INFO

‘Moby Dick’-en euskarazko itzulpen berria, Juan Garziaren eskutik

Balea Zuria argitaletxearen aspaldiko nahi bati helduta, Herman Melvilleren ‘Moby Dick’-en euskarazko itzulpen berria egin du Juan Garziak. Eleberrian, euskal kostaldean aski ezaguna den balearen ehizarekin egingo du topo irakurleak.

Juan Garzia itzultzailea. (Maialen Andres | FOKU)

Orain sei urte sortu zen Balea Zuria argitaletxea, hain zuzen ere Herman Melvilleren literaturako klasikoari gorazarre eginez. «‘Moby Dick’ euskaraz argitaratzea hainbatetan otu zaigu, eta Juan etorri zitzaigun itzulpena nahiko aurreratua zuela esanez», ospatu du Juan Ramon Makuso editoreak itzupenaren aurkezpenean. Azken urteetan, udararo Melvilleren eleberria irakurri izan duela aipatu du Makusok, «baina beti gazteleraz», eta beretzat liburuak «azalpen literariotik kanpo, etikarekin ere bidaia oso handi bat» duela nabarmendu du.

Makusok gogora ekarri du euskal kostaldeak balearen arrantzarekin izan duen lotura estua, eta edizioaren finantzaketarako Hondarribiako Udalaren laguntza izan dutela azaldu du.

Bere aldetik, Garziak aipatu du Melvilleren testuaz «luze» hitz egiten duela liburuaren hitzaurrean eta, beraz, aurkezpenean «liburua atzitzeko nire itsasaldiaz» aritzera deliberatu da. Kontatu duenez, Legazpin jaioa bada ere lotura estua du Hondarribiarekin, urte luzez bertan bizi izan baita, «eta Hondarribiako koadriletan ibilia naiz, hango arrantzale zahar eta gazteekin. Ezagutu dut itsas giro hori, arrantza giro hori».  Bermeon ere emanak omen ditu urte batzuk, «eta tarte horietan ezagutu ditut oihuka kantatzen genituen kantuak, baita Orioko balearenak ere, jakina».

Euskal kostaldeko herri askotako armarrietan ageri den euskal baleari ere egin dio aipamen. «Balea horren txikizioan zerikusi handia izan dugu euskaldunok», esan du, eta liburua idatzi zeneko garaiaz ere aritu da.

«XIX. mendearen erdialdean, balearen eta bereziki zeroiaren ehiza edo arrantza industria nagusienetakoa zen. Eta kokatu beharra dago gaur egun petroleoa litzatekeen hori bezala: itsasoa zen meategi nagusia, handik arteratzen diren kandelak, olioa argiztapenerako... Gailurrean zegoen, eta bat-batean gainbehera etorriko da». ‘Moby Dick’-en bertan, «norbaitek esaten du entzu duela Michiganen lur-azpitik atera dutela olioa», egin du aipamen.

Irakurleak, balearen ehizaren mundu hori aurkituko du berriro ere ‘Moby Dick’-en edizio berritu honetan.