako, prozesu «entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea» diseinatu dute. Guztira 4 eskuliburu prestatu dituzte, bai paperean eta baita online formatuan ere. B baimenaren kasuan bi eskuliburu egin dituzte, bat laburtua paperean inprimatuko dena eta bestea osoa, informazio osatuagoa jasotzen duena online formatuan. Besteak paperean eta online egongo dira eskuragarri.