INFO

Hondarribiko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du

Hondarribiko Udalak, ostegun arratsaldean eginiko osoko bilkuran, UEMAko kide izatea onartu du. Abendutik aurrera UEMAko 104. udalerria bihurtuko da.

Osteguneko osoko bilkura Hondarribiko Udalean. Bertan erabaki zuten UEMAko kide izatea. (UEMA)

Azaroko osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalak eta aztergaien artean zuen UEMAko kide izateko eskaera onartzea. Erabakiaren alde egin zuten Abotsanitz (7) eta EH Bilduko (2) zinegotziek, EAJko 6 zinegotziak abstenitu egin ziren eta PSEko bi zinegotziek erabakiaren aurka bozkatu zuten. Horrenbestez, gehiengoz, Udalak UEMAko kide izatea onartu zuen.

Hondarribiak 16.904 biztanle ditu eta euskaldunen indizea %72,8koa da. Nolanahi ere, mugakide dituen Irun eta Hendaiarekin batera 90.000 biztanleko metropoli-eremua osatzen du Txingudin, eta hor erdaren eragina nabarmena da.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohar batean azaldu duenez, azken datu soziolinguistikoen arabera, udalerri euskaldunen lurgunera gehitzen ari diren hainbat udalerriren tipologian bete-betean sartzen da Hondarribia: euskararen ezagutzak gora egin duenez euskaldunen indizeak ere gora egin du, eta hori %70etik gorakoa denez udalerri euskaldunen multzoan dago orain. «Baina euskara dakiten herritarren zati handi batentzat euskara ez da ohiko lehen hizkuntza, eta horrek gero eragin handia du erabileran eta hizkuntza ohituretan, bai etxean eta baita kalean ere».

Horregatik, erabileran ere eragiteko, «giltzarria da herritarren ahalduntzea eta kontzientziazioa, eta horretan UEMAren lana eta esperientzia bidelagun hartu nahi izan ditu Hondarribiko Udalak atzo hartutako erabakiarekin», nabarmendu du.

UEMAk abenduaren 16an egingo du urte amaierako batzar nagusia, Orion, eta beste hainbat konturen artean, UEMAko kide izateko eskaera berriak aztertuko dituzte batzarkideek. Eskaera horiek onartuta, Hondarribia UEMAko kide bihurtuko da, zehazki, UEMAko 104. udalerria izango da. Guztien artean 322.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.