INFO

PPk Donostian afari solidarioak debekatzeko egin duen proposamena atzera bota dute

Donostiako Egia auzoan ematen diren afari solidarioak debekatzeko PPk aurkezturiko proposamena atzera bota dute Osoko Bilkuran ostegun honetan. Planteamendu arrazista bat duela leporatu diote ekimen honetako kideek, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.

Afari solidarioen ekimeneko kideen protesta Donostiako Udaletxean. (@Agus08414035)

Donostiako Udalbatzarrak atzera bota du PPk afari solidarioak debekatzeko aurkezturiko mozioa, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Donostiak ezezko borobila eman diotelako.

Aste honetan, PPk Egia auzoko postontzietan 3.000 gutun zabaldu ditu segurtasun ezaren aitzakiarekin hainbat proposamen plazaratuz. Horien artean, behar larrian daudenei afaria emateko herri ekimena debekatzeko zegoen. Hori da gaur PPk Donostiako Udalbatzarrera eraman duen mozioaren edukina eta zentzua.

PPren eledun Borja Corominasek proposamen hau defendatzeko ekimen honek espazio publikoa erabiltzeko baimenik ez duela eta elikagaiak manipulatzeko araua ere ez duela betetzen nabarmendu du. Horrek «arazoak» sortzen ditu, PPren arabera. Donostiaren «irudia» ere kaltetua dela aipatu du, «hemen gosea pasatzen duen jende iladarik ez dagoelako».

Elkartasunaren kontrako mehatxua

Debekuaren mehatxua salatzeko herri ekimen honetako partaideak izan dira Udalean, PPren proposamenaren oinarrian arrazismoa dagoela nabarmanduz. Honekin batera, Udalak behar larrian daudenei zerbitzu hau eskeintzen ez duenez, herri ekimenarekin erantzutera behartuak izan direla gogoratu dute.

 

Juan Karlos Izagirrerentzat (EH Bildu) ere PPren diskurtsoa «xenofoboa eta antisolidarioa da». Honekin batera, ekimen honen bultzatzaileen lana txalotu du. «Eredugarriak dira. Zigortu ez, eskertu egin behar da egiten duten lana», nabarmendu du.

Elkarrekin Donostiak ere ekimen solidario bat kriminalizatzea leporatu dio PPri.

EAJk, berriz, ez du PPren mozioa onartu, «Egian arazo bat dagoela» adierazterako orduan alderdi honen diagnosiarekin bat egin.

Corominasen haserrea

Corominas haserre azaldu da PPri arrazista izatea leporatu diotelako. Hori dela eta, «PP racista» leloa zuten kartelak eramaten zituztenak identifikatzea eskatu du.