INFO

‘Polloekoak’ ondu du Fito Rodriguezek, ustelkeria salatzen duen eleberri beltza

Fito Rodriguezek ‘Polloekoak’ eleberri beltza ondu du. Ustelekeria salatzea izan du helburu, baina eleberriko pertsonaien bidez. Ostegunero mendira joateko elkartzen den lagun taldearen istorio eta ikuspegiak txirikordatu ditu.

Fito Rodriguezek ‘Polloekoak’ eleberria aurkeztu du asteazken goiz honetan. (Jagoba Manterola | FOKU)

Asteazken goiz honetan aurkeztu du Fito Rodriguezek ‘Polloekoak’ eleberri beltza, bere literatur ibilbidean «erregistro berri» bezala definitu duena. «Iruzurkeria eta ustelkeria salatu beharra dago, eta liburu honetan, batez ere De Miguel kasua landu dut», adierazi du aurkezpenean. Baina ez da erraza izan Rodriguezentzat liburu hau argitaratzea, bere hitzetan, «ohiko argitaletxe komertzialek ez dituztelako maite horrelako liburuak». Azkenean, DDT liburuak argitaletxe autogestionatuarekin plazaratu du.

Orain artean, sarritan, «saiakela» gisa definitutako liburuak idatzi dituela kontatu du aurkezpenean Rodriguezek, «saiakera oinarri duten nobelak, edo nobelatutako saiakerak», zehaztu du, baina «orainaldiko literatura egin ahal izateko», erregistro berrietan «arriskatu» behar dela uste du. Ustelkeriaren kasuak «kokatzea merezi du» idazlearen ustez, eta literatura horretarako baliatu daitekeela onartu du, lehenago Alfonso Sastrek edota Txillardegik egin bezala.

Esaldi berarekin hasten da eleberria, eta baita amaitu ere, Polloeko hilerrian dagoenarekin: «Laster esango da zuengatik esaten ohi dana orain gugatik». Izatez, heriotzari egiten dio erreferentzia esaldiak, baina Rodriguezek ustelkeriarekin ere lotu daitekeela esan du, «denak inplikatzen gaitu, denok egon gaitezke zikinduta, horregatik izan behar dira begiak erne».

Teles eta lagunak

Teles da eleberriko protagonista, lehenago eman izan dio bizitza Rodiguezek Telesi. Udalbiltzak antolaturiko Geuretik Sortuak sormen bekan sortu zuen, errefuxiatu politikoa da, eta herrira, Zumaiara, itzultzen da zahartutakoan. «Asko maite dut pertsonaia hori, eta berreskuratu egin dut». Ostegunero Polloeko hilerrian elkartzen da lagun talde bat mendira joateko, eta hantxe egoten da Teles.

Mendiko solasaldietan korapilatzen dira pertsonaien ikuspegiak eta istorioak idazlearen arabera, «azpian badauka hari bat, baina istorio ezberdinak txirikordatzen dira». Aipatu du, lehenago ere landu izan dituen gaiak agertzen direla hausnarketa eta istorioetan zehar, hala nola, egiaren eraikuntza eta egia judiziala, historia/istorioak, boterea, polizia eredua eta Ertzaintza... Rodriguezen ustez, «ez dugu behar adinako tresnarik egungo mundua ulertzeko», eta gizartea ulertzeko baliabideak edota tresnak ematen ahalegindu da eleberrian zehar.

Aipatu bezala, mendian dabiltzala ematen dira hausnarketa asko, eta idazleak irakurlea benetan eraman nahi izan du liburuan barna txango horietara. Aurreratu du eleberrian ageri diren txangoen nondik norakoak aurki jasoko direla Udalbiltzaren webgunean, ‘lurgida’ atalean. Gaineratu du, ibilbidea aurkezteaz gain, eleberrian bertan jasotzen diren zenbait istorio ere bilduko dituela webguneak.

Euskal literatura

Liburuaren aurkezpenetik abiatuta, euskal literaturaren inguruko hausnarketa ere plazaratu du Rodriguezek: «Euskaraz argitaratzen diren gauza gehienak kalitate handikoak dira, ez dira komertzialak». Bere aburuz, euskal literaturan inor gutxik begiratzen dio merkatuari, eta ondorioz, kalitate altuko lanak argitaratzen dira. Baina kasu, «ez da erraza edozer argitaratzea», eta bere adibide pertsonala jarri du.

Garai batean ezin zela torturaz idatzi esan du, eta egun ustelekeriaren inguruan argitaratzea «oso nekeza» dela aitortu, hori dela eta jo zuela berak DDT liburuak taldera. 1989az geroztik editatu eta banatzen duen talde autogestionatua dela azaldu du, eta Durangoko Azokan ere parte hartuko dutela: Sare Antifaxista, AHTrik ez, eta Katakrakekin batera DA! autogestionatuan egongo dira.

Idazlearen iritziz «mota guztietako idazkuntza» behar da euskaraz. Eta ondorioz, ohiko argitaletxeak zein DDT taldea bezalakoak beharrezkoak eta osagarriak direla nabarmendu du.