Lointek Gernika Bizkaiak Montpellierri irabazteko gaitasuna baduela erakutsi nahi du
Malosten 69-70 galdu arren talde frantsesaren aurka, D multzoko lidertza eskura izan lezake baldin eta puntu alde eskas horri buelta emateko kapaz bada. Montpellier dagoeneko sailkatuta dago eta, hala, erlaxaturik atera liteke kantxara.
«Malosten puntu bakarraren aldeaz galdu genuen Montpellierren aurka eta, tira, horri buelta emateko gogoz goaz. Han puntu aldea gainditzen badugu, multzoko buru izan gaitezke», adierazi du Marta Alberdik, Lointek Gernika Bizkaiak Eurocupeko multzoen faseari berrekin bezperan.
Egia da, jakina den legez, bizkaitarrek talde frantsesari Malosten irabazteko aukera aparta pasatzen utzi zutela joaneko partidan. Azken minutuetara aurretik iritsi arren, une horietan ez zuten markagailuko buruzagitza mantentzen asmatu eta bai, ordea, Toure hegalekoak erabakigarri izango zen hirukoa asmatzen neurketa amaitu baino segundu gutxi lehenago. Alabaina, Lucas Fernandezek entrenatzen duen taldeak erakutsi zuen Montpellierri aurre egiten adina talentu baduela eta lehenengo minutuetako urduritasunak gainditu ostean, aurkariari begietara begira joka zezakeela ikusi zuen.
Oraindik hurrengo faserako sailkapena ez du lotu Lointek Gernika Bizkaiak, baina era berean, D multzoko aurreneko postuan amaitu lezake. Poloniako Sosnowiec taldea izango du aurrez aurre datorren astean, baina ostegun honetan 20.00etatik aurrera Montpellierrekikoak egin beharko ditu lehenbizi «Badakigu nolakoak diren talde frantsesak: oso joko fisikoa egiten dute eta lehenengo momentutik partidan sartuta egon beharko dugu», ohartarazi du Marta Alberdik jokatu bezperan. Era berean, hegaleko gernikarrak garbi esan du «halako taldeen aurka badugu eskarmentua eta badakigu nola jokatu behar dugun».
Egia da baita ere Montpellierrek ez duela askorik jokoan. Lointek Gernika Bizkaiak baino partida bat gehiago jokatu du eta hirurak eraman dituenez, hurrengo faserako txartela eskuan dauka. Ondorioz, agian ohi baino erlaxatuago kantxaratu litezke etxeko jokalariak eta aukera gehiago izan dezakete sorpresa emateko, beti ere mailarik onena emanez gero.
Esan behar Montpellier Estatu frantseseko ligan laugarren postuan dagoela, 5-2 balantzearekin, pasa den igandean Angersen kantxan 72-86 irabazi eta gero. Egia da Montpellierrek zazpi edo zortzi jokalariko errotazioa besterik ez darabilela eta Angersen aurka ere, hasierako bostekoak –Jenkins, Toure, Alston, Bernies eta Liskensek osatua– 25 minutu edo gehiago jokatu zituela. Nolanahi, guztiek ere gutxienez 13 puntu sartu zituzten. Beraz, gernikarrek badakite bosteko hori gelditzen izango dute lanik zailena.